Garapenaren antolatzaileak
Hik Hasiko urriko “Haurraren Garapenaren Antolatzaileak” jardunaldian Hazitegikook aukera izan genuen Myrtha Chockler-ekin mahaia partekatzeko, baita garapenaren antolatzaileen inguruko inpresioak elkarbanatzeko ere. Ekarpen honetan gure balorazio txiki bat helarazi nahi genuke.
Myrtha Chockler-ek garapena definitu zigun barneko eraldaketa terminoetan. Garapen honen giltzarri bezala aurkeztu zizkigun bost antolatzaileak: atxikimendua, komunikazioa, esplorazioa, orden sinbolikoa eta ziurtasun korporala. Hazitegitik saiatu ginen antolatzaile horiek eskola testuinguruan egunerokotasunean nola ematen diren irudikatzen.
Antolatzaile bakoitzaren inguruan zabal hitz egiteko aukera izan zen foro honetan, eta azpimarratu zen ideietako bat antolatzaile ezberdinek elkarrekin zuten lotura izan zen. Hezkuntza testuinguruan antolatzaile bat baino gehiagok hartzen du bere lekua aldi berean, errealitatea konplexua baita.
Adibidez, aita bat, argi eta garbi adierazten duena umeari eskolan bazkal aurretik lorik egiten ez uzteko, bestela ez duelako siestarik egiten. Agian harremanak berarekin ez zaizkigu errazak egiten, eta tentso jartzen gara. Saiatzen gara berari umearen beharra zein den adierazten, baina aitak bere heziketa ikuspegia argi du, eta uste du gurea ez dela egokia. Agian txiki senti gaitezke. Umeak hori hauteman egiten du. Umea bera ere tentso jartzen da. Ez da seguru geratzen eskolan, eta ondorioz, asko kostatzen zaio esperimentazioan edo jolasean hastea.
Gertakari beraren aurrean hainbat irakurketa egin daitezke. Begirada non jartzen dugun arabera, pasarte berean bost antolatzaileak identifika ditzakegu. Baina argi dago garapenaren antolatzaileei erantzun egokia emateak eskatzen diola irakasleari bere buruaren ezagutza eta kontzientzia izatea: harremanak izan beharra daukagu, eta nola egiten dugu? Zerk mugitzen gaitu? Noiz sentitzen gara seguru eta noiz ez? Zerk laguntzen digu konfiantza berreskuratzen gure buruarengan? Haurraren beharrei erantzuteko norbere beharrak ezagutzea ezinbestekoa da eta umeari begiratzeaz gain, gure buruari ere begiratzeko beharra dugu gure lanbidean.
Zentzu honetan, asko animatu gintuen jardunaldian parte hartu zuten irakasleen erantzun beroa ikusteak. Nahiz eta gure errealitateak baldintza bereziak dituela jakin, ikusi genuen haurrarekiko kezka eta hobetu nahia bazeudela. Kolektiboaren prestutasuna eta konpromisoa bizitzeko eta sentitzeko aukera izan genuen, eta bertan sortu zen giroa gustatu zitzaigun. Itxaropentsu atera ginen, gure haurrak esku onetan daudela ikusita.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu