Haur Hezkuntzan sakontzeko aukera berria


Gaur egungo Haur Hezkuntzako errealitatea ez da duela urte batzuetakoa bezalakoak. Jada, hezitzaileak ez daude beraien gelan eta beraien umeekin. Eredu hori gainditu eta berrikuntza sakonak eraman dituzte aurrera hainbat eta hainbat ikastetxetan: hormak bota eta gelak handitu, adin desberdinetako umeak elkartzeko aukera eman, hezitzaileak elkarrekin lanean jarri espazio berean, batetik bestera ibiltzeko aukera eman…

Berrikuntza prozesu sakona ekarri dute azken urteetako aldaketek: lehengo koordinazioa eta oraingoa ez dira berdinak, umeak hezitzaile guztienak dira, elkarrekin aritu behar dute lanean… Aldaketa erradikala da eta hori taldean maneiatu egin behar da, harremanak zainduz, antolaketarako denbora hartuz, “oka egiteko” tartea hartuz, pedagogiaz hausnartzeko astia hartuz… Tradizionalki ez da horrelakorik egin eta kulturalki aldaketa sakona dakar. Aldaketa oso bortitza da, krisiak sortu ohi dira eta laguntzeko beharra ikusten dugu. Horregatik, aurki abiaraziko dugu Irakaslea Haur Hezkuntzako berrikuntzan aditu titulua.

Berrikuntza prozesu sakon honetan hiru gako edo giltzarri ikusten ditugu Hazitegin gabiltzanok: taldea, norberaren egoera eta teoria desberdinen integrazioa, hori guztia praktikan txertatuz.

Orain espazio berean aritzen dira hezitzaile bat baino gehiago, jada ez daude ateak itxita. Horrek foku aldaketa ekarri du: orain fokua taldean dago. Eta zer gertatzen da taldean? Bada, taldearen kohesioa ez bada indartsua, taldean norbera ez badago gustura, taldeko harremanak ez baldin badira zaintzen, harremanek ez badute asebetetzen… proiektua gelditu egiten dela, ez dela garatzen, ez dela mantentzen. Horregatik jotzen dugu garrantzitsutzat taldean arreta jartzea.

Lehen irakaslea zen zentroa eta orain umea dela esaten zaio. Unitate didaktikoak zaharkituta gelditu dira. Orduan, zein da hezitzailearen egitekoa? Behatu bai, baina zer behatu? Esku hartu bai, baina noiz bai eta noiz ez? Berritu bai, baina zer? Aldatu bai, baina zer? Norbera da aldatu behar dena, bai, baina zein da aldaketa hori egiteko prozesua? Zein da norberaren funtzioa taldearekiko? Elkar ikusteak eta elkarrekin aritzeak nola eragiten dio norberari? Nola erlazionatzen gara elkarrekin? Nola lan egin beharko litzateke orain? Zein dira praktika onak? Zer egin beharko litzateke eta zer ez?

Galdera horiek denak egiten dizkio hezitzaileak bere buruari egoera berriaren aurrean. Horregatik, irakaslea zaindu egin behar dela iruditzen zaigu eta horri garrantzia eman diogu. Nola dago hezitzailea pertsonalki eta emozionalki? Antsietatez? Nola funtzionatzen du? Zer egiten du lankideekin, umeekin, familiekin…? Alderdi pertsonala eta profesionala elkarri lotuta landu behar zirela ikusi genuen eta hala egingo dugu aditu tituluan.

Gaur egun teoria anitz ditugu merkatuan eta produktuak balira bezala eros ditzakegu. Oraindik ere badago gurean produktu desberdinak erosteko joera. Zer egin, noiz eta nola lan egin behar dugun esaten digute eta guk ez dugu askorik egin behar. Gertatzen dena da alderdi batzuetan produktu horiek bat egiten dutela eta beste batzuetan ez, kontrajarriak daude, baina praktikan denak entsalada berean nahasten ditugu. Eta askotan ez gara ohartzen entsalada murtxikatzen ari garen ala irentsi egiten dugun. Teorien inguruan hausnarketa egin eta printzipio batzuen bueltan integratzeko saiakera beharrezkoa dela iruditzen zaigu, denak ez direlako balekoak umearentzat. Alegia, informatu eta eskola bakoitzak eraiki behar du berea, eta horretarako printzipio sendoak aukeratu eta horiekin koherente izanez eta eraiki behar da praktika.

Irakaslea Haur Hezkuntzako berrikuntza izeneko formazio hau lanean ari den jendeari eskaini diogu.  Prozesu pertsonal-profesional bat egitearekin batera egunerokotasunera eramateko aukera izatea funtsezkoa iruditzen zaigu eta lanean dabiltzanek badute aukera hori. Eraldaketa pertsonala eta praktikaren hausnarketa esanguratsua lotuko ditu, beraz, formazio honek.

Aditu titulua

Gehienez 18 laguneko taldea osatu nahi dugu, eta denek izango dute tutore bat jarraipena egiteko. Aretxabaletako campusean egingo dira saioak larunbata goizez, eta horrez gain, urtean hiru asteburutan ere elkartuko gara aterpetxe batean. Hasteko, lehen saioa asteburukoa izango da, elkar ezagutzeko eta taldea egiteko. Ikasturte erdian egingo dugu beste asteburu bat eta amaieran beste bat, bakoitzak egin duen prozesua agertarazteko. Memoria bat idatziko du bakoitzak, bertan azaltzeko nondik hasi zen, zertaz konturatu den, zer gertatu den bere praktikan, zer aldaketa egin dituen, zer barneratu duen… Eta horrekin batera, bakoitzari bere ikastetxean berrikuntza prozesu bat diseinatzeko eskatuko zaio, bere eskolari eskaini ahal izateko.

Ez dugu gauza tradizional bat egin nahi izan, baizik eta zerbait baliagarria eta eragiteko balio dezakeena. Berrikuntzak gauzak modu diferentean egitea dakar eta guk hori azpimarratzen badugu, geure eskaintzak ere ezberdina izan behar du, eta esanguratsua partaideentzako eta guretzako.

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu