Jolaserako, gutxienez 7 aukera kanpo espazioan


Gaur egun makina bat eskolatan ari dira kanpo espazioak berritzen. Berrikuntza horiek xede izan ohi dute haurrei jolaserako aukera zabalagoa eskaintzea, naturarekiko kontaktu handiagoa baimentzea, hezkidetza bultzatzea edo estetikoki espazioa bera erakargarriagoa egitea. 2009tik, Hazitegi taldean kanpo espazioak eta bertan gertatzen dena aztertzen ibili gara. Azken hilabeteetan, ikerketaren emaitzak aditzera eman ditugu EHUk antolatutako udako ikastaro honetan eta Budapesten izandako kongresu honetan. Oraingo honetan, zuekin partekatu nahi dugu ikerketatik ateratako inplikazio praktiko nagusia.

Ikerketaren ondorio nagusia da eskoletako kanpo espazioek jolaserako aukera anitzak eskaini behar dituztela. Ikerketa egin aurretik zalantzarik ez zegoen horretan, baina ikerketak enpirikoki frogatzen du aukera aniztasuna bermatu behar dela. Hazitegitik egindako ikerketak adierazten du haurrak gutxienez 7 aukera izan behar dituela kanpo espazioan bere garapen soziala modu esanguratsuan aberasteko. Honekin esan nahi dugu aberatsagoak direla haurren arteko jolasak eta elkarrekintzak, anitzak direnean jolaserako aukerak. Besteak beste mugimendurako, eraikuntzarako, jolas sinbolikorako, adierazpenerako edo lasaitasunerako aukera ezberdinak izatea, beraz, ezinbestekoa da haurraren garapen sozialerako. Horrek eskatzen du kirola aukera bakar bezala daukaten kanpo espazioen diseinua aldatu behar izatea.

Orain arte garapen sozialarekin lotu dugu kalitatezko kanpo espazio baten beharra, baina harago doa gure ikerketak erakutsitakoak. Haurrak berdinkideekin jolasten daudenean, gehiago inplikatzen dira egiten ari diren horretan. Halaber, inplikazioak dakartza arreta, pentsamendu konplexu edo sormen maila handiagoak. Ikerketak erakutsi digu jolaserako aukera anitzak dauzkaten kanpo espazioetan haurrak gehiago inplikatzen direla. Beraz, jolas sozialean zein inplikazioan daukan eraginagatik, ezinbestekoa da haurrei jolaserako aukera anitzak eskaintzea.

Cespedes

*Jolaserako aukera anitzak eskaintzen dituen Cespedes eskola

Gure ikerketak erakusten du 7 aukera dela gutxieneko kopurua; hortik behera kaltetzen ari garela haurraren garapena. Aukera aniztasun hori bermatzeko hobe dugu kirolera mugatutako ohiko eskaintza gainditzea. Eta muga hori gainditzeko bideak anitzak dira. Testuinguru natural batek, adibidez, bere belar, harri, hondar, zuhaitz, adar, hosto eta abarrekoekin eskainiko ditu 7 aukera baino gehiago. Testuinguru naturalik ezean, espazio eta materialekin asmatu behar dugu, mugimendurako, eraikuntzarako, jolas sinbolikorako, adierazpenerako, ezkutatzeko eta agertzeko edo lasai egoteko aukerak baimentzeko, besteak beste. Bide horretan, erabilgarriak izan daitezke enbor zatiak, kutxak, sokak, oihalak, margoak, etxolak egiteko baliabideak, pneumatikoak, harriak, igotzeko eta jaisteko aukera ematen duten azalerak, arbel gisa erabiltzeko horma edo lurra, eskalatzeko hormak, paletak, harmailak… eta sormenetik irten daitezkeen beste hainbat aukera.

Ildo horretatik, iruditzen zaigu interesgarria dela, eskolako komunitatearekin batera, gaia aztertzea eta, haur, familia eta irakasle guztien artean, gutxienez 7 aukera eskaintzen dituen kanpo espazioa bultzatzea. Partaidetzarekin errazago ikusten dugu 7 aukera horien langa gainditu eta kopuru hori bikoiztea edo hirukoiztea, haurraren garapenaren mesedean… baina baita kanpo espazioaren erabiltzaile guztien mesedean ere.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu