3D inprimagailuen inguruko egia eta gezurrak


3D inprimagailuak geratzeko etorri dira, zalantzarik ez. Teknologia honen inguruko berriak ditugu edonon, hegazkinak egiteko balio dutela diotenak, protesiak, bitxiak eta edonolako produktuak egiteko balio dezaketela, merkatal zentroetan aurki ditzakegu merke-merke, gabonetako oparia izango dela esaten digute…

Azken urtetako boom bat da hau… ala ez? Noiztik daude 3D inprimagailuak gure artean? Eta zergatik entzuten dugu orain gai honi buruz?

lasexta impresora 3D

3D inprimagailuak gaur egun: erreportaje txiki bat

Duela gutxi entzun genuen etorkizunean produkzioaren %99a 3D inprimagailuen bidez izango dela. Datua arraro suertatu zitzaigun eta, ahaztu gabe halakoak esatea kiniela egitearen parekoa izan daitekeela, galdetzea erabaki genuen: hala izango ote da?

Galdera pila bat dugu teknologia honen inguruan. Eta erantzuna aurkitu dugu… ia guztientzat.

Noiz sortu ziren 3D inprimagailuak?

Lehen 3D inprimagailua 1984an agertu zen. Bereak eta bi bota ditu ordudanik. Bide batez, garai hartan estereolitografia zeritzon; gaur egun fabrikazio aditiboa deritzo.

Historia eta xehetasunak artikulo askotan aurkitu dezakezue. Bada ordea gehiegi aipatzen ez den gai bat, gertatzen ari den boom hau ondo azaltzen duen kontu bat: 2013tik aurrera patenterik garrantzitsuenak askatzen hasi ziren, epemuga pasata.

  • Lehenak FDM edota urtutako deposizio bidezko modelatua mugatzen zuen: 2013. urtea zen.
  • 2014aren amaieran Simultaneous multiple layer curing in stereolithography izenekoa askatu zen.
  • 2015ean, Method and apparatus for prototyping a three-dimensional object
  • 2016ean Method and apparatus for production of three-dimensional objects by stereolithography patentearen txanda izan da.

Horrek beste eragin bat izan zuen: bat-batean, norbaitek 3D inprimaketa atsegin izan zuen. Eta norbait hori hasi eta hasi baino egiten ez duen talde bilakatu zen. Horrela sortu zen ia underground-tzat jo genezakeen mugimendu bat, zeinek ezagutza sortu eta modu libre batean informazio partekatzen duen 3D inprimagailuen kontrol softwarearen inguruan, gehienbat kodigo irekiak erabiliz, hots, edonorrentzat irekita dagoena.

3D inprimagailu bat eraikitzea erraza da: 300 euro ingurutan zuk zeuk eraiki ditzakezun kit horiek ikustea baino ez dago. Softwareak ostera ezagutza gehiago behar du; eta hor izan du eragin nabarmenagoa nazioarteko komunitate horrek, kodigo irekia erabiliz teknologia honi gure bizitzen atea zabaldu diena.

Edozer gauza fabrikatu daiteke 3D inpresioa erabiliz?

Ez… momentuz. Badirudi zenbait materialek ez dutela sekula 3D inpresioa onartuko, egurra kasu. Baina… jadanik inprimagailu batzuk egurrarekin lan egin dezaketela iragartzen dute!

Ezustean, etxeak eraikitzen hasi dira teknologia honen bitartez (baita porlana erabiliz ere!). Eta hegazkinak. Eta bitxiak (urrea eta zilarra barne). General Electric-ek hegazkinen motor diren gas turbinentzako ordezko piezak eskaintzen ditu, teknologiak honekin inprimatuak: titanioa 3D inpresioan oso hedaturik dagoen materiala da. Firestone enpresak ere lehen urratsak eman ditu teknologia honekin: ez dezagun baztertu etorkizun hurbil batean, gure autoaren pneumatikoak erosterakoan, guk nahi dugun itxura eta marrazkiarekin erosi ahal izatea.

Multimaterialak ohikoak dira teknologia honekin lan egiterakoan. Eskuentzako protesi flexibleak daude honela eginak,eta  giza azalaren ukitze berdina duten materialak ere bai. Material biokonpatibleek (gure gorputzak aurka egiten ez dien horiek) ez dute arazo bat suposatzen egun.

Zer gertatuko da 20 metroko habe metaliko bat fabrikatu behar denean? Gaur egun erantzuna agerikoa da: ez da 3D inpresioaren bitartez fabrikatuko. Hori bai, teknologia honek daraman garapen abiaduraren argitan, baliteke laster… Ez dugu ezer esango badaezpada.

Berri hark iragartzen zuen %99ra helduko ote gara? Gure erantzuna: ez dakigu. Baina adi egongo gara.

Ekologikoak al dira?

Ba… bai eta ez. Aldekoak eta kontrakoak dituzte, teknologia guztiek bezala. Hemen doaz zenbait; noski, soilik inprimaketa eta bestelako prozesu bat onartzen duten materialak konparatuko ditugu.

Abantailak:

  • Materialik ez da xahutzen ia (euskarrietan soilik)
  • Material biodegradable askok onartzen dute teknologia
  • Banaketa eta enbalaje arlotan, zerbitzua asko hobetu daiteke
  • Apurtuko atalei lotutako arazoek behera egiten dute (produktuen bizitza luzatuz)

Desabantailak:

  • Produkzio altutan, kostu energetiko altua
  • Oker egindako piezen portzentaje altua (makinarik onenek ere duten gaitza)
  • Jatorrizko materialetan aldarapen handiak (batez ere material merkeetan)
  • Makinak sarri izorratzen dira (gauza sinpleak, baina izorratu)

Bat erosi beharko nuke?

Erantzuna hemen ere ez da batere erraza, edozein erosketari egiten zaion galdera salbu: benetan behar al duzu? Ez da armairuaren sakonenean gordeko duzun beste gailu bat izango, ezta?

Atal zehatzagoetara igaro gaitezen: hemen doaz gidapuntu batzuk. Erabiltzailerik komunena plastikoak inprimatzen dituen gailu bat nahiko duena izango dela suposatzen dugu, ez titanioa edo tankerakoak.

  • Kalitate ona lortzen da makinarik gehienekin (baita merkeekin ere) baldin eta ondo kalibratuta badaude. Pieza oso “politak” lor daitezke. Eta koloretakoak.
  • Zure aurrekontua 200 eta 500 euro artean badabil, hobe duzu esku finak izatea: ziurrenik zuk zeuk montatu beharko duzu, eta konponketa txikiak egin beharko dituzu sarri. Ez da beharrezkoa aparteko ezagutza ez muntaketan eta ezta konponketetan ere ez, baina bai arreta eta trebezia puntu bat.
  • Zure aurrekontua 1000 euroren bueltan badabil, akabera oneko produktuak lor ditzakezu, baina ez zara konponketa txikiz libratuko.
  • Kontuz jatorrizko materialaren prezioaren kontuan: hau 20 euro/kg-tik abiatuta (nahiko komuna gaur egun) PLAren kasuan, 300 euro eta gehiagora arte heltzen da. Hori bai, kilogramo batekin pieza anitz lor daitezke! Kontuz ere materiala aukeratzerakoan: pieza kanpoaldean egon behar badu, esaterako, hobe du biodegradablea ez izatea!
  • 3D software baten laguntzarekin ondo marrazten jakitea gomendagarria da (eta software hori izatea, noski). Teknologiaren potentzial guztia erabiltzea ahalbidetuko dizu.
  • Jostailu moduan, oso adiktiboa da… baldin eta nondik eta nola hastearen inguruko gutxieneko ezagutza batzuk badituzu. Ez da asko behar, baina apurtxo hori bai.

Animatzen al zarete?

[Gai hau gure graduetan jorratzen dugu, Prozesuen ingurugiroaren optimizioa prozesuetan: plastikoak eta compositeak, edota Materialen erabilpen eraginkorra eta birziklapena kasu]

PD telebistako serieen jarraitzaileentzat: asmatu al duzue Westworld telesailaren hasieran agertzen den teknologia zeri dagokion? 😉

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu