Urtebete kotxea erabili gabe (eta oraindik ez dut planeta salbatu)
Artikulu honek izen propioa izango: nire esperientzia (Angel) kontatuko dut. Urtebete pasa dut lanera etortzen trena eta bizikleta erabiltzen autoa beharrean. Egia ez dudala egunero erabili, baina bai ahal bezainbestean. Oso gustura aritu naiz autoa hartu gabe, baina bidetik ondorio batzuetara ere heldu naiz. Hemen laburbilduko ditut.
Ekologikoagoa bai, baina zenbat?
Ingeniariak garenez, zenbakiak atera behar. Nire kasuan, eta borobilketak beti influentzia ekologikoaren aurka eginez, datu hauetatik abiatuko naiz:
- 40 aste lanean urtean (jaiegunak eta halakoak kontutan hartuta). Hots, 200 egun. Kotxea bakarrik erditan hartu dudala (edo aurreztu dudala) hartuko dut.
- 40 kilometro etxetik lanera joan-etorrian, hau da, 4000 auto-kilometro aurreztu ditut urtean.
- 4,0 litro xurgatzen ditu 100 kilometroko nire autoak egoera normal batean, hau da, 160 litro 4000 kilometroak egiteko.
Nire autoak egoera idealean dituen emisioei so eginez, hau botako nuke atmosferara:
CO2: 452 kg,
NOx: 0.85 kg
CO: 0.95 kg
Bestelako partikulak: 0.22 kg
Eta hori, asko ala gutxi da?
Nire autoa ezagutzen duzutenok, zahartu samar dagoela badakizue. Zapata-kaxa zahartu baten itxura dauka koittauak (baina oso jatorra da). Hortaz datuak zertxobait borobildu ditzaket, gorantza: atal gehienetan gehiago kutsatuko du orain berria zenean baino. Hala ere ez dut izango. Goaz datu bakoitza bere kabuz aztertzera:
Hau da, tonelada bat CO2, 2 kg NOx eta 2 kg CO. Hori asko ala gutxi da?
- Tonelada erdi CO2 aurreztu diot atmosferari. Konparaketa egin ahal izateko, datu hau botako dugu: zuhaitz bakoitzak, normalean, 20 eta 50 tonelada CO2 xurgatu dezakete urtean.
- Kilo bat NOx aurreztu dut. Kalkulua ez da horren erraza: kontaminazio maila g/m3-tan neurtzen da, hots, kontzentrazioa neurtzen da. 100 ppm-tik aurrera heriotza ekar dezake. Nire kotxearen kasuan, 1000 kotxek lortuko lukete hori (baldin eta airea ez bada berritzen).
- CO-aren kasuan, 50 ppm 8 ordutan, edota 4000 ppm ordu batean, hil zaitzakete. 1500 ppm-tik gora arriskutsua da osasunarentzat (adibidez, konortea gal daiteke kontzentrazio horrekin). Horretarako, 10.000 auto beharko lirateke. Kontuz! Bilbon, adibidez, 100.000 auto inguru dabiltza egunean.
Egia esango dut: ez da asko… begiratzeko moduaren arabera. Izan ere, arazo nagusia ez da zenbat kontaminatzen dugun, baizik eta non egiten dugun: sarri, xurgatu ezin daitezkeen zonaldetan emititzen dira partikulak. Beraz zenbaki hauek guztiak kontu handiz hartu behar dira.
Dirua
Dirua aurrestu al dut hau egiten? 40 euro inguruko kostua du niretzat hilabete bat garraio publikoan mugitzeak; autoz egiteak, antzerako: 60-70 euro inguru.
Gipuzkoan autobideak erabiltzea subentzionatuta dago (garraio publikoa erabiltzea baino asko gehiago!!), beraz alde horretatik ezin esan aurrezten dudanik. Horri autoaren mantenketa, asegurua eta ikusten ez diren bestelakoak gehituz gero, zenbakiek gora egin dezakete. Baina hala ere ez da apartekoa.
Denbora
“Denbora behintzat aurreztuko duzu!” esaten didate batzuk. Ba ez… eta bai. Argi azaltzen ahaleginduko:
- Autoan 20 minutu behar ditut lanera joateko; tren+bizikletan, 40. Bai, bikoitza.
- Baina autoan noan 20 minututan gidatu baino ez dut egiten (eta haserretu, zenbaitetan). Trenean ostera 20 minutu ditut irakurtzeko, eta 15 bizikletan ibiltzeko (beste 5ak, geltokira heldu, itxaron eta halakoetan ematen dut).
Hau da, tren+bizikletarekin denbora gehiago dut nik nahi ditudanak egiteko (35 minutu). Autoan irratia entzuten dut, baina hori ez dut horrenbeste atsegin, beraz orohar, kotxeko 20 minutuak atsegin ez dudan zerbait egiten pasatzen ditut.
Bestelakoak
Garrantzitsuena, niretzat, lanera heldu aurretik jadanik “zerbait” egin dudala sentitzea da. Irakurri dut eta bizikletan ibili naiz, oso atsegin ditudan 2 aktibitate. Lo gutxiago egiten dudala diote batzuk; nik ostera denbora hobeto aprobetxatzen dudala diot.
Gainera, garraio publikoan noanean sekula ez naiz berandu heltzen lanera. Nire autoa erabiltzen dudanetan ostera, izarak askatzea kostatzen zait askotan…
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu