Posible al da aire garbia arnastea?
Bai, oraindik aire garbia arnastu daiteke.
Baina ezetz asmatu non arnastu dezakegun, gaur egun, airerik garbiena? Kotxe baten barruan. Probatu ezazue: hartu bizikleta eta errepide batetik bueltatxo bat eman, edota errepide ondoko bide batetik paseoan ibili lasai-lasai. NOx, SOx eta COx pila hartuko zenuten, eta usaindu ere usainduko zenuten. Orain egin ibilbide berdina auto moderno baten barnean: atmosfera garbi batean mugituko zineten (tira, autoa garbi baduzue behintzat. Hautsez gainezka egonez gero, frogak ez du balio!).
Kotxeek kutsatzen dute gure ingurune hurbileko airea, nagusiki. Beste iturri batzuk baita, baina nagusiena eta gertuen duguna autoena da.
Beste frogaren bat beharko bagenu, gaur egun denon ahoan dagoen Tesla autoak dakar. Bere barruan airea “erietxe batena baino garbiagoa izango da” bere sortzailearen hitzetan. Gainera, arma biologikoekin egindako eraso baten aurrean airea garbi mantenduko du. Gure inguruko mendietatik ibiltzean aire zikinagoa aurkituko dugu zenbaitetan.
Hau da: goi-mailako produktuek arreta eskaintzen diote aire garbia izateari. Aire garbia ez dugularen seinale.
Jende askok dio auto elektrikoak ez duela eraginik izango emisioetan, kontsumo totalak berean jarraituko duelako (energia sortzen den lekuan kutsatuko da gehiago orain). Hori ez da egia izango hirietan, non airea askoz garbiago bilakatu daiteke, eta non munduko biztanle guztien %54 bizi den jadanik (%75 Europan eta %82 AEBtan).
Beste batzuk esango dute soluzioa auto gutxiago saltzea dela, garraio publikoa erabiltzea etab. Ba agian bai, baina gaurko gizartearen joera kontrakoa da: gure ekonomia gauza gehiago saltzean oinarritzen da, ez gutxiago. Kontrakoa lortzea utopia polit bezala kontsideratu daiteke momentu honetan. Zenbait adierazlek diote hori aldatu daitekeela… baina ikusteke dago.
Poluzio honen bidean elementu bitxi bat agertzen da: gu, gizakiak.
Guk aire garbia eskatu dezakegu. Guk eta gure politikek lehentasuna eman diezaiokete aire garbiari beste zenbait gauzen aurretik. Zenbait herrialdek hori egin dute jadanik: Suetziak aire garbia arnasteko eskubidea onartu du.
“Umeek aire garbia arnasteko duten eskubidea, auto bat edozein kaletik gidatzeak izan dezakeen eskubidearen gainetik dago”
Suetziako ministra baten hitzak dira. Madrilen, ordea, “nire autoa erabiltzeko eskubidea daukat” aldarrikatzen zuen duela gutxi arte bertako agintari batek. Mentalitateak agerian geratzen direnean, argi dago nork aldatu dezakeen egoera, ezta?
Auto garbiagoak behar ditugu. Autoa gutxiago erabili behar dugu. Autoa non erabili daitekeen eta non ez, mugatu behar dugu. Denon onerako izango da. Zuretzat baita, agian hortaz ohartuko ez zaren arren.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu