Euskalbar, itzulpenak errazteko Firefox-en gehigarri potentea
Mozilla Firefox internauten artean duen arrakastaren arrazoietako bat gure beharretara egokitzeko duen ahalmena da, eta ahalmen horren gakoetako bat nabigatzailean instalatu daitezkeen gehigarriak dira. Imagina daitezkeen erabilera zehatz gehienak errazten dituzten gehigarriak topa daitezke gehigarrien webgune ofizialean arratoiaren klik pare batekin instalatzeko moduan (musutruk, noski).
Gehigarri horien artean gaur Euskalbar izenekoa nabarmenduko dugu. Euskara eta erderaren arteko itzulpenak sarritan egin behar izan ezkero gehigarri hau instalaturik izatea oso lagungarri izan zaigu. Bere funtzionamendua oso erraza da: Euskalbar instalatzean tresna-barra berri bat agertzen zaigu Firefox-en, non itzuli nahi dugun hitza sartu eta ‘return’ sakatzearekin batera hainbat webguneren itzulpenak agertuko zaizkigu (20 hiztegiren artean guk nahi ditugunak)
Euskaratik gaztelerara, frantsesera eta ingelesara itzultzeko gaitasuna du, baita hizkuntza hauetatik euskarara itzultzeko ere; hauetaz gain gaur egun Euskalbar-ek badauka latinetik euskarara eta euskaratik japoniarrera itzultzeko gaitasuna ere.
Euskalbar-en azkenengo bertsioa instalatzeko webgune honetan sartu eta bertan ikusiko duzuen ‘Gehitu Firefoxera’ botoian sakatu eta irekiko den leihoan instalazioa onartu besterik ez duzue egin behar, betiere aurretik Firefox instalaturik baduzue noski. Behin Euskalbar frogatu ezkero itzulpenak egiteko ezinbestekoa egingo zaizue.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu