Ziuraski zuotako gehienek laster datozen oporretan izango duzue burua une honetan, baina urteko azken post honetan urtarrilerako proposamen batekin gatoz.
Izan ere, Moodle HQtik Moodle erabilita irakaskuntza egiten dutenentzat ikastaro ireki masibo eta online bat prestatu dute, MOOC bat alegia (Massive Online Open Course). Ikastaroak Moodle-n oinarrizko erabilera egiten erakusteko helburua du, eta besteak beste Moodle kudeatzeko eta plataformaren erabilera efektiboa lortzea nahi da.
Ikastaroaren gidaritza Helen Foster eta Mary Cooch-en artean egingo dute, biak Moodle HQ-ko langileak eta Moodle-ko komunitateko kide aipagarriak, eta beraz aukera polita da Moodle-kin trebatu nahi duen edonorentzat, hasiberriak direnentzat zein aspalditik plataforma erabiltzen ari diren eta sakondu nahi dutenentzat.
.
Xehetasunak
Ikastaroa 2015eko urtarrilaren 11ean hasiko da, 4 asteko iraupena izango du, ikasleek astero 2-3 ordu beharko dutela kalkulatzen da eta, lehen esan bezala, doakoa izango da.
Ikastaroaren ezaugarriak hauek izango dira:
- Egituratuta, erraz ulertzeko moduko edukiekin
- Asteroko zuzeneko tutorialen emanaldiak
- Jardueretan oinarritutako ikaskuntza, parte-hartzaileek euren ikastaroak sortuko dituzte
- Kalifikazio erremintak, jarduerak sortzea (hala nola galdetegiak, wikiak, foroak eta txatak) eta ikasleen kudeaketa erakutsiko da.
- Zure erritmoan burutu dezakezu ikastaroaren eduki gehienak, baina badaude taldekako jarduera batzuk ere bai.
Edukiak ingelesez egongo dira, baina antolatzaileek foroetan-eta beste edozein hizkuntzatan parte hartzera animatzen dute, eta zalantzak argitzen ibiliko direnak ere hainbat hizkuntzatan erantzuteko gai izango dira. Nik neuk ere bertan parte hartuko dut, beraz euskaraz galdetu nahi baduzue laguntzeko prest izango nauzue 🙂
.
Izena eman nahi dut, zer egin behar dut?
Izena emateko hurrengo helbidean sartu eta erabiltzailea sortu behar duzue:
Behin hori eginda ikastarora sarbidea eta bertan zuen burua aurkezteko aukera izango duzue, eta ikastaroa abiatzen denean edukiak ikusgai izango dituzue.
.
Offline nahiago
Dena den, MOOCaren formatuak ez bazaitu gehiegi erakartzen eta edukiak liburu batean irakurtzea nahiago baduzu, hona hemen doan jaitsi eta irakurri daitekeen liburu bat ere bai:
Ondo pasa oporrak eta laster arte!