MUko Informazio Sistemak

Ordenagailu txiki eta merkeak, aukerak zabaltzen ari dira

Egunerokotasunean gauza askotarako erabiltzen ditugu ordenagailuak, baina zeregin zehatz eta sinpleetarako sarritan ez da ordenagailu handi eta potenterik behar.

Egoera horietarako azken urteotan gailu txiki eta merkeak asko zabaldu dira, SBC bezala ezagutzen direnak (ingeleseko Single-board computer). Gaur horietako batzuen azterketa bat egingo dugu.

Raspberry Pi

Ezagunena ziuraski, Ingalaterran hezkuntzan erabiltzeko helburuarekin sortutakoa da baina bere ezaugarri eta salneurri doituari esker mundu osoan zehar milioka ale saldu ditu.

Komunitate oso zabala dauka, sistema eragile ezberdinen moldaketak instalatu daitezke bertan. Noobs eta Raspbian dira ezagunenak baina badira beste batzuk ere, baita azken hilabetean harridura eragin duen Windows 10 ere.

Orain hilabete batzuk modelo berria kaleratu zen baina stock arazoak izan dituzte eta oraindik bat lortzea ez da erraza izaten.

Webgunea: http://www.raspberrypi.org/

(Blog honetan hitz egin genuen aspaldi honen inguruan)

Arduino

Oso ezaguna hau ere, besteak beste hardware librea delako, eta bururatu daitezkeen ia erabilera guztietarako moldatu daitezke Arduino gailu ezberdinak.

Honek ere komunitate oso potentea dauka, bai laguntza ematen zein garapenerako liburutegi gehigarriak egiten.

Webgunea: http://arduino.cc/

C.H.I.P.

Orain dela gutxi Raspberry Pi-aren “hiltzailea” izango omen dena aurkeztu dute, antzeko ezaugarriak izan arren txikiagoa da eta 9 US$-ean salduko dutelako.

Oraindik ezin da erosi baina Kickstarter-en egin duten crowdfunding kanpainan 50.000$ eskatzen zuten eta dagoeneko 1.900.000$ baino gehiago lortu dituzte, beraz laster erosi ahalko dela pentsa liteke.

http://www.linuxjournal.com/content/goodbye-pi-hello-chip

CuBox-i

Aurreko baino potenteago eta garestiagoa (100$ eta 150$ artean, modeloaren arabera). Erabilera anitzak izan ditzake, baina berezko erabilera telebista batera konektatu eta SmartTV bihurtzea da, Android edo OpenELEC+Kodi aurrez instalatuta erosi daiteke-eta.

Webgunea: https://www.solid-run.com/products/cubox-i-mini-computer/

Eta orduan zein aukeratu?

Ezin da esan zein den onena elkarren artean oso ezberdinak direlako, eta beraz beharraren (edo daukagun diruaren) arabera hobeto egokitzen dena topatu beharko dugu. Eta aukerak gainera post honetan aipatutakoak baino askoz gehiago dira (hemen aipatzen dira adibidez Linux-dun beste 10 Mini PC), eta horregatik erabakia hartzeko Wikipedian egin duten konparaketa baliagarria izan daiteke:

http://en.wikipedia.org/wiki/Comparison_of_single-board_computers

Exit mobile version