Aspalditxo idatzi nuen Engaño, broma, patraña, bulo…. Orduan posta elektronikoari buruz aritu nintzen, baina hor idatzitakoa mezularitza aplikazioei ere aplikatu daiteke. Line, Telegram edo Whatsapp bezalakoak, alegia.
Atzo bertan jakin genuen Whatsapp debalde izango dela “betirako” (gehiago ez kobratzea erabaki duten moduan berriro kobratzea erabaki dezakete, eta horregatik kakotxak). Niri jada agertzen zait zerbitzuaren iraungitzea “de por vida” dela.
Eta zertara dator goiko ahapaldi hori? Bada joan den astean bertan mezu hau jaso nuelako Whatsappeko talde baten:
El sábado WhatsApp será facturado. Si tienes al menos 10 contactos enviales este mensaje. Así verán que eres un asiduo utilizador y tu logo se volverá azul y quedará gratuito. Se ha hablado de ello hoy en la prensa. WhatsApp costará 0,01 euro por mensaje. Envía este mensaje a 10 personas. Cuando lo hagas la luz se volverá azul de lo contrario WhatsApp activará la facturación.
Zuetako batzuek ere jasoko zenuten, eta beharbada behin baino gehiagotan. Eta beharbada zuek ere bidaliko zenuten. Aztertu dezagun dioena:
- Ez da datarik zehazten (Larunbatean? Zein larunbat? Joan den astekoa? Hurrengoa? Datorren urtean?)
- 10 kontaktu gutxienez izan behar dituzu. 200 dutenak baina ez dutenak inoiz mezurik idatzi eskubide gehiago dute 9 bakarrik dituenak eta egunean 1000 mezu bidaltzen dituenak baino? Zer da “asiduo utilizador”? Nork jartzen du muga?
- Mezu hori bidali behar da… 10 kontakturi? 20ri? Guztiei?
- Prentsan agertu da gaur dio. Noiz da gaur? Mezua jaso duzunean? Mezua idatzi zenean duela 2 urte?
- Mezu bakoitzeko euro zentimo bat kobratuko dutela dio. Gogoratzen baduzue, Whatsapp instalatzerakoan urtebete dohan izango zela abisatzen zuten, eta ondoren urteko kopuru bat kobratuko zela. Ziur nago honelako aldaketa bat egiteko ere abisua pasatuko zuketela, eta ez egun batetik bestera kobratzeko modua aldatu inori ezer esan gabe.
Google-en bilaketa azkar bat eginda “El sábado WhatsApp será facturado” esaldiarekin, antzeko mezuak duela 3 urtetik batetik bestera dabiltzala konturatuko zarete. Eta denbora honetan mehatxua bete al da? Ez, ezta?
Eta azkenik, atzo bertan gertatutakoak hankaz gora utzi du mezuaren mehatxua.
Honelako mezuren bat jasotzen baduzue, birbidali aurretik bi aldiz pentsatu, hausnartu egia izan daitekeen edo ez, bilaketaren bat egin ziur egoteko, eta hala ere zalantza baduzue… ez bidali. Honelakoak zabaltzeak, asmo onez egiten badugu ere, gezurrak zabaltzea, gure eta mezuaren hartzaileen datu planetik kilobyte batzuk kentzea, mezua bidaltzen diogunari denbora alperrik galtzea eta mezularitza aplikazio horren zerbitzarien baliabideak arrazoi gabe betetzea besterik ez dakar.
Laburbilduz: katea eten.