Lasai, ez da horren larria. Seguraski, segurtasun kopiak eginak dauzkazunez, ez duzu informaziorik galduko. Hori bai, 600 €ko telefono bat galtzeak pena piska bat ematen badizu, saiatuko gara topatzen. Horretan laguntzeko, nola ez, tresna informatikoak erabili ditzakegu.
Zure telefonoak Android sistema eragilea badarabil (Google-en kontu batekin), beste aukera batzuk badaude ere, Googlen Android Device Manager erabili dezakegu. Behin sartuta, gure aparailuetako zein galdu dugun aukeratu eta, zuzenean, berau non dagoen mapan erakusten saiatuko da (nahiz eta batzuetan ez duen lortzen). Honek gutxi gora behera non daukagun esango digu, baina ez digu esango telefonoa sofa azpian dagoen, kendu berri ditugun praketako poltsikoan etab. Horrekin laguntzeko, telefonoari soinua eginarazteko aukera daukagu. Hala, gertu bagaude, aurkitzen lagunduko digu.
Bitartean, inork kasualitatez aurkitu eta bertan daukagun informazioa ikusi ez dezan, telefonoa blokeatzeko aukera daukagu. Bukatzeko, aparatua aurkitzeko esperantza galdu badugu, barruan daukan informazioa borratzeko aukera gelditzen zaigu, lehen bezala, inork erabil ez dezan, gailua aurkitu badu ere.
Bestalde, gure gailuak MacOS edo iOS badarabil (iPad, iPhone etab.), Applek berak ematen digu antzerako tresna bat. Hori bai, telefonoan aktibatua izan beharko dugu telefonoa non dagoen jarraitzeko aukera. Kasu honetan icloud.com-era joan beharko gara eta, barruan, “Find My iPhone” aukeratu.
Hemen ere, galdu dugun gailua aukeratu eta aurkitzen saiatuko da sistema. Aurkitzen badu, goian aipatutako aukera berberak izango ditugu: soinua eginarazi, blokeatu edo, azkenengo aukera moduan, eduki guztia ezabatu.
Beste aukera bat, edozein sistema eragilerentzat, google maps barruan “Timeline” delakoa erabiltzean datza. Honetarako, aurretik, Google Maps aplikazioan Timeline aktibatuta izan behar dugu. Honekin, Googlek gure (gure telefonoaren) mugimendu guztiak gordeko ditu, egunero, orduoro… Aukera honekin, edozein momentutan gure gailua non egon den ikusteko aukera daukagu, bai oraintxe bertan eta baita iraganeko edozein momentutan ere.
Ea tresna hauekin eta zorte piskatekin, zure telefono (galdu)berria auritzen duzun. Zorte on!
P.D.: Timelinen zaudela, zure telefonoa mugitzen ari dela ikusten baduzu, zuzenean bila joatea baino, agian, poliziari laguntza eskatzea aukera hobea izango da, badaezpada…