Badira urte batzuk telefono mugikor adimendunak (smartphone-ak) gure artean zabaldu eta askorentzat ezinbesteko tresna bihurtu zirela. Boom honen hasieran, gehien saltzen zirenak sistema eragile itxiak zerabilzkiten, iOS esaterako. Googlek Android sistema eragile askea argitaratu zuenean, ordea, hainbat fabrikatzaile merkatura sartu ziren, sistema eragilearen norbere bertsioa egokituz. Denbora gutxiren buruan Androidek beste sistema eragile guztiak atzean utzi zituen, smartphonen merkatuaren %80 inguru bete arte.
Munduan, ordea, 6.000 milioi telefono omen daude baina, horietatik 1.000 milioi besterik ez dira smartphoneak. Honetarako arrazoi nagusiena prezioa da: munduan jende gehienak ezin du smartphone baten preziorik ordaindu.
Beste arrazoi batzuren artean honi erantzuna emateko asmotan, eta aurreko ideia bera jarraituz, Motorola hurrengo pausoa ematen hasi zen: softwareaz gain , telefonoen hardware askea garatuz eta Project ARA deitu zion. Baina nola liteke?
_
Telefono modularra
Proiektuaren muina telefono modularrean datza. Telefono honek euskarri / eskeleto komun bat izango luke eta, honi lotuta, erabiltzaile bakoitzak aukeratutako moduluak. Eskeleto honek, moduluak bata bestearekin komunikatuko lituzke. Hasiera batean, eskeletoa hiru tamainatan egongo da eskuragarri: “mini” (gaur egungo iPhonearen antzerakoa), “medium” (Nexus 4aren parekoa) eta “phablet” (denetan handiena).
Eta, honekin, zer lortzen da? Ba, alde batetik, telefonoaren kostua izugarri murrizteko aukera. Gaur egun, edozein mugikorrek dauzkan GPSa, argazki kamera, azelerometro eta abarrek telefonoen prezioa ehun eurotik gora daramate kasu gehienetan, erabiltzaileak gailu hauek behar izan ala ez. Telefono modular sinpleenak eskeletoa (15$), bateria, pantaila, prozesagailua eta komunikazio moduluak besterik ez lituzke izango eta, proiektuko arduradunen arabera, 50$ kostua besterik ez.
Ondoren, erabiltzaile bakoitzak erabaki lezake argazki kamararik nahi duen, eta nolakoa, eta zenbat (¡!). Are gehiago, aukera izango luke egunaren arabera telefonoari kamara kendu eta GPSa jartzeko, ala biak, ala bi bateria,… Are gehiago, oso modulu espezifikoak erabili ahalko lirateke: diabetikoentzat odola analizatzeko moduluak (informazioa beraien medikuari bidali ahalko liekeena), gure autoa urrunetik kontrolatzeko, elur jausietan erabiltzeko ARVA… aukerak kontaezinak dira.
Bestalde, gaur egun telefono fabrikatzaileak enpresa gutxi batzuk badira ere, moduluok edozeinek ekoizteko aukera izango lukete: hala, moduluen kalitatea eta aukera handitu eta kostua izugarri jaitsiko litzateke.
Honekin, noski, beste abantaila bat lortzen da: nire telefonoari wifi-a puskatzen bazaio, ez daukat telefonoz aldatu beharrik, nahi dudan modulua erosi eta aldatu besterik ez. Hau, kostu aldetik abantaila bada, are gehiago ekologiaren ikuspuntutik, gaur egun sortzen dugun “zabor digitala” izugarri gutxiaraziko lukeelako.
Bestalde, modulo bakoitzaren karkasa ere aldagarria izango da, norbere telefonoaren itxura pertsonalizatzeko aukera emanaz. Are gehiago, karkasa hauek 3D inpresioa erabiliz norberak egiteko aukera ere egongo da.
_
Proiektua
Googlek 2011an Motorola Mobility erosi zuenean, ARA proiektua bereganatu zuen eta, iaz enpresa Lenovori saldu bazion ere, ARA proiektua, patenteak eta langileak Googlen geratu dira.
Googlek 2014an zehar garatzaileentzat zenbait konferentzia egiteko asmoa dauka, lehenengoa apirilaren 15-16an izango delarik. Ekitaldi honetan ‘Developer’s kit’ bat plazaratzeko asmoa daukate. Lehen telefono modularrak merkatura 2015eko lehen hiruhilabetekoan helduko omen dira.
Beraz, pentsatu al duzu jada nolakoa nahi duzun zure telefonoa?
Gehiago jakiteko
https://www.youtube.com/watch?v=18LU5UtG5-M (25. minututik aurrera)