Mondragon Unibertsitatean ikasturte berria Moodle bertsio berriarekin hasiko dugu, 3.1 bertsioa hain zuzen ere. Gaurkoan orain arte genuen bertsioarekiko berrikuntza nabarmenenak zeintzuk diren azalduko ditugu.
Zakarrontzia
Hau da nire ustez bertsio berriak dakarren hobekuntza nagusia: aurrerantzean Moodle-n ikastaro bat diseinatzen ari garenean eta elementu bat nahi gabe ezabatzen badugu ez da behin betiko desagertuko, astebetez Zakarrontzian agertuko zaigu eta bertatik berreskuratzeko aukera izango dugu. Informazio gehiago hemen aurkitu daiteke.
Zereginak Moodle-n bertan zuzentzeko aukera berriak
Bertsio berri honetan zeregin batean ikasleek idatzizko lanak entregatzen badituzte hauek Moodle-n bertan zuzentzeko aukera izango da, jatorrizko lanaren gainean oharrak idatziz, azpimarratuz, feedback-a eman,…
Informazio gehiago hemen aurkitu daiteke, baita hemen ere.
Galdetegietako galdera mota berriak: aukeratu falta diren hitzak, hartu eta eraman testura, hartu eta eraman irudira eta hartu eta eraman markatzaileak
Galdetegietan erabili daitezkeen galdera mota kopurua handituz doa bertsio berri bakoitzarekin, oraingoan hurrengo hauek gehitu dira: aukeratu falta diren hitzak (select missing words), hartu eta eraman testura (drag&drop into text), hartu eta eraman irudira (drag&drop onto image) eta hartu eta eraman markatzaileak (drag&drop markers).
Galdera mota berri guzti hauekin aukera anitzeko galderak soilik erabiltzeko aitzakiak agortzen ari direla esango nuke 😉
Foroetako mezuak finkatu eta programatu
Foroetan ere berrikuntza nabarmenak daude, besteak beste foroetako mezuak finkatzeko aukera (pinned posts) eta mezuak eta mezuak programatzeko aukera (timed forum posts) gehitu dira eta estekatzeko erraztasunak jarri dira (permalinks).
Ah! Eta aurrerantzean berez sortzen den foro bereziaren izena ez da Berrien Foroa izango, Berriak baizik (Announcements ingelesez eta euskaraz Berriak).
Erakutsi fitxategia igotako data
Fitxategiak eguneratzeko ohitura dutenentzat aukera txiki berri hau baliagarria izango zaie: aurrerantzean fitxategi bakoitzaren ondoan berau igoera edo azken aldaketaren data erakutsi daiteke. Informazio gehiago hemen aurkituko duzue.
Moodle Mobile 3.1
Moodle-ko bertsio berri bakoitzarekin batera Moodle Mobile app-a ere eguneratzen da, eta oraingoan berrikuntza oso nabarmenak dakartza, besteak beste, zereginak entregatzeko aukera, kalifikazioak ikusteko aukera eta galdetegiak konexiorik gabe egiteko aukera.
Informazio gehiago hemen aurkituko duzue.
__
Hauetaz gain beste berrikuntza eta hobekuntza asko ere dakar bertsio berri honek. Berrikuntzen zerrenda osoa arakatu nahi baduzue hemen dauzkazue, idatziz eta bideoetan xehetuta:
Moodle 3.1 bertsioaren berrikuntzak
Moodle 3.0 bertsioaren berrikuntzak