Robocopy


Izenagatik 80 eta 90 hamarkadetako robot poliziari buruz arituko garela badirudi ere, robocopy Microsoft-ek bere sistema eragiletan eskeintzen duen erreminta bat da (Windows 7tik aurrera mahaigaineko bertsiotan, eta Windows 2008tik aurrera zerbitzaritan).

“Robust File Copy” esan nahi omen du, eta honezkero asmatuko zenuenez, fitxategiak kopiatzeko balio du. Komando lerro (cmd.exe) bidez exekutatzen den erreminta izaki, ziuraski ez da ezaguna izango gehiengo batentzat. Eta pena bat da, oso erreminta erabilgarria izan bait daiteke. Komando lerroko beste erreminta batzuen gisa, robocopy /? exekutatuta onartzen dituen parametroen zerrenda ikusi ahalko dugu.

Komandoaren sintaxi orokorra hau litzateke:

robocopy <Jatorria> <Helburua> [<Fitxategia>[ ...]] [<Aukerak>]
  • <Jatorria>: Kopiatu nahi dugun direktorioa.
  • <Helburua>: Jatorri direktorioa nora kopiatu nahi dugun.
  • [<Fitxategia>[ …]]: Kopiatuko diren fitxategien zerrenda. Komodin karaktereak erabili daitezke. Ez bada adierazten, *.* balioa hartzen du.
  • [<Aukerak>]: Fitxategiak kopiatzerakoan erabili nahi ditugun aukerak.

Microsoft Technet-eko TN Robocopy artikuluan aukeren zerrenda eta bakoitzaren azalpena aurkituko dituzu.

Ezaugarri interesgarriak

Orain arte ikusitakoaz “copy” edota “xcopy” komandoen oso antzekoa dela dirudi. Baina baditu ezaugarri propioak.

Sarri egiten ditugun kopiak badaude, “job” bezela gorde ditzakegu. Komando lerroan idatzitako parametro guztiak fitxategi baten gordetzen dira, eta fitxategi hori erabili dezakegu modu errezean komandoa errepikatzeko:

  • “job” fitxategia gordetzeko: robocopy c:\jatorria d:\helburua /mir /save:job_izena
  • “job” fitxategia erabiltzeko: robocopy /job:job_izena

Jatorrizko direktorio zuhaitza eta fitxategiak errepikatu ditzake helburu direktorioan, falta direnak kopiatu eta soberan daudenak ezabatzen ditu.

Berrabiarazteko moduan kopia egiterakoan, arazorik badago, denbora bat itxaron ondoren kopia egiten jarraitzen saiatuko da. Aukeren bitartez ez bada aldatzen, 30 segundo itxaroten dira saiakera artean, eta 1000000 saiakera egiten dira. Oso erabilgarria izan daiteke fitxategi handiak sareko unitate batera kopiatzeko, adibidez.

Adibide pare bat:

Bi direktorioren arteko sinkronizazioa (Helburu direktorioan falta diren fitxategi/azpidirektorioak kopiatuko dira, eta soberan daudenak ezabatu):

robocopy c:\jatorrizkoa d:\kopia /mir

Jatorrizko direktorioko ZIP eta RAR fitxategien kopia beste ordenagailu batera, berrabiarazteko modua erabilita eta segurtasun informazioa pasatuta. Arazorik badago, 10 segundu itxaron saiakera artean, eta gehienez 5 saiakera egin:

robocopy c:\jatorrizkoa \\urrunekomakina\errekurtsoa\helburua *.zip *.rar /z /w:10 /r:5 /sec

 

Erreminta honek eskaintzen dituen aukerak askoz gehiago dira (goian esandako moduan, robocopy /? exekutatu aukera guztiak ikusteko), baina idatzi honen helburua oinarrizko informazioa ematea da. Zure esku uzten dugu aukeretan sakondu eta zuretzat egokiena den erabilera aurkitzeko.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu