Webguneak “mugikorrak” izango dira edo ez dira izango


Badira 3 urte baino gehiago azkenekoz gure webguneetako erabileraren inguruko datuen inguruan hemen idatzi genuenetik, eta ordutik gauza asko aldatu dira. Orduan esaten genuen gailu mugikorren eztanda gertatzen ari zela… eta hura hasiera besterik ez zen! Azken urteetan gailu mugikorretatik datozen bisitak biderkatu egin dira eta gaur egungo egoera neurri batean gailu mugikorrek baldintzatzen dute. Hona hemen datu batzuk egoera hori erakusteko:

  • Gure webguneko bisita guztien % 29,4 eta gure Moodle-tako bisita guztien % 20,6 gailu mugikorretatik datoz jada (iraila eta abendua artekoak kontuan izanda).

www.mondragon.edu webguneko bisitak gailu mugikorretatik

Mondragon Unibertsitatean ditugun Moodle-tarako bisitak gailu mugikorretatik

Hori dela eta azken urteetan webgune guztiak egokitu dira edozein gailuetan modu egokian (responsive) erakusteko, besteak beste blogetarako plataforma hau.

  • Gailu mugikorrekin batera app-ak ere etorri dira. Iaz Moodle Mobile app-a erabiltzen hasi ginen eta dagoeneko gure Moodle-tara gailu mugikorretatik sartzen direnen % 20 inguru Moodle Mobile app-aren bidez sartzen dira (datua ez da oso zehatza app bidezko bisitak aztertzea ez delako erraza):

  • Gailuek erabiltzen duten teknologiari dagokionez pastela biren artean banatzen dute gaur egun: gure webguneko bisiten % 71 Android gailuetatik dator, eta % 27 iOS gailuetatik. Beste gailu guztien artean ozta-ozta iristen dira bisiten % 2 biltzera.

 

Ondorioz, argi dago gure webguneak gailu mugikorrak erabiliz bisitatzen dituztenen beharrei geroz eta arreta handiagoa eskaini beharko diegula, atzean geratuko ez bagara behintzat.

 

Bola gehigarria:

2011an web-nabigatzaileen arteko borroka ere puri-purian zegoen, eta esan daiteke borroka horretatik gaur egun Google Chrome dela indartsuen atera dena, borroka aurreko Internet Explorer-en hegemonia Chrome-k bereganatu du-eta, Internet Explorer bera izan delarik galtzaile nagusia:

www.mondragon.edu webguneko bisitak erabilitako nabigatzailearen arabera

 

2 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    mikel

    Aupa Iñigo, analisi interesgarria, eskerrik asko.

    Atentzioa deitu didaten pare bat kontu:
    – Ez nuen imajinatuko mugikorretako Mudle erabiltzaileak hainbeste izango zirenik. Nik oraindik asko lotzen dut Mudle mahaigainarekin (PDFak jaitsi, lanak igo…), eta mugikorra agian, (AGIAN) erabiliko nuke notaren bat ikusteko-edo… Zahartzen gaudenaren seinale izango da 😉

    – Nabigatzaileen erabileraren grafikoan, kuriosoa da nola Firefox erabiltzaileak garen estazionalitatea daukagun bakarrak, lehenengo bi grafikoetako joera antzekoa erakutsiz. Hau da, abuztuan gutxiago sartzen garela mondragon.edu-ra. Gainontzeko nabigatzaileetan ez da joera hori nabari. Ziurrenik ez dauka inolako azalpenik, baina datuen diagnosi pixkat interesatua eginez esan daiteke Firefox erabiltzaileok hobeto deskonektatzen dugula offline oporretan. 😀

    Ondo segi,

  2. 2
    Iñigo Zendegi Urzelai

    Eskerrik asko iruzkinagatik Mikel!

    Moodle-n mugikorretako erabilerari dagokionez, arrazoia duzu mugikorren erabilera handia dela irakasle gehienek egiten duten erabilera zein den jakinda (hainbeste PDF igo beharrean edukiak eta jarduerak mugikorretara egokituz gero agian erabilera handiagoa litzateke). Edonola ere, erabilera honen arrazoiak bilatzen jarriz gero badaude batzuk: Moodle Mobile app-aren bidez, esaterako, ikastaro bateko eduki guztiak modu errazean jaitsi eta offline erabili ditzakegu (ez bakarrik dokumentuak, baita foroetako eztabaidak, liburuak edo bestelako edukiak), eta hori oso erabilgarria izan daiteke hainbat kasuetan (autobusean irakurtzeko, adibidez) eta ezin da ordenagailu bateko nabigatzailea erabiliz egin.

    Eta Firefox-en udako erabileraren datua bitxia da, bai, ez dakit hobeto deskonektatzen dugun edo beste arrazoiren bat dagoen baina argi dago beste erabiltzaileekiko ezberdinak garela. Norbaitek akaso frikiagoak garela esan dezake, baina agian eraginkorragoak gara besterik gabe 😉

    Ondo izan!

Utzi erantzuna mikel(r)i Utzi erantzuna