Gizarte eraldaketa Mondragonen #KoopKongresua


Euskal Herriko Unibertsitatearteko lehen kongresu kooperatiboa burutu da Donostian, “Eredu kooperatiboa egungo erronken aurrean” izenburuarekin. Lehenengo mahai inguruan “Gizarte eraldaketa eta parte-hartzea Mondragonen. Potentzialak eta erronkak” aztertu ditugu Raul García (ULMA talde kooperatiboko lehendakaria), Aitzol Loiola (LANKI) eta Saioa Arandok (MIK).

KoopKongresua 06

 

Aitzol Loiolak AKE-ren sorreraren oinarrian zegoen bulkada eta desio nagusia eraldaketa soziala zela adierazi du. Ezin litekeela ulertu Arrasateko kooperatibismoaren sorrera bulkada hau kontutan izan gabe. Hiru aspirazio nagusi azpimarratu ditu. Batetik, garapen ekonomiko eta soziala sustatzea, herritarrek bizitza baldintza duinak izateko aukerak izan zezaten. Zentzu honetan, kooperatibismoa etorkizunari begira alternatiba ekonomiko bat sustatzeko ahalegina izan dela eta, batipat, garapen ekonomikoa ongizate kolektiboaren mesedetan kokatzeko ahalegina. Bigarrenik, enpresa humanizatzeko aspirazioa dago Arrasateko kooperatibismoaren muinean. Langileen burujabetzan, elkartasunean eta lankidetzan oinarritutako enpresak sortzeko ahalegina. Bide horretan ekarpen propioak egin ditu kooperatibismoak, eta baditu ere gainditu beharreko kontraesan propioak. Eta, hirugarrenik, enpresaren eginkizun soziala aipatu du. Kooperatibak gizarte eraldaketarako bitarteko gisa ulertu zirela Arrasateko esperientzian.

 

KoopKongresua 04

 

Finean, gizarte eraldaketa proiektu bezala sortu eta garatu zela kooperatibismoa. Aldiz, azken hamarkadatan lausotu egin da gizartea eraldatzeko bulkada hau eta belaunaldi berriak badaukagu esparru honi bultzada kualitatibo berri bat emateko beharra. Berrikuntza gutxi egin ditu esparru honetan Arrasateko kooperatibismoak azken hamarkadan eta, etorkizunari begira, XXI mendeko kooperatibismoa irudikatzerakoan, kooperatibismoaren dimentsio emantzipatzaile eta eraldatzailea biziberritu beharra aipatu du. Galeanok idatzi zuen moduan, azken finean, garena eta garen hori eraldatzeko egiten duguna baikara guztiok.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu