Gizabere kooperatiboa
Joxe Azurmendi filosofo euskaldunak, azken liburuan, gizabere kooperatiboaz hausnartzen du. Liburuaren oinarrian galdera existentziala dago: zein da gizakiaren berezko izaera? Berekoiak gara edota kooperatiboak? Norgehiagoka edota kooperazioa da gizakion sen naturala? Sakoneko galdera horiei erantzunak topatu asmoz, hainbat adituen lanak aztertzen ditu.
Lehenik, gizakiaren berezko sena lehiakortasuna dela defendatzen duten autoreak. Aipu berezia egiten dio Darwinen Espezien jatorria liburuari (1859an argitaratua). Darwinek liburu horretan proposatzen du naturaren eboluzioa ulertzeko gako inportantea hautespen naturala dela. Hots, ingurugirora hobeto egokitu denaren biziraupena dela munduaren historian espezie batzuen superbibentzia eta beste batzuen desagerpena azaltzen dituen gako nagusia. Joxe Azurmendiren iritziz Darwinen pentsamendua oso aberatsa da, eta modu sinpleegian iritsi zaigu bere oihartzuna. Halere, ezin uka daiteke Darwinen teoriak pentsamendu kontserbadorean izan duen eragin handia. Izan ere, kontserbadoreek gizartea etengabeko borroka gisa irudikatzen dute, indartsuenak eta egokituenak gailentzen diren errealitate sozial bezala aurkeztu. Azken finean, botere harremanak justifikatzen dituzte: herri batzuek beste batzuk menderatzea, arrazakeria, patriarkalismoa, esplotazio ekonomikoa …
Bigarrenik, gizakiaren berezko sena kooperazioa dela defendatzen duten adituak aztertzen ditu. Adibidez, Th. H. Aldoux-ek animalien erreinuan topatzen dituen adibideak jasotzen ditu, inurriak eta erleak kasu. Ildo berean, Kropotkin anarkistak aztertzen dituen giza antolamenduak aipatzen ditu, kooperazioan oinarritzen diren gizarteen adibideak alegia. Gaian sakonduz, gizakiaren berezko portaera naturala kooperazioa dela defendatzen duten adituak jasotzen ditu, Martin Nowak kasu.
Zein da, finean, Joxe Azurmendiren ondorioa? Ziurrenik, borroka eta kooperazioa, biak direla gizakion bizi iraupenerako funtsezkoak. Baina, hausnarketa horren baitan, kooperazioaren logika azpimarratzen du, eta J.M. Arizmendiarrietaren pentsamendua dakar gogora. Pertsona ulertzeko eta kooperatibismoa ulertzeko J.M. Arizmendiarrietaren proposamena alegia. Askotan azpimarratu dugun bezala, lehenik, pertsonaren garrantzia azpimarratzen du; pertsonaren eraldaketa dela gizartea eraldatzeko oinarria. Bigarrenik, pertsona ezin daitekeela komunitaterik gabe garatu. Pertsonak gara, komunitatean bizi garen heinean. Kooperazioa, beraz, gizakiaren senaren parte da. Garrantzizkoa hori elikatzen duten testuinguruak eta egiturak sortzea da, eta, bide horretan, bestelako ekonomia eta gizarte eredu bat sortzen joatea. J.M. Arizmendiarrietaren oinarrizko ideia horiek azpimarratzen ditu Joxe Azurmendik. Finean, gizakiaren sen kooperatiboaz hausnartu. Eta idea horien gaurkotasuna azpimarratu.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu