Kooperatibak ziklo berri baten aurrean – Igor Ortega
Gizarteak izaera desberdineko desafioak ditu parez pare. Hauetako batzuetaz kontziente ere bagarela dirudi; beste batzuek, ordea, ez dute jendartean ardura handirik sortzen. Hala ere, ziklo berri baten aurrean gaudela ezin daiteke ukatu.
Testuinguru honetan, Igor Ortegak Arrasateko kooperatibismoak dituen desafioak aurkeztu dizkigu. Honekin batera, hauen inguruan gogoeta egitera eta etorkizunaren inguruan hausnartzera ere gonbidatu gaitu.
Bost desafio nagusi nabarmentzen ditu: berdintasunik gabeko gizarteak, desafio ekologikoa, teknologiaren protagonismo esponentziala, enpleguaren auzia eta Asiako erraldoien eklosioa. Lehengo bien garrantzia gutxietsi gabe, ezagunagoak diren neurrian, azken hirurek merezi dute azalpen labur bat.
Atzetik aurrera hasita, Asiako erraldoien eklosioari dagokionez, jakina da munduko biztanleriaren ehuneko handi bat Asian kontzentratuta dagoela. Eta urte gutxiren buruan, desoreka hau areagotu egingo da, ondorio zuzen batekin: mundu-ekonomiaren protagonista nagusiak bertako herrialdeak izango dira (dagoeneko ez badira, behintzat).
Bigarrenez, teknologiaren protagonismo esponentzialak laugarren iraultza industriala ekarriko du; izan ere, teknologia inteligentea garatu eta garatu ari da, itxura batean, neurririk gabe. Garapen honek negozio eredu berriei zabalduko dizkie ateak, eta orain arteko ereduak guztiz aldatuko dira.
Azkenik, enpleguaren auzia daukagu. Aurreko bi desafioei jarraiki, aldaketa teknologiko handiek eta beste herrialdetako ekonomiek lan ereduan aldaketa nabarmenak ekarriko dituzte. Laburbilduz: kualifikazio txikia eskatzen duten lanpostuak galdu egingo dira, eta oraindik ezagutzen ez diren lanpostu berriak agertuz joango dira. Baina badirudi, orain ditugunak baino lanpostu gutxiago izango ditugula etorkizunean.
Agertoki honek “ezinegona” sortzen du, baita “beldur” edo “bertigo” sentsazio bat ere. Ematen duenez, datozen aldaketa hauek aurrean harrapatuko duten guztia irentsiko dute. Eta kooperatibak ere uholdearen biktima izango dira. Baina, hala ere, berrikuntza gidatzeko aukera ere badago, eta, batez ere, datozen aldaketa horiei (etorriko direla inork ez baitu zalantzan jartzen) zentzua eta iparra eskaintzeko aukera du kooperatibismoak. Nola? Giza garapen jasangarrian helburua jarrita.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu