Erasmus atzerrian: bertan zaudenekoak


Hemen duzue Iraitz Arrospideren Erasmus esperientziaren bigarren atala. Ea gustuko duzuen!

Berehala hasi nintzen lanean. Enpresarekin kontaktuan jarri, ahal nuen guztia galdetu, batez ere bizilekua non aurkitu nezakeen. Aurreko urtean Sheffield-en izan zen ikasleak ere asko lagundu zidan, berarekin gelditu eta jakin beharreko informazio asko eman baizidan; ikasle txartelaren deskontua autobuserako, prezio onean erosteko denden erreferentziak, trenean bidaiatzeko deskontu txartela, eta batez ere, bere konfidantzako jendearekin harremanetan jartzeko aukera. Benetan lagungarria da nondik jo ez dakizunean esperientzia hori bizi izan duenaren laguntza jasotzea.
Erasmus Boeing Sheffield MU Iraitz Arrospide 2
Hiru edo lau pertsonekin jarri nintzen kontaktuan esanez ni izango nintzela Mondragon unibertsitateko ikasle berria eta ea ba al zekiten bizilekua non eta nola lortu. Batek bere etxera joatea eskeini zidan eta bertatik saiatzea pisua bilatzen, hiria ezagutu eta aukeraketa egoki bat egin ahal izateko. Benetan eskertzekoa, dudarik gabe. Astebete Sheffield-en egin ondoren aurkitu nuen bizilekua, erresidentzia unibertsitario bat leku paregabean, beste lau ikasle ingelesekin bizitzeko.

Askok Erasmus hitza “parranda” eta “kolperik jo ez” hitzekin erlazionatzen badute ere ni lanera etorri naiz, gauzak ahalik eta ondoen egin eta bide berriak zabaltzeko aukeren bila hain zuzen ere. Karrera amaierako proiektua egiteko benetan zaila dela uste dut leku hau baino hobea aurkitzea, hori bai, hona lanera etorri behar da.

AMRC erresuma batuan ikerketa zentro garrantzitsuenetarikoa da. Aeronautika eta nuklear sektoreentzako egiten du lana, bi eraikuntzetan banatuta. AMRC with Boeing aeronautika sektoreko zatia da eta Boeing-etaz aparte Rolls-Roice eta beste enpresa askok hartzen dute parte. Mekanizazio arloan egiten dute lana eta munduko leku ezberdinetatik etorritako ikerlariak daude bertan, denera 200 pertsona inguru. Bertako baliabideak itzelak dira enpresa parte hartzaile eta Erresuma Batuko gobernuaren dirulaguntzei esker. Mundu mailan liderrak diren enpresen arazoak konpontzen dira hemen, proiektu ezberdinetan banaturik.

Nire proiektua makinabilitate arlokoa da. Metal izaera duten materialen makinabilitate neurketa prozesu bat ari gara diseinatzen, 10-15 urteko epera martxan jarraituko duena. Ideia da orain arte inoiz egin ez den maila batean espezifikatzea prozesua eta munduan erreferentzia izango den makinabilitate prozedura eta sailkapen bat burutzea. Proiektu potentea benetan. Gainera, proiektu honekin lan egiteaz aparte, beste proiektu batzuetan parte hartzen dut, esan daiteke AMRC-ko langile bat gehiago naizela. Sentsazio paregabea da bileretara joatea, zure ikuspegia erakustea, proiektuak aurrera eramaten laguntzea… Askotan enpresa garrantzitsuetako kargu altuekin egoteko aukera izaten da bileretan edo hitzaldietan, eta hori guztia oraindik ikaslea izanik!

Ikasketa/lanari dagokionez, beraz, zoragarria da egonaldi hau. Eta hortik kanpo? Sheffield hiri oso handia da, biztanle askokoa baina erdialde nahiko txikia duena. Bi unibertsitate handi daude eta milaka ikasle. Zentroan bizi naizenez, kalera irten eta beti dabil jendea hara eta hona. Kirola egitea da nire beharrezko gauzetariko bat eta hori ere eskura daukat polikiroldegi ezin hobe batekin. Erosketak egitea gustuko izanez gero ere bada non ibilia, denda mordoa eta nahiko gertu zentro komertzial handi bat baitaude.

Amaitzeko, eta amaierara iritsi direnentzat soilik, gaueko bizitzaren berri emango dizuet. Pub eta diskotekak ezker eskuin, nonahi, eta parranda asteko egun guztietan, bai, egun guztietan nahiz eta nik ostiral eta larunbatak bakarrik aprobetxatzen ditudan… Ingeles jendea nahiko zoroa da parranda kontuan baina oso ondo pasatzen da beraiekin. Gainera nahiko erraza da gazteleraz hitz egiten duen jendea aurkitzea eta euskaldunak ere aurki daitezke zorte pixka bat izanez gero.

Inongo zalantzarik gabe sekulako esperientzia ari naiz bizitzen Sheffield-en, eta inoiz hartu dudan biderik onena izan da aukera hau aprobetxatzea. Orain pentsatzen nabil Sheffield-en gelditzea urte batzuetarako, hortik atera kontuak. Oraindik garbi ez duzuenontzat, animatzen zaituztet esperientzia hau bizitzera, benetan baliogarria baita akademikoki eta baita beste arlo askotatik ere.

+ No hay comentarios

Añade el tuyo