Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du ikasturte honetan, bederatzi titulu berrirekin
Unibertsitateak berrikuntza akademikoak izango ditu ikasturte honetan: bederatzi titulu berri eskainiko ditu bere jakintza-arlo guztietan, gizartearen eta erakundeen behar berriei erantzuteko
Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du 2024-2025 ikasturtean, bederatzi titulu berrirekin —lau master, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro—, ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, humanitateen eta gastronomiaren jakintza-arloetan. Eskaintza berri horren helburua da gizartean izandako aldaketek ekarri dituzten beharrei erantzutea eta aldaketa horien araberako lanpostuak betetzea, prestakuntza berrien bidez.
Ekintzailetza, Business Analytics eta Datuen Kudeaketa
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hiru berrikuntza ekarriko dizkio unibertsitatearen datorren ikasturteko eskaintza akademikoari. Zehazki, unibertsitate master bat, onlineko etengabeko prestakuntzako master bat eta onlineko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat.
Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra etorkizuneko eraldaketa- eta sorkuntza-prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede. Master horrek ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatu nahi ditu, eta irtenbide praktiko eta bideragarriak bilatu, egungo erronka sozial, ekonomiko, ingurumeneko, teknologiko, hezkuntzako edo sozio-sanitarioei aurre egiteko.
Bestalde, negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako onlineko Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako onlineko Ikastaroa emango dira.
Eta, azkenik, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako Masterra, berritzailea dena Espainian, ikasleei ezinbesteko tresnak eskainiko dizkie negozioen ikuspegi garrantzitsuak ateratzeko eta antolakuntza-arlo ezberdinetan aplikatutako analisi-ereduak erabiltzeko, hala nola marketina, finantzak, eragiketak eta pertsonen kudeaketa, besteak beste.
Hezkuntza Berrikuntza eta Euskararen Normalizazioa
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bi titulu berri izango ditu. Hezkuntza Berrikuntzarako Ikerketako Unibertsitate Masterra % 100 online emango da, euskaraz zein gaztelaniaz, eta ikasleak hezkuntzaren arloan berrikuntza-ildo berriak identifikatzeko gai izateko prestatzea du helburu.
Bestalde, urrian, Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean espezializazio-diploma hasiko da, Euskaltzaindiaren eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko elkarlanari esker. Espezializazio-diploma horrek prestakuntza sendoa eskaintzen du euskararen XXI. mendeko normalizazioaren eta normatibizazioaren alderdirik garrantzitsuenen inguruan, eta espero da graduondoko ikasleek etorkizunean Euskaltzaindiaren proiektuetan parte hartzea.
Food Design, Sukaldaritza Molekularra eta Turismo Gastronomikoko Esperientziak
Gastronomia Zientzien Fakultatea – Basque Culinary Centerrek prestakuntza-eskaintza handituko du Food Design: Berrikuntza Produktu, Zerbitzu eta Esperientzia Gastronomikoetan Master berriarekin. Master horren lehen edizioa 2025eko urtarrilean hasiko da, formatu hibridoan, eta merkatuko prestakuntza-eskaintzari ikuspegi berritzaile eta sortzaile batetik erantzuteko beharraren ondorioz sortu da.
Gainera, Basque Culinary Centerrek beste hiru espezializazio-ikastaro ere emango ditu laster: sukaldaritzan metodologia zientifikoarekin berritzeko ikastaroa; Molecular Cooking ikastaroa, tutoretzapeko onlineko lehen ikastaroa, ingelesez eta eginez ikasi (learning by doing) ikuspegian oinarritua eta Gastronomy tourism experience design ikastaroa, ingelesez, bidaiariak liluratzeko eta gastronomiaren eta turismoaren industrian arrakasta lortzeko esperientzia paregabeak diseinatzen eta zuzentzen lagunduko duena.
Azkenik, Basque Culinary Centerrek Gastronomiako Prestatzaileen Diploma jarriko du martxan. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin batera diseinatu da, eta online emango da.
Adimen Artifizialean Masterra
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak abian jarriko du, 2024/2025 ikasturtean Adimen Artifizial Aplikatuan Unibertsitate Masterra. Adimen artifiziala gizartearen esparru guztiak eraldatzen ari den teknologia disruptiboa da.
Horretaz gain, Ingeniaritza Mekatronikako Gradua eskainiko du Galarretako campusean, 2025-2026 ikasturtean. Orain arte, gradu hori Arrasaten eta Bilbon eman da, eta, datorren ikasturtetik aurrera, Galarretako campusean ere emango da.
18 gradu eta 21 unibertsitate-master
Titulazio berri horiek sartu ondoren, Mondragon Unibertsitateak 18 gradu ematen ditu guztira –hamar ingeniaritzan; bi Enpresen Kudeaketan; bat Ekintzailetzan; bi Hezkuntzan; bat Humanitateetan; bat Komunikazioan eta bat Gastronomian– eta 21 Unibertsitate Master –bederatzi Ingeniaritzan, bat Kooperatibismoan, bost Enpresen Kudeaketan, bat Ekintzailetzan, hiru Hezkuntzan eta bi Gastronomian–.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu