Elkartasuna eta ekologia PBL baten eskutik


ekotek

Mundua bakarra dela jabeturik, ia 3.500 kilometrora dagoen irla batera bidaiatuko du Industria Prozesuetako Ekoteknologien Ingeniaritza graduko ikasle talde batek landutako proiektu baten emaitzak: Senegalgo Dionewarera, hain zuzen. Bergarako Ndank Ndank (‘pixkanaka-pixkanaka’ wolof hizkuntzan) elkarteak planteatutako erronka solidarioari erantzunez, prentsa bat sortu dute ikasle horiek, irla horretan pilatzen den plastikozko zaborrari bigarren bizitza bat emateko birziklapenaren bidez.

Proiektu hau Mondragon Goi Eskola Politeknikoak lantzen duen PBL  metodologiaren barruan kokatzen da. PBL edo Problem Based Learning arazo errealen irtenbidean oinarritzen den hezkuntzako metodologia bat da. PBLen bidez, ikasleak etorkizunean lan egingo duen modu berean ikasten du, benetako arazoei aurre eginez eta irtenbide bat emanez. PBL metodologia ingeniaritza graduetako nortasun-ezaugarrietako bat da. Gradu horietan ikasleek, seihileko bakoitzean, PBL bat burutzen dute taldeka, ikasgelan ikasitakoa modu praktiko eta errealean aplikatuta proiektu baten bidez.

Kasu honetan, erronka teknikoari Ekoteknologietako Ingeniaritzaren filosofiarekin bat egiten duen helburu solidarioa gehitu diote.

Urtean 225.000 tona plastiko

Urtean 225.000 tona plastiko inguru pilatzen da arrantza jarduera nagusia duten Dionewar irlan. Plastiko hori gehienetan erre egiten da, kutsadura sortuz. Ndank Ndank elkartekoek pentsatu zuten irtenbidea eman behar zitzaiola arazo horri eta, hartara, ingurumena zainduko duten industria prozesuak eta produktuak bultzatzea helburu duen Ekoteknologien ikasleekin jarri ziren harremanetan.

PBLan landutako soluzioa prentsa bat da, baino ez edozein prentsa, Senegalgo errealitatera moldatuko den prentsa bat baizik. Hartara, diseinu sinplekoa beharko luke, moldatzeko erraza; pisu aldetik arina, Senegaleraino erraz garraiatzeko; iraunkorra, mantentze-lan gutxi eta errezekoa, eta kontsumo elektriko baxukoa. Bideo honetan  PBLaren alderdi teknikoak azaltzen dira.

Txankletak, arrantza-poleak eta baldosak

Prentsa honen bidez, erre ordez, plastiko hori birrindu eta eguneroko bizitzarako produktuak ekoiztuko dira: txankletak, arrantza-poleak edo baldosak. Baina, tira, Irrien Lagunak eta Bizipozak elkarteek eginiko ‘Munduak guztiontzat beharko luke: Ndank Ndank’ komikiaren Patakon pertsonaiak dioen bezala: “Zuek eraman makinak, erakutsi nola erabili eta lasai, Dionewarreko biztanleek erabakiko dute zertarako erabili” (Amagoia Mujikarenak dira komikiaren testuak eta Jose Angel Lopetegirenak marrazkiak).

Dionewarreko gazteen bisita

Proiektua beste dimentsio bat hartzen ari den honetan, Ekoteknologien Ingeniaritzako ikasleek azaroan Dionewarreko gazte batzuen bisita jasoko dute Orona Ideo campusean. Mondragon Unibertsitateko ikasleek prentsaren erabilera azalduko diete gazteei eta ordenagailu batzuk emango dizkiete, itzuleran Senegalera eramateko.

Ikasturte honetan, bestalde, Ekoteknologiako ikasleek prentsa gehiago fabrikatuko dituzte eta, ikasturte bukaerarako, elkartasuneko proiektu honen lehen emaitzak ikusten hasiko dira Dionawarren. Izan ere, Ndank Ndank elkartekoak kultura zentro bat eraikitzen ari dira irlan eta bertako tailer batean jarri nahi dute prentsa. Patakoni kasu eginez, irlako gazteek ikas dezaten makinak nola erabili eta ozeanoak hiltzen ari den plastikoari irtenbide ekologikoa eman diezaioten.

 

komiki

Proiektu honen nondik norakoak Gaur-8 aldizkarian landu ziren: Orona Ideo eta Ndnak Ndank erreportajean.

 

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu