Diziplinarteko ikerkuntzaren garrantzia


Aurrez aurre ditugun erronkei erantzuteko, gero eta garrantzitsuagoa da diziplinarteko ikerkuntza; ingeniaritzaren eta medikuntzaren arteko ikerkuntza, kasu.

Honen adibide garbia da Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, Errioxako Ikerketa Biomedikoko Zentroarekin (CIBIR) batera elkarlanean abiatu duen proiektua. ‘Erradiazio sakabanatua xurgatzeko ezkutua’ du izena eta minbiziaren eraginez bularreko ebakuntza egiten dieten gaixoengan ebakuntzaren ondorioak arintzea du helburu.

Mondragon Goi Eskolako Politeknikoko Prozesu Ingeniaritzan doktore den Xabier ChamorroPuntua aldizkariari azaldu bezala, ia ustekabean sortu zen proiektua eta hau posible egin duen kolaborazioa.

Xabier Chamorro

“Logroñon dagoen Errioxako Ikerketa Biomedikoko Zentroko (CIBIR) bi medikuk bazekiten zer behar zuten baina ez nola sortu”, adierazi du Chamorrok. Bere emazteak CIBIRren lanean diharduenez, jakinaren gainean jarri zuen eta berak lekukoari eutsi zion. Medikuek eskuz marraztutako zirriborroa abiapuntu hartuta, ezkutu gisa erabiltzen den gailua sortu du.

Asmatu duen ezkutuak bularreko minbizia duten gaixoen gongoil zentineletako lesioak hobeto bistaratzea eta erradiazio sakabanatua murriztea lortu du. Hori lortzeko, hain justu, forma semiesferikoa emanda bularra barnebiltzen dute.

Finean,  bularreko minbiziari aurre egiteko ebakuntzak arinagoak izatea da gailu honen helburua. Izan ere, ebakuntzan ezkutu hau erabiliz gero, erradiazioa modu zuzenagoan ematen zaio gaixoari eta, ondorioz, erradiazio sakabanatuaren %80 gutxitzen da eta sortzen den zauria txikitu egiten da.

Xabier Chamorro

“Medikuek eta ingeniariok elkarren beharra dugu”

“Elkarlanetik jaiotako proiektua da. Gisa honetako gauzek erakusten dute medikuak eta ingeniariak mundu ezberdinetan bizi garela eta hizkuntza ezberdinetan hitz egiten dugula”, adierazi du Goi Eskola Politeknikoko irakasle eta ikerlariak Puntua aldizkarian.

“Baina badago puntu bat non elkarren beharra dugun; euren beharrak gure arlora erakartzen ditu medikuak, eta alderantziz”, gaineratu du.

Oraingoz, soilik Rioja Salud Fundazioko Medikuntza Nuklearraren Unitatean erabiltzen dute ezkutua. Asmakizuna patentatu egin dute eta CIBIRenak dira eskubideen %80a eta Mondragon Unibertsitatearenak %20a.

Xabier Chamorro material metalikoak konformatzearen arloko ikertzailea da eta hainbat ikerketa-proiektutan murgilduta dago orain. “Automozio eta aeronautikaren sektorean aurkikuntzak egiten ohituagoak gaude eta, sarritan, medikuntzakoak baino handiagoak izaten dira. Kontua da medikuntzan egiten diren aurkikuntzek, txikiak izanagatik, onura zuzena dutela pertsonengan eta horregatik interes handigoa pizten dutela”, nabarmendu du.

Argazkiak: Maialen Santos. Puntua.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu