MGEP-en Goi mailako Heziketa zikloko Informatika teknikari konpetentziak lortzen ari den Leire Eraña DUAL ikaslearen lekukotza


Gaur Leire Erañarekin egon gara eta MGEP-ko ikasle bezala bizi izandako esperientzia kontatu digu.

-Kaixo Leire. Zer ikasi duzu? Konta diezagukezu zergatik aukeratu zenuen Sareko Informatika Sistemen zikloa ikastea? Eta zergatik aukeratu duzun Mondragon Goi Eskola Politeknikoa?
Ziklo hau egin aurretik, Haur Hezkuntzako gradua ikasi nuen, umeak nire pasioetako bat direlako. Baina ikusita gizartearen beharretako bat informatika zela eta kontuan izanik oso arlo zabala dela, Sareko Informatika Sistemen zikloa ikastea erabaki nuen, nire ezagutzak  handitzeko eta egia esan behar badut ez nago batere damututa. Zentroaren aukerari dagokionez, behin zer ikasi nahi nuen argi neukala, MGEP aukeratu nuen oso erreferentzia onak izan ditudalako.

Sareko Informatika Sistemen zikloan, ETHAZI metodologiarekin lan egin duzue, hau da, erronkak taldean lan eginez Informatika- mantenu teknikarietako funtzio profesionaletako konpetentziak lantzea. Zein motatako erronkak egin dituzue? Nola balioetsiko zenuke esperientzia hau?

Bai lehenengo zein bigarren mailan erronkak taldean burutu ditugu, ikasgai bakoitzean ikasitakoa konbinatuz, ikasitakoa kasu errealetara eramateko eta landutakoa hobeto barneratzeko.

Lehenengo mailan, hiru proiektu handi edo  erronka burutu behar izan genituen, hiruhilabeteko bat. Hasierako erronkan, CAU (Erabiltzailearentzako Arreta Zentroa)  bat egin behar izan genuen, planteatzen zizkiguten gertakari guztiak jaso eta ebatziz. Bigarren erronkan, asmatutako elkartearen sare sistema instalatzea eta konfiguratzea eskatu ziguten. Eta hirugarren erronkarako, asmatutako elkartea konektatu behar izan genuen, kontuan izanda eraikuntza bat Arrasaten zegoela eta bestea Cadizen eta behar zituzten baliabide guztiak kudeatu behar izan genituen.

Bigarren mailan berriz, ikasgai guztiak nahastuz eta hiruhilabeteko bat egin beharrean, ikasgai bakoitzaren bloke bakoitzarekin erronka bat burutu genuen, hau da, ikasgai bakoitzean gai bat amaitzen dugun bakoitzean erronka bat egin dugu, zailtasun pixka bat gehituz. Beraz bigarren mailan erronka gehiago egin ditugu.

Hau guztiarekin esan dezaket metodo hau oso emankorra dela, kasu errealei aurre egin behar diegulako, gauzak askoz ulergarriagoak egiten zaizkigu bere erabilgarritasuna ikusten dugulako.

Leire, klasean erronka baterako lan egiten:

DUAL programan ere parte hartu duzu, Zein enpresatan zaude? Zein motatako zereginak dituzu?
Arizmendi Ikastolan nago, sistemen departamentuan, zeregin desberdin asko ditugu, gehienak erabiltzaileekin lotuta egoten dira (irakasleak eta ikastolako ikasleak). Normalean, ordenagailuak prestatu, ekipamenduak itxuratu, gaurkotzeak egiten ditugu, dokumentazioa, ordenagailuei memoria gehiago jartzen diegu, datu baseak… egiten ditugu beraz lan nahiko osoa dela esan dezaket. horretaz gain web garapen baten lanean nabil, gune bakoitzeko IKT baliabideak eta bere ezaugarriak era errazean izan ditzagun teknikari guztiak.

Leire, Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko atean, DUALa egiten dagoen tokian.

– Zer eskaini dizu Arizmendi Ikastolan lan egiteak, ikuspuntu pertsonal eta akademiko batetik?
Alde batetik, pertsonalki esan dezaket honek balio izan didala benetan informatika mundua gustatzen zaidala ziurtatzeko eta egunero gauza berriak ikasten direla konturatzeko, gehien bat informatika arloan, teknologiak egunetik egunera aurreratuz doazelako eta honek pertsona bezala haztera eramaten zaitu.
Bestalde, heziketa-prozesuaren aldetik, oso atsegingarria izan da, askotan nahiz eta klaseak oso praktikoak edo errealitatera hurbilduak izaten diren, ez dakizu gero benetan zer topatuko duzun lanean zaudenean baia DUAL-ari esker sentsazio hori esperimenta dezakegu eta egiten ari garena zerbaitetarako balio duela ikusten dugu.

Gomendatuko zenioke norbaiti DUAL-a egitea, hau da, aldi berean lana egin eta ikastea?
DUAL-a oso gomendagarria da, egiten zaudena gustuko duzun edo ez konturatzeko era onena da, gainera informatikaren (nire kasuan) munduan enpresek dituzten beharretaz konturatzeko oso baliagarria da. Kontuan izan behar da, enpresan ordu gehiago egoterakoan, ikasteko eta klaseko lanak egiteko denbora asko gutxitzen dela, beraz, antolakuntza on bat izan behar da.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu