Maider Rodrigoren testigantza, Automatizazio eta Robotika Industrialeko ikasle DUALa Fagor Automationen (bideoa)


Maider Rodrigo, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Automatizazio eta Robotika Industrialeko ikaslea da eta bere testigantza utzi nahi izan dugu. Bere lanaren erronka bat bideo baten bildu du eta horretaz gain elkarrizketa bat izan dugu. Hona hemen  egindako galderak :

1- Izen abizenak eta titulua:

Maider Rodrigo Olivenza  (AUTOMATIZAZIO ETA ROBOTIKA INDUSTRIALA goi mailako zikloko 2.mailako ikaslea naiz).

2- Zergatik erabaki zegoen goi mailako zikloa ikastea?

2000tik 2004ra Humanitateak-Enpresa ikasi nuen MONDRAGON UNIBERTSITATEko Eskoriatzako fakultatean. Karrera amaierako proiektua ARRASATEko UDALETXEAn egin nuen. Proiektua, Udaletxeko Harrera Plana egitea izan zen. Ikasketak amaitu ondoren, FAGOR ELETRODOMESTICOSen lanean hasi nintzen. FAGORrez gain, EROSKIn eta inguruko beste enpresa batzuetan ere egin dut lan, baina inoiz ikasitakoarekin lerrokatuta. 15 urte horietan, aldi baterako lanean aritu nintzen. Tarte horretan alaba baten ama izan nintzen ere. Beti bueltaka ibiltzeaz eta inoiz enplegu egonkorrik ez izateaz nekatuta, 2019an berriro ikastea eta heziketa-ziklo honekin zortea probatzea erabaki nuen, eta nire esfortzuari eta nire familiaren laguntzari esker, zikloa aurrera ateratzea lortu dut.

3- Zergatik MGEP?

Gradua ikasi nuenean izandako esperientziagatik, MGEP aukeratu nuen zikloa egiteko. Ezagutzen nuen unibertsitatea zen, eta hurbiltasunagatik ere aukeratu nuen. Lehenengo ikasturtean ikasten bakarrik jardun nuen, ez nuen lanik egin eta bigarren mailan DUAL formakuntza programarekin osatu nituen. Azken ikasturte honetan, klaseak amaitzen zirenean, enpresara joan eta enpresako jangelan bazkaltzen nuen, eta, ondoren, hiru orduko lanaldia hasten nuen. Otsailean aurrez aurreko klaseak amaitu zirenean, nire prestakuntza DUALarekin jarraitu dut, baina zortzi ordura.

Zikloko nire ikaskideak Euskadiko leku guztietakoak izan dira: Beasain, Algorta, Astigarraga… gehienak mutilak izan dira, gehienak ni baino askoz gazteagoak, baina horrek ez du eragotzi haiekin oso gustura egon izana, haietako askok askotan lagundu didate eta nirekin oso ondo portatu dira.

4- Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Zer nolako erronkak egin dituzue?

Heziketa-zikloan bi proiektu handi landu ditugu: bata, lehen ikasturteko bigarren ebaluazioan landu genuen, eta, bestea, zikloari amaiera emateko landu dugu. Azken hau, zikloan zehar ikasi dugun guztia bildu du.

2021eko Urtarrilean, MGEPetik Gipuzkoako Foru Aldundia eta HETELen babesarekin  ETHAZI metodologia erabiliz proposatutako proiektu bat egiten aritu naiz ere. Enpresan arazo bat identifikatzea, enpresan bi edo hiru pertsonako taldea sortzea eta arazo horri irtenbidea emateko ETHAZI metodologia aplikatzea izan dira proiektuaren helburuak. Proposamen horri esker, metodologia honetan gehiago sakontzeko eta enpresan ezartzeko aukera eman zait, eta hau aberatsgarria iruditu zait.

 

Kristal kurtsorearen itsaste proiektua – Automatizazioa eta Robotika Industrialeko Heziketa ziklo

Maider Rodrigok DUALean egindako lana Fagor Automationen,

Gipuzkoako Foru Aldundia eta HETELen babesarekin egindako proiekturako  bideoa erronka laburbilduz

5- Nola baloratuko zenuke esperientzia hau?

Prozesua gogor samarra izan da, eta ahalegin handia egin behar izan dut. Hamabost urte neraman lan munduan murgilduta eta ez da erraza berriro ikasteko erabakia hartzea. Laneko ez-egonkortasunak bultzatu ninduen. Ibilbidea ez da erraza izan, baina pozik nago erabakia hartu nuelako, uste dut erabaki honi esker nire etorkizuna egonkorragoa izango dela.
6- Non izan zara DUALean?

Formakuntza duala FAGOR AUTOMATIONen egin dut. Ekainean eta uztailean fabrikazioan aritu nintzen lanean, 2017an enpresa honetan ere aritu nintzen, beraz fabrikatzen den produktua ezagutzen nuen eta haren zehaztasuna; horregatik, egoera berrira egokitzapena ez zitzaidan kostatu. 2020ko irailean, nire prestakuntza Ingeniaritza sailean hasi zen, eta hemen amaituko dut. Sail honetan zeregin desberdinak esleitu zaizkit, eta beti lankideen eta instruktorearen laguntza izan dut.

Zeregin horietako asko fabrikazioan sortzen diren arazoak konpontzera bideratuta egon dira, eta, askotan, zeregin horiek nire lankideen ezagutza trasferentziarekin batera joan dira. Nire kasuan, plantillako jende askok ezagutzen ninduen eta beti ondo tratatu izan naute.

FAGOR AUTOMATION makinak automatizatzeko eta kontrolatzeko produktuak garatzen eta fabrikatzen duen enpresa da, merkatua mundu mailakoa delarik. Historikoki Makina Erremintaren sektorean aritu izan da, baina azken urteotan oso merkatu garrantzitsua lortu du IT munduan (Information Tecnology) .
Hauek dira eskaintzen dituen produktuak:
– CNC sistemak (Laserrak, fresatzeko makinak, tornuak eta beste aplikazio batzuetarako CNCak)
– Kaptazio sistemak (Enkoder linealak, angeluarrak eta birakariak, eta kontakturik gabeko enkoder linealak)
– Bistaratze sistemak (Fresatzeko makinen, tornuen, mandrinagailuen, elektrohigadura-makinen eta artezteko makinen koten bistaratzaile digitalak)

Card

7- Zer ikasi duzu enpresan?

Enpresan, talde-lanaren eta lagunartekotasunaren garrantzia, esperientzia finkatua duten jendearengandik asko ikasi daitekeela eta esperientzia maila bat dela ikasi dut.

8- Enpresa horretan eginiko lanean, zikloan ikasitakoa erabili duzu? Zer bai eta zer ez?

Ingeniaritzako sailean egin dudan lana heziketa-zikloarekin lotuta egon da ia beti, eta ikasitako ezagutzetako batzuk praktikan jarri ahal izan ditut, adibidez: eskema elektrikoen diseinua, programazioa… Baina bizitzen ari naizen momentu honetan, hau ez da niretzat hain garrantzitsua, nire ustez garrantzitsuagoa enpresak zu ezagutzea, zure gaitasunak eta jarrerak ezagutzea eta norberak enpresari eman diezaiokeen guztia ezagutzea da.

9- Inpresioak zure lehenengo lan-esperientzia izan eta gero: zer espero zenuen eta nolakoa da?

FAGOR AUTOMATIONeko lan-esperientzia honek 2017an egiaztatu nuena berresteko balio izan dit. FAGOR AUTOMATION dagoeneko oso finkatuta dago lan egiten duen sektorean, oso ondo ezagutzen du ze merkatutan aritzen den eta, bere produktuen zehaztasuna dela eta, kalitatea oso garrantzitsua da. Bizi dugun osasun-egoera dela eta, eta bizi izan dugun urtea nolakoa izan den kontuan hartuta, oso eskertuta sentitzen naiz berriro enpresa honetara itzultzeko eman zaidan aukeragatik.

10- Bete al du zikloak (ikasketak+praktikak) zure gogoa zer egin hausnartzen ari zinenekoa

Nire etorkizunaz nituen itxaropenak aise gainditu ditu.

Maider Rodrigo  DUAL ikaslea Fagor Automationeko ordezkariekin (Eneritz Irastorza, Ion Beltza eta Haritz Anduaga)

eta MGEPeko tutoreekin (Jon Ormaetxea eta Osane Lizarralde), Gipuzkoako Foru Aldundia, HETEl proiektuaren sarrera emandako unean,

Fagor Automotionek Eskoriatzan duen gunearen sarreran

11- Orain daukazu ikuspuntuarekin, zein asmo duzu hurrengo kurtsorako?

Nire heziketa DUALa amaitzean, hemen lanean jarraitzea eta enpresako proiektu desberdinetan partehartzea izango litzateke nire nahia.

12- DUALean, zelan zure esperientzia, ikasi+lana?

Zoritxarrez, aurten, bizi dugun osasun-egoeragatik, prestakuntza DUALa lortzea zailagoa egon da. Modalitate hau egitea logikoa denez, denbora eta sakrifizio gehiago eskatzen du egiten ez duenarekin konparatuta, eta niretzat gehiago, gainera ama naizela, baina esfortzua pena merezi izan duela uste dut.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu