Irene Souto, MGEP GMHZ Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasle DUALaren testigantza


Irene Souto Carrera, MGEP-eko Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Mailako Heziketa Zikloko ikaslea da, Vigo-koa (Galizia) jaiotzez baina gaur egun Arrasaten bizi dena. Berarekin solasalditxo bat izan dugu, galdera batzuk egin nahi izan dizkiogu eta hona hemen bere erantzunak, zuekin partekatu nahi ditugunak:

Zergatik aukeratu zenuen Goi Mailako Heziketa Ziklo bat egitea?

Ni albaitaria naiz eta gainera betidanik izan nahi nuen albaitaria, baina urteekin asko sufritzen zela konturatu nintzen eta oso zaila dela lana eta bizitza familiarra konpatibilizatzea. Horregatik, beste gauza bat ikastea erabaki nuen. Arg neukan  osasun mundutik urrun izan behar zela, baina ez nekien oso ondo  zer. Orain dela urte asko, lagun batek  Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloa ikasi zuen, eta nik neuk ere MGEPen bi ikastaro egin nituen bere garaian, lan egiten nuenean, konkretuki, diseinua zer zen ideia bat egiteko. Bat SolidWorks-ari buruz izan zen eta bestea, marrazki teknikoari buruz. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta buru-belarri arlo horretan murgildu nintzen.

Zergatik MGEP?

MGEP-en ikastea erabaki nuen erreferentzia onak nituelako, irakasleengatik, instalazioengatik eta etorkizuneko aukerengatik. Hala ere informazio gehiago biltzeko, ate irekietan parte hartu nuen eta Idoia Urrutibeascoa koordinatzailearekin zuzenean egon nintzen nire zalantzen inguruan hitz egiten. Asko eskertu nuen berak azaldutako gertutasuna eta konpromezua. Gainera zortea izan nuen beste    heldu batekin, Maitane Uribe ikaskidearekin, koinziditzeagatik, berari esker zikloa oso eramangarria izan bait zait eta ikasketak, ardurak eta noski, poztasunak batera eraman ditugulako. Honetaz gain, bizitza osorako lagun bat lortu dut.

Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue.Zer nolako erronkak egin dituzue?

1. Mailan zilindro pneumatikoaren berdiseinuaren erronka egin genuen eta kurtso amaieran, vending makina baten diseinu eta fabirkazioaren erronka.
2. Mailan, berriz, 3DExperiencerekin lan egiten dugu ingurune kolaboratibo batean, plastikozko injektore baten zatiak diseinatzeko eta muntatzeko. Azken erronkan, skate bat diseinatu, ekoiztu edo fabrikatu eta muntatu dugu, taulatik hasi eta truckeraino. Benetan oso erronka betea izan da.

Esperientzia handia izaten ari da, asko ikasi dugula sentsazioa dut, bai diseinuko eta simulazioko programak erabiltzen (injekzioa, forja-lana), bai txostenak egiteko tresnak erabiltzen, lan-ingurunean oso erabilgarriak izango zaizkigulako etorkizun hurbilean eta noski, epe luzean ere.

DUAL-a egin al duzu? Non?

DUAL egiteko aukeraren berri eman ziguten Eskolan bertan, eta Eskoriatzako fabrikako FAGOR AUTOMATIONen sartzeko zortea izan nuen. Kalitatezko sailean lan egiten dut eta oso pozik nago, lana askotarikoa delako eta lan-giroa oso ona delako. Lehen egunetik harrera izugarria egin naute lankideek.
Fabrikara iristen edo irteten diren piezak plano bakoitzeko jarraibideen arabera kontrolatu behar ditugu, hainbat tresna eta makina erabiliz egiaztapenak egiteko.

Fagor Automationen encoder-ak eta erregelak egiten dira lantegian eta guk Eskoriatzako fabrikara sartzen diren piezen kontrola egin  behar dugu, baita Arrasatera, Usurbilra eta Txinara doazenak ere.

Kalitate-kontrolean jarraibidea betetzen ez duten piezak aurki ditzakegu, eta, beraz, piezen lotea deuseztatu behar da, ondorengo muntaketan akatsik ager ez dadin, edo amaierako bezeroan akatsik ager ez dadin, zuzeneko salmentakoak badira.
Batzuetan, beharrezkoa izan daiteke jarraibideetan edo osagai jakin batzuen ekoizpenean aldaketak egitea. Kalitate-saila etengabe dago harremanetan enpresako beste sail batzuekin, hala nola I+Grekin edo salmentekin.

Zer ikasi duzu enpresan?

Enpresan aplikatzen duzu eskolan lan egin dugun talde-lanaren garrantzia, guztion laguntzarekin ateratzen baita aurrera lana. Baloratuta sentitzen naiz, eta hori ere garrantzitsua iruditzen zait, gure onena emateko eta lan egiten duzun enpresaren parte sentitzeko.

Bai, zikloan eskuratutako ezagutzak erabiltzen ditugu, hala nola planoak interpretatzea, tresnak maneiatzea, fabrikazio-metodoak ezagutzea, piezetako marka normalak balioesteko, eta abar.

Inpresioak zure lehenengo lan-esperientzia izan eta gero: zer espero zenuen eta nolakoa da?

Beste esparru batzuetan ere lan egin dut, baina ziklo berri honetan esperientzia gustatzen ari zait.

Bete al du zikloak (ikasketak+praktikak) zure gogoa zer egin hausnartzen ari zinenekoa?

Nire asmoa arlo horretan lanean jarraitzea da, baina ez dut baztertzen ikastaro laburragoekin prestatzen jarraitzea, nire ezagutzak unero hobetzeko.

DUALean, zelan zure esperientzia, ikasi+lana?

Egia da une batzuetan gogorra egin dela ikasketak eta lana bateragarri egitea, baina uste dut merezi duela esfortzuak, lehen eskutik ezagutzen baita modulua amaitu ondoren egin ahal izango dugun lana, eta arlo baterantz edo besterantz bideratzen lagun diezagukeelako.

Eskerrik asko Irene zure esperientzia gurekin partekatzeagatik, eta zorionak egindako bideagatik!

Card

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu