Mekatronika Industriala: “DUALa enpresan egiteak autonomia eta erantzukizun handitzeko aukera eman dit. Nire buruarekiko konfiantza irabazi dut”


Ander Zubia Aguayo, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Ander Mekatronika industrialeko goi mailako zikloa burutzen ari da, DUAL aurreratua formatuan.

Zer dela eta erabaki zenuen Goi Mailako Heziketa Zikloa hau egitea? Eta zergatik MGEPen?

Mekatronika industriala aukeratu dut betidanik teknologiarekiko eta mekanismoen funtzionamenduarekiko interesa izan dudalako. Txikitatik gustatu izan zait gauzak nola mugitzen diren, nola konpontzen diren, eta nola automatikoki funtziona daitezkeen ulertzea. Mekatronika diziplina osoa iruditzen zait, mekanika, elektronika eta programazioa uztartzen dituelako, eta gaur egungo industriaren etorkizuna horixe de la uste dut.

MGEP aukeratu dut, alde batetik, erreferentziazko ikastetxea delako arlo teknikoan, eta bestetik, enpresekin duen harreman estuagatik. Praktikak egiteko aukera ugari eskaintzen ditu eta, gainera, ikastetxearen ekipamendu modernoak eta irakasleen prestakuntza maila altua oso erakargarriak iruditu zaizkit. Bestalde, inguruan dudan jende askok bertan ikasi du eta oso esperientzia ona izan dutela esan didate.

 

Zer suposatu du zuretzat zikloa ikasteak? Zikloko zein aspektu azpimarratuko zenuke?

Zikloa ikasteak esperientzia oso aberasgarria suposatu du niretzat, bai maila profesionalean eta baita pertsonalean ere. Batetik, mekatronikako arlo teknikoetan ezagutza handia lortu dut: automatizazioa, PLC programazioa, pneumatika, mekanika eta abar. Bestetik, lan egiteko ohiturak hobetu ditut, taldean lan egitearen garrantziaz jabetu naiz eta erantzukizuna hartu behar de la ikasi dut.

Ziklo honek, gainera, lan mundurako prestatzen lagundu dit; ez da bakarrik teoria, baizik eta eguneroko arazoei aurre egiteko gaitasuna ere lantzen da. Praktikek aukera eman didate benetako egoerak bizitzeko eta ikasitakoa aplikatzeko.

Azpimarratuko nuke praktikotasuna de la ziklo honen indargunerik handienetako bat. Tailerretan eta proiektuetan egiten den lana oso baliotsua da, teoriarekin uztartuta. Horrez gain, irakasleek ematen duten laguntza eta orientazioa ere aipagarria da, beti prest daude zalantzak argitzeko eta bidea errazteko.

Talde-lana eta proiektuka lan egitea ere nabarmenduko nuke. Hori dela eta, komunikazioa eta antolakuntza asko hobetu ditut. Etorkizunari begira, uste dut ziklo honek oinarri sendoa eman didala eta bide asko irekitzen dituela.

 

Noiz hasi zinen DUALean? Noiz bukatzen duzu?  Zein izan da zure instruktorea Enpresan? Zein da Enpresaren lan esparrua edo sektorea? Eta zein da zure DUALeko lan saila?

DUALa 2024ko irailean hasi nuen, eta 2025eko ekainean bukatuko dut. Nire enpresako instruktorea Patxi Kortabarria izan da. Berarekin harreman estua izan dut hasieratik, eta beti prest egon da zalantzak argitzeko, aholkuak emateko eta lanaren dinamikan txertatzen laguntzeko. Oso eskertuta nago bere pazientzia eta prestutasunarekin.

Enpresa Tratamendu Termikoan dago, eta bereziki materialei tratamenduak eta gogortasun altua lortzeko egiten du lan. Nire lan saila mantentze eta automatizazio saila da. Bertan, makina automatikoen programazioan, matxuren diagnosian eta konponketan parte hartzen dut, bai eta prebentziozko mantentze-lanetan ere.

 

Zein motatako lanak egiten dituzu DUALean?  Ikasitakoarekin lerrokatuak al daude? Zer nolako ardurak hartu behar izan dituzu?

DUALean lan praktiko asko egiten ditut, batez ere makinen mantentze-lanak eta instalazio elektrikoak. Ekipamendu automatizatuak konfiguratzen laguntzen dut, zirkuitu pneumatikoak eta hidraulikoak muntatzen, eta batzuetan matxura baten diagnostikoa egiten, teknikari taldearekin batera. Gainera, dokumentazio teknikoa erabiltzen ikasi dut eskemak irakurri, planoak ulertu eta lan-prozesuak planifikatzen. Noizean behin, tailerreko muntaia-lanetan ere parte hartu de, eta baita probak egiten eta martxan jartze prozesuetan ere.

Bai, guztiz. Zikloan ikasitako teoriak praktikan jartzeko aukera ematen dit, eta horri esker askoz hobeto barneratu ditut kontzeptuak. Automatizaría sistemak, adibidez, klasean lantzen genituen, eta orain benetako makinatan aplikatzen ari naiz. Horrek motibazioa ematen du, eta benetan ikasten ari naizela sentiarazten dit. Hasieran ikasketa fasean nengoen, baina pixkanaka-pixkanaka ardura handiagoak hartu ditut. Orain, adibidez, makina baten mantentze-plana burutzea. Era berean, segurtasun protokoloak betetzea eta denbora kudeaketa egokia izatea ere nire arduren parte da. Zenbait lanetan lankide baten laguntzarekin aritzen naiz, baina gero eta autonomia handiagoa dut.

Zer eskaini dizu enpresan DUALa egitea arlo pertsonaletik zein arlo tekniko-profesionaletik?

Arlo pertsonaletik, DUALa enpresan egiteak autonomia eta erantzukizun handitzeko aukera eman dit. Lehenengo aldiz ingurune profesional batean aritzeak segurtasuna eta heldutasuna irabazten lagundu dit. Gainera, lanerako ohitura sendoak hartu ditut: puntualtasuna, antolaketa, ekimena eta taldean lan egiteko gaitasuna. Beste langileekin harreman profesionalak izateak komunikazio eta jarrera aldetik ere asko irakatsi dit. Esango nuke konfiantza irabazi dudala nire buruarekiko.

Arlo tekniko-profesionaletik, benetako makinekin eta sistemekin lan egitea oso aberasgarria izan da. Zikloan ikasitakoa zuzenean aplikatzeko aukera izan dut: Mantentze lanetan eskarmentua hartu dut, eta makina konplexuen funtzionamendua hobeto ulertu dut. Gainera, benetako arazoei aurre egin behar izateak gaitasun teknikoak praktikan jartzera behartu nau, eta horrek asko hazi nau.

 

DUALa berriz egingo zenuke?

Bai, zalantzarik gabe DUALa berriz egingo nuke. Esperientzia oso baliotsua izan da niretzat, bai ikaskuntza aldetik eta baita lan mundura hurbiltzeko moduan ere. Enpresan aritzeak aukera eman dit ikasitakoa praktikan jartzeko, eguneroko erronkei aurre egiteko eta benetako lan dinamika ezagutzeko.

Gainera, askoz argiago daukat orain zer gustatzen zaidan, zein arlotan sentitzen naizen eroso, eta zer hobetu nahi dudan. Horrek lagundu dit etorkizunari begira bidea definitzen. Jakina da ez de la beti erraza: erritmoa bizia da, ardurak handiak dira, eta batzuetan tentsioa edo presioa ere sumatzen da. Baina horrek ere hazten laguntzen du. Horregatik esango nuke, bai, berriro egingo nuke DUALa, inolako zalantzarik gabe.

 

Zein da zure etorkizuneko asmoak?

Etorkizunean, nire helburua da mekatronikaren arloan lanean jarraitzea eta esperientzia irabazten joatea. Gustatuko litzaidake sektore teknologikoan sendotzea, eta ahal bada, automatizazio edo mantentze-laneko teknikari gisa aritzea hasieran.

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu