MGEP/Erasmus+: DUAL praktikak Rigan (Letonia)


Jon Ander Heinsohn Fernandez, Erasmus+ programaren barruan, DUAL partikak Rigan (Letonia) burutzen ari da. Jon Anderrek Sareko Informatika Sistemen Administrazioa (ASIR) goi mailako zikloa burutuko du Mondragon Goi eskola Politeknikoan (MGEP) eta atzerrian egingo ditu azken 3 hilabeteak.

Zergatik aukeratu zenuen Zikloa? Zergatik MGEP?

Informatika betidanik gustatu izan zait, eta ordenagailuen inguruko ezagutzak sakondu nahi nituen. Horregatik, Bigarren Hezkuntza amaitzean erabaki nuen ASIR zikloa egitea, eta MGEP hautatu nuen, bertako instalazioak, irakasleen prestakuntza eta eskaintzen dituzten aukerak oso ondo baloratuak direlako.

Ikasketa prozesuan, hasieran zaila egin zitzaidan dena kudeatzea, baina denborarekin antolatzen ikasi dut. Irakasleekin harremana ona izan dut beti; laguntzeko prest egoten dira eta giroa, orokorrean, lasaia eta laguntzailea da. Ikaskideen artean ere oso giro ona sortu dugu, talde lana erraztu duena. Bai, lagun-talde bat sortu dugu, eta horrek asko lagundu dit egunerokoan.

 

Zer esango zenuke ETHAZI metodologiaren inguruan?

ETHAZI metodologiarekin lan egitea oso aberasgarria izan da. Erronketan oinarritutako ikaskuntza da, taldean lan eginez eta benetako arazoak konpontzen saiatuz. Adibidez, sare bat konfiguratzea eta zerbitzariak muntatzea izan dugu erronka, eta horrek benetako lan-munduaren simulazioa ekarri digu. Esperientzia oso positiboa izan da: ikasteko modu aktibo eta motibatzailea da.

 

Nolatan erabaki zenuen Erasmus+ programan parte hartzea?

ERASMUS+ programan parte hartzeko gogoa ikasturtearen erdialdean piztu zitzaidan. Beste kultura bat ezagutzea, hizkuntza praktikatzea eta lan-esperientzia atzerrian izatea oso erakargarria egin zitzaidan. 2025eko martxoan joan nintzen Rigara, Letonia eta han bizi naiz gaur egun, partaide garen enpresa baten etxean alokairuan.

 

Non ari zara lanean? Nolako esperientzia izan da?

Enpresa batean ari naiz lanean, “WUPS SIA” izeneko batean, software garapenean espezializatutako enpresa ertain batean. Bereziki CRM sistemak garatzen dituzte bezeroentzat, eta nik dokumentazio teknikoa prestatzea, CRM diseinuen mockup-ak egitea, eta baita datu-baseak kudeatu eta garatzea tokatu zait. Programazio lan batzuk ere egin ditugu, beti taldekideekin elkarlanean. Taldearen barruan nire lanak beste kideen lanarekin uztartzen dira, eta funtsezkoa da komunikazioa eta arduraz jokatzea. Enpresan ikasi dut kalitateak eta zehaztasunak garrantzi handia dutela, eta gauzak ondo ez doazenean, garrantzitsua dela laguntza eskatzea eta taldean lan egitea.

 

Zikloan ikasitakoa baliagarria suertatu al zaizu lan munduan?

ASIRen ikasitakoa asko baliatu dut: sareei buruzko ezagutzak, Linux eta Windows zerbitzariak kudeatzeko gaitasuna, eta segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Hala ere, benetako lan-esparruan beste hainbat trebetasun behar dira, hala nola dokumentazioa modu zehatzean lantzea, bezeroekin komunikatzea, eta datu-baseak diseinatu eta programatzea.

 

Nola baloratuko zenuke izan duzun esperientzia?

Esperientzia honek asko eman dit pertsona bezala: autonomia, heldutasuna, komunikatzeko gaitasuna eta lan munduan moldatzeko segurtasuna. Formakuntza prozesuan oso pauso garrantzitsua izan da, eta etorkizuneko lanerako prest sentiarazi nau.

 

Hurrengo ikasturterako asmoa?

Praktikak amaitzean, lan munduan murgiltzea gustatuko litzaidake, esperientzia handitzeko. Hala ere, ez dut baztertzen etorkizunean espezializazio bat egitea, batez ere zibersegurtasunaren alorrean.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu