Sareko Informatika Sistemen Administrazioa: ” Inoiz ez da berandu, ikasketa berriak burutu eta ogibidez aldatzeko.”
Leire Elkoro Lasa Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Leire, Sareko Informatika Sistemen Administrazioko (ASIR) goi-mailako zikloko ikasketak burutzen ari da eta lehen ikasturtean dago.
Zergatik erabaki duzu Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi mailako zikloa egitea?
Duela gutxi arte, familiako negozio batean aritu naiz lanean, Arrasateko Elkoro etxetresna elektrikoen dendan. Bertan 25 urtez lan egin ondoren, guraso eta izeba osabek, jubilatu eta dendak ixteko erabakia hartu zuten, eta horren ondorioz nire ibilbide profesionalari aldaketa bat ematea erabaki dut. Gaztetan Informatikarekin zerikusia zuen Goi Mailako ziklo bat egin nuen, eta dendan ere, informatika sailean hasi nintzen lanean. Ziklo hark, “Informática de gestión” izena zuen, baino gaur egun inork ez daki zertaz ari zaren hori aipatzen duzunean. Egian esan, informatika mundua asko aldatu da azken urte hauetan eta berriz mundu horretara itzuli nahi banuen, argi neukan ikasketa berriak egin beharko nituela. Beraz Mondragon Goi Eskola Politeknikoan izena ematea erabaki nuen. Inoiz ez da berandu, ikasketa berriak burutu eta ogibidez aldatzeko.
Eta nolakoa izan da ikasgelarako itzulera? Kosta egin al zaizu?
Bai, hainbeste urte pasa ondoren ez da erreza izan. Dena den, ikasketek, daukazun jarrerarekin zerikusi handia dute, eta nire partetik, argi neukan gogoz saiatuko nintzela, beraz, klase guztietara joan, klasean oso adi egon, eta zalantzak nituenean irakasleari galderak egiten nizkion. Gutxinaka, berriz ere ikasketa mundura ohitzen joan nintzen eta azkenean, lan eginda izan bada ere, ikasgaiak erraz gainditu ditut lehen ikasturte honetan.
Irakasleek izan duten jarrerak ere asko lagundu dit, gertukotasuna erakutsi baitute gurekiko izan duten tratuan. Zalantzak izan ditugunean laguntzeko azaldu dira beti eta azkenean konfiantzazko harreman bat sortu da ikasgelan.
Eta klase kideak? Nabaritu al duzu generazio desberdinen arteko saltorik?
Noski, hasieran ez zen erraza izan. Nik 49 urte dauzkat eta beste guztiak, 18-20 urte inguru. Gainera, beraiek aurretik sortutako taldeak zituzten, elkar ezagutzen zuten, ni ordea bakarrik etorri nintzen. Hortaz gain, klaseko emakume bakarra nintzen.
Dena den, kurtsoan zehar talde lanak egin ditugu eta lan horiek integratzen lagundu naute, eta adin saltoarekin ohikoak diren desberdintasunak alde batetara utzi eta erlazio ona izatea.
Ze plan dauzkazu etorkizunerako?
Argi neukan hurrengo urtean DUAL intentsiboa egin nahi nuela eta zorionez aukera izango dut LKS enpresan. Ekainak 22an hasiko naiz bertan lanenean eta ilusio handiarekin nago. Badakit hurrengo urtea aurtengoa baino gogorrago izango dela, bigarren ikasturtea egiteaz gain enpresan ere lan egin beharko dudalako, baina gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, bai ikasgelan eta baita LKS enpresan ere. Heldutasunak zure buruarengan konfiantza gehiago ematen dizu eta uste dut erronka hau aurrera ateratzeko gai izango naizela.

+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu