Autoamtizazio eta Robotika Industriala: Erasmus+ Milan-en (Italia)


Danel Sierra Gómez, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Danelek, Automatizazioa eta Robotika Industrialeko goi mailako zikloa ikasi ostean, praktikak Erasmus+ programaren barruan burutu ditu Milan-go (Italia) enpresa baten.

Zergatik aukeratu zenuen Automatizazio eta robotika zikloa ikastea? Zergatik MGEPen?

Betidanik gustatu izan zait teknologia eta gai horrekin zerikusia duten ezagutzak garatzea, automatizazioa, programazioa eta robotika industriala, beraz, ziklo honek hau guztia lantzeko aukera ematen zidan eta egitea erabaki nuen. MGEP etxetik gertu nuen aukera izanik bertan izen ematea erabaki nuen, baino oso erreferentzia onak nituen, bai ikasketa kalitateari dagokionez eta baita dauzkaten lan egiteko modu eta metodologien inguruan.

Nolakoa izan da MGEPen bizi izandako esperientzia?

MGEPen ikasketak buru izanak maila pertsonalean eta teknikoan hazteko aukera eman dit. Bi urte hauetan bizi izandako esperientziaren inguruan, batez ere talde lana eta egin ditugun erronkak nabarmenduko nituzke. Erronkek ezagutza ugari eskaini dizkigute, benetako arazoei irtenbidea aurkitu behar izan diegulako, eta horrek antolakuntza landu beharra suposatu izan du, bentako industria ingurune batean bezala, benetako esperientzia profesional bat izan balitz bezala. Gainera klase kideen arteko giroa oso ona izan da eta kurtso bukaeran, esperientzia ugari partekatu duen lagun taldea sortu dugu eta klase kide askorekin, zikloa amaitu ostean, harreman mantentze jarraituko dut.

Eta irakasleekin izandako harremana, nolakoa izan da?

Irakasleekin izandako harremana oso ona izan da. Zalantzak edo zailtasunak genituenean beti laguntzen saiatzen ziren, eta parte-hartzea eta arduratsua izatea asko baloratzen zuten. Horrek lan mundurako prestatzen laguntzen duela uste dut, autonomia eta konpromisoarekin lan egitera ohitzen baitzara.

Zergatik erabaki zenuen Erasmus + programan parte hartzea?

Erasmus+era joateko ideia antzeko esperientzia bat izan zuen lagun bati esker sortu zen. Berak oso ondo hitz egin zidan esperientziak ematen duen guztiari buruz, bai profesionalki bai pertsonalki. Esan zidan zure erosotasun eremutik ateratzek helduago izaten laguntzen zaituela, beste kultura batzuk ezagutzen dituzula eta zure kabuz moldatzen ikasten duzula. Hori entzun ondoren, interesa piztu zitzaidan eta aukera aprobetxatzea erabaki nuen.

Non burutu duzu programa? Ze enpresatan lan egin duzu?

Nire Erasmus+ programa Milanen (Italian) burutu dut, eta ERRE DI SRL izeneko enpresan egin dut. Enpresa hau balazta piezen eta industria osagaien fabrikazioarekin lotuta dago. Bertan, Italiako enpresa batek barrutik nola funtzionatzen duen ikusi, eta produkzio zein lan prozesuak nola antolatzen diren ezagutzeko aukera izan dut.

Ze lan burutu dituzu enpresan?

Enpresan informatika eta robotikako lanetan aritu naiz. Informatikaren arloan datu desberdinak kudeatzen aritu naiz, sistemekin laguntzen eta informazioa antolatzeko lanak egiten. Robotika eta produkzioaren arloan, piezen fabrikazioarekin eta robot zein makinekin lotutako prozesuetan lagundu dut. Horri esker, zikloan ikasitako gauza asko benetako lan ingurune batean nola aplikatzen diren ikusteko aukera izan dut.

Zer nabarmenduko zenuke bizi izan duzun esperientzia honetatik?

Esperientzia honek ez dizkit ezagutza teknikoak bakarrik eskaini, lan munduan garrantzitsuak diren baloreak zeintzuk diren ikasteko ere eman dit eta hori asko gustatu zait. Adibidez, talde lanaren garrantzia hobeto ulertu dut eta horrek etorkizunean asko balioko didala uste dut. Enpresa batean pertsona baten lanak zuzenean eragiten dio besteen lanari, eta horregatik garrantzitsua da antolatua izatea eta zure zereginak ondo egitea. Horretaz gain, arazoak agertzen direnean moldatzen eta modu autonomoago batean konponbideak bilatzen ere ikasi dut.

Zailtasunik aurkitu al duzu? Nola gaindituz dituzu oztopoak?

Erronka handienetako bat hizkuntza eta kultura aldaketa izan da. Hasieran zaila egiten da beste herrialde batean bizitzera ohitzea, beste hizkuntza batean hitz egitea eta etxetik urrun egotea, baina denborarekin konfiantza handitzen joaten da. Uste dut esperientzia honek asko lagundu didala heldutasun maila handiago bat lortu eta etorkizunerako prestatuago sentitzen.

Nolako izan da orokorrean esanda esperientzia hau?

Maila pertsonalean, esperientzia izugarria izan dela uste dut. Leku askotako jende berria ezagutu dut, beste kultura bati buruz ikasi dut eta ziur asko beti gogoratuko ditudan egoerak bizi izan ditut. Gainera, atzerrian lan egiteak nire ikuspuntua zabaltzen lagundu dit eta ohiko ingurutik kanpo aukera asko daudela konturatzeko balio izan dit.

Ze plan dituzu etorkizunerako?

Etorkizunari begira, esperientzia honen ondoren profesionalki hazten jarraitu nahiko nuke, bai ikasten jarraituz bai lan munduan bete-betean sartuz. Nazioarteko esperientzia hau bizitzeak motibazio eta konfiantza handiagoa eman dit erronka berriei aurre egiteko eta ikasten jarraitzeko.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu