Automatizazio eta robotika industriala: “Helduagoa izateak asko laguntzen du ikasketa prozesuan”


Iskander Oscoz Gamboa, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Iskander Automatizazio eta robotika industrialeko goi mailako zikloko bigarren urtea burutzen ari da, DUAL formatuan.

 

Automatizazio eta robotika industriala goi mailako heziketa zikloa ikasten ari zara, zergatik aukeratu zenuen zikloa eta zergatik MGEP?

Urte batzuetan ostalaritza munduan lan egin ostean, nire lanbidea aldatzea erabaki nuen, ez bait nengoen gustura bertako lan baldintzekin. Horretarako ikasketak egitea erabaki nuen eta nire arrebak robotika egiteko aukera ona izango zela esan zidan. Basaurikoa izan arren, ikasketak Arrasaten egitea erabaki nuen, MGEP-ek inguruko enpresekin harreman oso ona duelako, eta horrek, lan mundurako bidea asko erraztuko zidalako.

Eta nolakoa izan da mundu akademikorako itzulera?

Uste nuena baino askoz hobea. Duela urte batzuk ostalaritza graduko ikasketak egin nituen eta urte asko neramatzan mundu akademikotik urrunduta. Hasieran, beldurtuta etorri nintzen Eskolara, ez nekien ikasteko gaitasuna galdua izango nuen edo ez. Baino klaseak hasi bezain laster, heldutasunak ikasketa prozesuan asko laguntzen duela konturatu nintzen: Gauzak ikasteko erraztasun handiagoa izan dut, klaseetan erabat kontzentratuta egoten naiz, jakinmina neukan eta galderak egiten nizkion irakasleari, ikasteari zentzua ikusi diot eta motibazioa ere oso altua izan da. Oso nota onak atera ditut, oso gustura nago hartu dudan erabakiarekin.

DUAL formatuan egin dituzu ikasketak, horrek ere eragina izan al du zure bizipenetan?

Bai, asko gainera. Enpresa batean praktikak egiteak asko laguntzen du ikasitakoari praktikotasuna emateko garaian. Baino ez hori bakarrik, DUAL formatuari esker FAGOR Automation kooperatiban lan egiteko aukera izan dut eta esperientzia ezin hobea izan da: Oso arrera ona egin didate enpresan, malgutasuna eskaini didate ordutegia ikasketen beharren arabera moldatu ahal izateko eta departamentu koordinatzaileengandik etengabeko laguntza jaso dut.

Irakasleekin eta ikaskideekin ondo moldatu al zara?

Bai, irakasleengandik erabateko babesa jaso dudala uste dut, asko lagundu didate gauzak ondo ulertu eta zalantzak argitzen. Beste ikaskideekin ere oso harreman ona eduki dut, adin desberdineko pertsonek eratutako talde anitza eta oso atsegina sortu dugu bi urte hauetan.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu