Eragiketa-teknologien inguruneetako zibersegurtasuna: “Irakaslea eta ikaslearen arteko gertutasuna ezinbestekoa da”


Nagore Garitaonaindia Uribe, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Nagore, Sareko Informatika Sisteman Administrazioko zikloa (ASIR) ikasi ostean, Eragiketa-teknologien inguruko zibersegurtasunari buruzko espezializazio kurtso burutzen ari da.

 

Eragiketa-teknologien inguruneetako zibersegurtasunari buruzko espeziazio kurtsoa egiten ari zara, zergatik aukeratu zenuen kurtso hau eta zergatik MGEP?

Kurtsoa hau egin aurretik, Sareko Informatika Sistemen Administrazioko (ASIR) goi malako zikloa ikasi nuen, 2 urtez, eta ikasketa horien ostean, espezializazio kurtso bat egiteak, nire kurrikulum akademikoa hobetuko zuela pentsatu nuen. Txikitatik izan ditut gustuko ordenagailuak, eta argi neukan, zikloek, ikasketa teorikoen ordez, ikasketa askoz praktikoagoak eskaintzen dituztela eta gustoko dut hori.

Arrasaten bizitzeak eragina izan du MGEP hautatzeko erabakian, baina batez ere, Eskolak inguruko enpresekin duen harreman estuak eraman ninduen aukeraketa hau egitera. Inguruko enpresa edo kooperatiba batean lan egitea gustatuko litzaidake.

Zikloen inguruko ikasketek duten alderdi praktiko hori antzeman al duzu MGEPen?

Bai, erronketan oinarritutako metodologia asko gustatu zait, oso praktikoa da. Baina gehien gustatu zaidana, irakasleek eman diguten askatasuna izan da. Libre sentitu gara, erronkak guk nahi genituen eran aurrera ateratzeko, irakasleak zer lortu behar genuen esaten ziguten, baino ez nola lortu behar genuen. Proba eta erroreetan oinarritutako metodologia honekin asko ikasten da.

Askatasunaz gain, irakasleengandik babesa ere jaso al duzue?

Bai, irakasle eta ikasleon arteko harremana oso gertukoa izan da, elkarrenganako errespetu eta konfiantzan oinarritutakoak. Eta hori ezinbestekoa iruditzen zait ikasketa prozesua esperientzia atsegina eta aberasgarria izan dadin. Zalantzak badituzu, laguntzarik behar izan ezkero, beldurrik gabe galdetu diezaiokezu irakasleei eta badakizu beraien laguntza eta babesa izango duzula.

Ikasketak DUAL formatuan egin dituzu, zer nabarmenduko zenuke horren inguruan?

Espezializazio kurtsoa hasi eta gero ORBIK Cybersecurity enpresan hasi nintzen praktikak egiten. Enpresan egoteak asko laguntzen du, enpresa errealitatea baita. Erronketan simulazioak egiten ditugu eta DUAL formatuak erronketan ikasitakoa errealitatean aplikatzeko aukera ematen dizu. Orduan ikusi dut, eskolan ikasitakoa, oso baliagarria izan zaidala.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu