MGEP/Erasmus+: Praktika DUALAK Rigan (Letonia) — Markel Larreina ASIReko ikasleari elkarrizketa


Markel Larreina Martinez, Erasmus+ programaren barruan, Rigan (Letonia) egon da praktikaldia egiten. Egonaldian, WUPS SIA izeneko software-enpresan aritu da lanean. Markelek Sareko Sistema Informatikoen Administrazioko (ASIR) goi mailako zikloa amaituko du ikasturte honetan Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP), azken hilabeteak atzerrian esperientzia profesional eta pertsonal aberasgarria bizitzen eman ondoren.

Zergatik erabaki zenuen ASIR zikloa egitea?

Informatika betidanik gustatu izan zait, eta teknologiaren mundua oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Horregatik erabaki nuen ASIR zikloa egitea, sistema informatikoak eta sareen administrazioa sakonago ezagutzeko.

 

Zergatik MGEP?

Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) aukeratu nuen eskaintzen duen prestakuntza praktiko eta kalitateagatik, eta noski, ETHAZI metodologia aktiboagatik ere bai.

 

Nola konpontzen zinen ikasten? Zer moduz irakasleekin harremana? Zer moduz ikasleen arteko lan-giroa? Lagun-taldea osatu duzue?

Ikasteko nahiko autodidakta naiz, baina talde-lanean ere ondo moldatzen naiz. Irakasleekin harremana oso ona izan da; beti prest egon dira laguntzeko. Ikaskideen artean giro ona egon da eta lagun-talde sendo bat osatu dugu. Erronkak elkarrekin gainditu ditugu.

 

ETHAZI metodologiarekin, zer nolako erronkak egin dituzue? Nola baloratuko zenuke esperientzia hau?

ETHAZI metodologiaren bidez hainbat erronka egin ditugu, adibidez, zerbitzariak konfiguratzea, sareak diseinatzea eta segurtasun-kopiak automatizatzea. Esperientzia oso positiboa izan da: benetako lan-giroan bezalako esperientzia eskaintzen digu.

 

Noiz piztu zitzaizun gogoa ERASMUS+, atzerriko esperientzia izateko? Zein motibaziorekin?

Betidanik izan dut atzerrian bizitzeko eta lan egiteko gogoa, beste kultura batzuk ezagutzeko. Aukera polita iruditu zitzaidan nire ezagutza praktikan jartzeko eta aldi berean esperientzia pertsonal aberasgarria bizitzeko.

 

Nora joan zinen? Non bizi izan zara? Nola?

ERASMUS+ esperientzia Rigan (Letonia) bizi izan dut. Han bizi izan naiz Youthments izeneko ikasleentzako egoitza batean.

 

Zein enpresatan egin duzu lan? Nolakoa da enpresa hori?

WUPS SIA izeneko software enpresa batean lan egin dut. Enpresa txikia da, baina teknologian oso espezializatua. Software-soluzioak eskaintzen ditu, batez ere bezeroentzako sistemak automatizatzeko.

 

Ze lanak egin dituzu? Zein garrantzia zuen zure lanak, edota zure taldearen lanak enpresaren martxan?

Lan nagusia datu-baseekin aritzea izan da, batez ere SQL erabiliz. Datuak kudeatu, bilatu eta eguneratu ditut, eta hori funtsezkoa da softwarearen funtzionamendurako. Nire taldeko lanak zuzen-zuzenean eragiten dio bezeroari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitateari.

 

Zer ikasi duzu enpresan?

Enpresan ikasi dut kalitateak eta ardurak duten garrantzia, eta talde-lana ezinbestekoa dela. Nire lana besteen lanean oinarritzen da eta alderantziz. Halaber, ikasi dut bakarrik lan egin behar dela batzuetan, eta horrek norberaren autonomia garatzen du.

 

Enpresa horretan eginiko lanean, zikloan ikasitakoa erabili duzu?

Bai, adibidez, SQL datu-baseak erabiltzeko gaitasuna asko erabili dut. Hala ere, enpresako software zehatz batzuk berriak izan dira niretzat eta horiek bertan ikasi behar izan ditut.

 

Zure gaur egungo esperientziak zein ekarpenak egin dizkizu pertsona bezala? Zure formakuntza prozesuan? Zure etorkizuneko lanerako?

Esperientzia honek autonomia, moldagarritasuna eta beste kultura batzuk ulertzeko gaitasuna eman dizkit. Profesionalki, nire ezagutzak zabaldu ditut eta lan-esperientzia baliotsua eskuratu dut.

 

Orain daukazun ikuspuntuarekin, zein asmo duzu hurrengo kurtsorako?

Nire helburua datorren ikasturtean zibersegurtasuneko espezializazio batean izena ematea da. Arlo horretan sakondu nahi dut, oso interesgarria eta gaur egungoa iruditzen zaidalako.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu