Mekatronika Industriala: Erasmus+ Sofian (Bulgarian)


Ibai Macías San Martin, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Ibaik, Mekatronika Industrialeko goi mailako zikloa ikasi ostean, praktikak Erasmus+ programaren barruan burutu ditu Sofia-ko (Bulgaria) enpresa baten.

Noiz , nola piztu zitzaizun gogoa Erasmus+, atzerriko esperientzia izateko?

Zalantzak izan nituen hasiera batean, baino ondo pentsatu ostean atzerrian lan egiteko aukera oso interesgarria iruditu zitzaidan, batez ere nire ingelera maila hobetzen lagunduko zidalako. Atzerriko herrialde batean lan egiteak, kanpoko jendea ezagutzeko aukera ere ematen dizu eta hori ere oso interesgarria iruditu zitzaidan.

Zein herrialdetara burutu duzu Programa?

Programa 2026ko martxoan hasi nuen eta Bulgariara joatea egokitu zitzaidan, Sofia hirira hain zuzen. Bertan, WrokNomands ikasle eta langileentzako egoitza batean bizi izan naiz. Egoitza honek behar nituen zerbitzu guztiak eskaintzen zizkidan eta prezio baxu batean.

Zein enpresatan ibili zara lanean eta ze lan burutu dituzu bertan?

Centillion deituriko enpresa batean aritu naiz lanean. Elektronika arloko produktuak ekoizten dituen enpresa bat da Centilion, sonotoneak hain zuzen, beraz produktu horren fabrikazioarekin erlazioa izan dituzten lanak burutu ditut. Hasieran sonotonearen karkasak egiten aritu nintzen eta ondoren kargagailuak egiten aritu nintzen. Azken aldian, pieza guztiak sailkatu eta plastikozko poltsetan sartzen ibili naiz, ondoren nire lankideek muntaia lanak burutu ahal zitzaten.

Zer eskaini dizu esperientzia honek? Zer ikasi ahal izan duzu?

Esperientziak lan mundura gerturatu nau eta enpresa betan izan beharreko zenbait aspektu eta jokaera landu ahal izan ditut. Alde batetik ardura bat izatea zer den ikusi izan dut eta arduratsuagoa izaten ikasi dut, hau da, nire lanak garrantzia duela eta beste lankideengan eragina izango duela, eta horren aurrean nik zeresana badudala. Talde lanak duen garrantzia ere ikusi ahal izan dut eta talde lanetan hobeto moldatzen ikasi dut. Azkenik autonomia aipatuko nuke, Eskolan ez bezala, gauza asko nire kabuz egin behar izan ditut eta inoren langintzarik gabe eta horrek asko lagundu dit nire buruarengan konfiantza gehiago hartu eta burujabetza maila altuago bat lortzen.

Nola baloratuko zenuke Erasmus+ esperientzia orokorrean?

Orokorrean, oso esperientzia ona izan da niretzat. Oso ondo pasatzeko aukera izan dut lan eginaz eta herrialde berri bat ezagutuz. Esperientzia honek, pertsona bezala helduago izaten erakutsi dit, eta horrek, etorkizunera begira, asko lagundu dit. Orokorrean oso esperientzia ona izan da eta oso oroitzapen onak utzi dizkit.

Ze plan dituzu etorkizunerako?

Lehen zikloa amaitu ostean, bigarren goi mailako ziklo bat egite gustatuko litzaidake, hau da ikasten jarraitzeko asmoa daukat. Fabrikazio mekanikoko Diseinuko zikloa egite gustatuko litzaidake.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu