Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren 10 PRINTZIPIO KOOPERATIBOAK


Mondragon Kooperatiba Esperientziaren oinarrizko printzipioetan esperientzia horretako erakundeen izaera kooperatiboa biltzen da. Araudi corpus horrek gidatzen du kooperatiben zeregina eta hark zehazten ditu kooperatiba izateak beste mota batzuetako erakundeekiko dituen berezitasunak. Ildo horretatik, Mondragonek bere buruari atxikitzen dion adierazpen ideologikoa dira printzipioak.

1987ko urrian idatzi ziren, eta Mondragonen I. Kongresu Kooperatiboan eman zieten onespena. Printzipioak idatzi eta onartu izanari esker, koherentzia eta sistematikotasuna eman zitzaien aurreko hogeita hamar urteetan Mondragoneko kooperatiben nortasuna taxutu zuten indar-ideiei.

Printzipioetan nabarmena da Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren (ACI) 1966ko oinarrien zuzeneko eragina, eta haien jarduera-esparrua kooperatibismoaren modalitate guztiak arautzen dituen legediari lotzen zaio.. Baina printzipioen ezarpen praktikoa ACItik haratago doa. Izan ere, ordainsarien elkartasunaren eta gizarte-eraldaketaren printzipioak, adibidez, Mondragon Kooperatiba Esperientziaren berariazko ezaugarriak dira; alegia, denbora eta espazio jakin batean kokatutako errealitate kooperatibo baten ezaugarri bereizgarriak dira.

Begi-bistakoa dirudien arren, azpimarratu beharra dago garrantzizkoa dela printzipio kooperatiboak beren osotasunean hartzea, eta ez bakoitza bere aldetik. Izan ere, litekeena da printzipioren bat beste mota batzuetako erakundeek ere beren gain hartzeko modukoa izatea; baina multzoa, elkarri uztartutako elementuek osatutako osotasun gisa, enpresa kooperatiboei besterik ez dagokie. Nolanahi ere, hortik ezin ondoriozta daiteke printzipio guztiek garrantzi edo esangura bera dutenik. Adibidez, lehen, bigarren eta zortzigarren printzipioak, antolaketa demokratikoaz, lanaren subiranotasunaz eta gizarte-eraldaketaz dihardutenak, hurrenez hurren, Mondragon Kooperatiba Esperientziaren bizkarrezurra dira, eta, gainera, Arizmendiarrietaren pentsamenduaren muinarekin bat datoz, zeharo.

Printzipioen konparazioa eginez, beste faktore bereizgarri bat ere ikusten da: batzuk orokorrak dira, eta, aldiz, beste batzuk, esaterako zortzigarrena —esperientziaren sorlekuko ingurune sozialarekiko eta lurraldearekiko konpromiso argia adierazten duena—, zuzenean lotuta dago Mondragon Kooperatiba Esperientziaren berezitasunekin.

Bestalde, kapituluaren antolaketa nahiko sinplea da: hamar printzipio kooperatiboetako bakoitzaren formulazioa aditzera ematen da; eta, ondoren, printzipioen aplikazioari erreparatu eta banan-banan azaltzen dira, gaur egungo egoerari buruzko ikuspegi kritikotik bereziki adierazgarriak diren alderdiak nabarmenduta. Hemen duzu kapitulu osoa irakurtzeko aukera.

Hay 1 comentario