2. moduluari itxiera: Ekonomia Sozial eta Solidarioko esperientziak biltzen


Mezu honen bitartez 2. moduluari amaiera eman nahi diogu. Modulu honetan, Arrasateko Kooperatiba Esperientzian murgildu gara. Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren historia eta Arizmendiarrietaren pentsamendua oinarri hartuta hamar Printzipio Kooperatiboak landu ditugu. Era berean, gaur egungo MONDRAGONen gaineko argazki bat ere landu dugu 2.1 gaian.

Eztabaida Foroan eta aukera moduan zuek ezagutzen zenituen esperientziak konpartitzeko gonbita egin genizuen eta ekarpen politak jaso ditugu. Horra hor zuen ekarpenekin osatutako errealitate sozioekonomiko batzuen zerrendatzea.

Ekonomia sozialeko eta ekonomia solidarioko hainbat esperientzia:

Olatukoop Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko sarea da. Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Ekonomia soziala, solidarioa ez ezik, eraldatzailea ere badela sinetsita gaude

Ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako ekintzailetasun programa ezagutarazi nahi izan du forokide batek. Beterri eskualdean, KOOPeratzen programa jarri zen iaz martxan, eta ekonomia sozial eta eraldatzailean formazioa eskaini zen. Parte hartzaile horren iritzia: ´Ezinbestekoa iruditzen zait egitasmo hau ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzeko, eta sortzen diren enpresa-ideia berriak bestelako ekonomian aritzea helburu izateko.´

Azkenik, beste kide batek Euskal Udalekuak zer diren azaldu digu eta honako iruzkina gehitu dio bere azalpenari: “Gogorapen hau ekarri nahi nuen plaza honetara, hau bezalako ehundaka testigantza izango direlako Euskal Herrian herrigintzatik, autoeraketatik eta autogestioa ardatz hartuta lankidetzan proiektu ezberdinak aurrera eraman dituztenak eta beste proiektu eraikitzaile batzuren haziak izan direnak.”

Esperientzia hauek denak hemen, gure  blog-ean,  jaso ditugu datozen egunetan  eta behean komentarioak publikatuz eta elkarrizketa sustatuz osatzeko aukera izan dezagun. Animatu eta egin zure ekarpena, denon artean proiektu eta ekimen interesgarriak bilduko ditugu.

Aurreko moduluan bezala, oraingo modulu honetan ere partehartze handia izan dugu foroan eta Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren inguruko galdera biziak atera dira, kontraesanak, paradoxak edo eta erronkak. Horiei, guztiak kontuan hartu eta 3. eta 4. modulutan Esperientzia bizi honi buruzko hausnarketak egiteko aukera izango dugu. Animo hurrengo moduluko gaiekin.

Dinamizatzaile Taldea

+ No hay comentarios

Añade el tuyo