Moodle 2.0 MUra iristear dago!
Jakingo duzuenez, Mondragon Unibertsitatean erabiltzen dugun VLE-a Moodle da (zer da Moodle?); orain dela zazpi bat urte instalatu genuen lehenengoz eta apurka apurka bere erabilera zabaltzen joan da, gaur egun erabilera ia erabatekoa delarik.
Urte guzti hauetan Moodle proiektua ez da gelditu eta aldiro bertsio berriak atera dira. 2010eko azaroan, bi urte baino gehiagoko lan gogorraren ondoren, Moodle 2.0 bertsioa kaleratu zen. Bertsio berri honek hainbat berrikuntza dakar eta horregatik ez dugu kurtsoan zehar bertsio aldaketa egin nahi izan. Baina orain heldu da 1.9 bertsioa atzean uzteko momentua eta datorren urtera begira bertsio berria martxan jarriko dugu, eta hilabete honetan bertan 2.1 bertsioa ere kaleratu denez zuzenean 2.1 bertsiora egingo dugu salto (2.1 bertsioak ez dakar hainbeste berrikuntza 2.0rekin alderatuta, baina batzuk oso interesgarriak dira, 1.9 bertsioko segurtasun kopiak berreskuratzeko gaitasuna, esaterako).
Motorrak berotzen joateko, bertsio berriak dituen berrikuntza nabarmenenak 2 minututan laburtuta (eta tekno erritmoan) bideo honetan ikus ditzakezue.
Komentatu ditugun berrikuntzetaz gain, 2.0 bertsioak orain arte gauza batzuk egiteko erabilitako modua aldatu du, eta horien artean fitxategien kudeaketa berriak hizpidea eman du (baita polemika pixka bat piztu ere). Fitxategien aldaketa horiei buruz gehiago jakin nahi baduzu hurrengo bi aurkezpenetan oso modu entretenigarrian azaltzen dira:
Dave’s Moodle 2.0 File Adventures
Dave’s Moodle 2.0 File Adventures Part II
Hurrengo ikasturtean berrikuntza guztietaz gozatu ahal izateko Moodle 1.9 bertsiotik 2.1 bertsiorako aldaketa datorren astean egingo dugu.
Ah! Eta ez zaitezte kezkatu zerbait egiterako orduan modua aldatu dela ikusten baduzue edo bertsio berriarekin arazoren bat baduzue, aldaketaren zehaztasunak eta bertsio berriak dakartzan funtzio berriak erakusteko irailean bertan MUko fakultate guztietan formakuntza saioak hasiko ditugu eta.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu