Moodle 2.7ren berrikuntzak


Ikasturte amaitzearekin batera Moodle-ko bertsio berria Mondragon Unibertsitatera heldu da, 2.7 bertsioa hain zuzen ere. Post honetan bertsio honek orain arte izan dugun 2.5 bertsioarekiko dakartzan berrikuntza nabarmenenei gainbegiratu bat emango diegu (hemen bertsioen aldaketen zerrendak: 2.7 eta 2.6).

.

Moodle 2.7Itxura berria

Moodle-n sartzean nabarituko dugun lehen gauzetako bat honen itxura berria izango da. Sarri Moodle-ri “itsusia” izatea aurpegiratu izan zaio eta azkenengo bertsioetan lan handia ari dira egiten arlo honetan. Itxura berria garbiagoa izateaz gain, edozein gailuetako pantailen tamainetara egokitzeko diseinatua dago.

Irakasleek ikastaroak diseinatzen daudenean ediziorako aukerak orain menu bateratu batean izango dituzte, eta testuak idazteko editorea ere berria da. Editore honek daukan diseinu aldaketaz gain badauzka funtzionalitate berriak, tartean TeX integratuta daukan ekuazio editore berria.

Informazio gehiago hemen.

.

PDFetan oharrak egiteko aukera

Ikasleen lanak PDF formatuan egonez gero orain Moodle-en bertan PDF horiek ireki eta oharrak zein zuzenketak egiteko aukera dago. Modu honetan irakasleentzat zuzenketa egin eta feedback-a ematea askoz erosoagoa izango da aurrerantzean. Informazio gehiago hemen.

.

Aukera berriak zereginetan

Zereginetan ikasleen jakinarazpenak kontrolatzeko, igotako lanak editatu edo ezabatzeko eta hitz kopurua mugatzeko aukera berriak agertu dira, besteak beste. Informazio gehiago hemen.

.

Hobekuntzak galdetegietan

Galdetegietan ere nobedadeak daude: galdera-mota hautatzaile hobetua dago orain, erabilerraztasuna lortzeko hainbat aldaketa egin dira (galderak bikoiztean edo mugitzean, aldaketak gorde eta editatzen jarraitzeko,…), eta txostenak ere hobetu dira.

Informazio gehiago hemen.

.

Aukera gehiago baldintzapeko aktibitateetan

Eskuragarritasuna mugatzeko baldintzak zehazteko aukerak hobetu egin dira, eta orain baldintzen konbinazio konplexuagoak egiteko aukera dago. Informazio gehiago hemen.

.

“Push” jakinarazpena Moodle Mobile app-an

Android eta iOS-erako dagoen (eta laster Windows Phone-rako ere egongo den) Moodle Mobile app ofizialak Moodle 2.7 orain badauka jakinarazpenak erakusteko aukera. Era honetako jakinarazpenak jaso nahi dituen erabiltzaileak bere profilean aukeratu ditzake (Nire profilaren ezarpenak –> Mezularitza). Informazio gehiago hemen.

.

Bertsio berriaren aurkezpen bideoak

Bukatzeko nobedadeen gainbegiratua egiten duen MoodleHQ-k prestatutako bideo sorta uzten dizuet:

Moodle 2.7 LTS Release Highlights

 

Ondo pasa oporrak!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu