Autoeraketaren paradigma gaur egun


Uztailaren 15erako Autoeraketaren bueltako topaketak antolatu ditu Lanki Ikertegiak, Aretxabaletan, MONDRAGON UNIBERTSITATEko HUHEZI fakultatean. Hemen duzue informazio gehiago eta hemen izena emateko esteka.

Baina zergatik autoeraketa topaketak?

1. AUTOERAKETAREN PARADIGMA ARO ALDAKETAREN TESTUINGURUAN

Aro aldaketa batean murgilduta gaudenaren zantzuak indartsuak dira egun, eta gizarte eredua eraldatzea nahi dugun eragileok indar-gune eta erronkaz betetako agertokia dugu parez pare. Zentzu horretan, ezinbestekoa dugu egungo egoeraren eta erronken inguruko hausnarketa egitea. Izan ere, badirudi lehenaldiko emantzipazio paradigma nagusiek alternatibak eskaintzeko indarra galdu dutela. Ia oharkabean gizarte joera indartsuek atzera bueltarik ez duen agertokira eraman gaituzte.

  • Gero eta uste zabalduagoa da modernitate kapitalista krisi estruktural eta sistemikoan dagoela. Krisia ez da soilik finantzario eta ekonomikoa, multidimentsionala da.
  • Globalizazioak eta politika neoliberalek gizartearen antolaketa eta nazio-estatuan oinarritutako eredu sozioekonomikoa eraldatu dute.
  • Euskal Herriko paisaia soziala ez da 80. hamarkadakoa. Gizarte joera indartsuek zeharo aldatu dute euskal jendartea. Eraldaketa bideak baldintza ekonomiko, politiko, sozial, kultural eta subjektibo desberdinetan jorratu behar dira.

2. PARADOXAK AGERTOKI BERRIAN

Egoera sozioekonomiko berriak erronka itzelak ditu: aberastasun eta lanpostu orokortuak sortzeko zailtasuna, sektore sozial zabal baten bizi-baldintzen prekarizazioa, politikan herritarren beharrei interes ekonomikoak gainjartzea eta desafio ekologiko eta energetikoa, besteak beste.

Horregatik, gaur egun erronka ez da soilik bizi dugun krisi ekonomikoari erantzutea: gizarte eredu berri baterako trantsizio bideak martxan jarri behar dira. Norabide honetan, egoera paradoxikoa da:

  • Batetik, badaude zentzuak egungo garapen eredu kapitalista bideragarria ez dela diotenak: ez da ekologikoki eta energetikoki jasangarria, desberdintasun sozial ikaragarriak eragiten ditu, eta, gainera, ez dirudi pertsonen zorion iturri denik. Funtsean, ez da ongizate handiagoaren sinonimoa.
  • Bestetik, kapitalismo neoliberalaren aurrean ez da aterabide sinesgarririk sumatzen. XX. mendeko emantzipazio paradigma nagusiek alternatiba gisa efikazia galdu dute, badirudi ez dutela indarrik sektore sozial zabalak bildu eta kohesionatzeko. Esan liteke eraldaketa bideek proposamen teoriko eta praktiko berriak behar dituztela.

 3. AUTOERAKETAREN INDARGUNEAK

Bide honetan, kooperatibagintzaren oinarrian dagoen gizarte-ikuskerak eta autoeraketaren paradigmak, gizarte-alternatibak pentsatzeko pista interesgarriak eskaini ditzakete.

Sinetsirik gaude komunitate edo herrigintza-logikak estrategikoak direla Estatu- eta merkatu-logiken bidegurutzearen aurrean. Kooperatibagintzaren aspirazio historikoak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du: logika ekonomiko eta politikoak garapen komunitarioaren zerbitzura jarri eta gizarte baldintzak berregituratzea, pertsonak erdigunean izanda.

Euskal Herria esperimentazio gune pribilegiatua izan daiteke norabide honetan, komunitate logiken indarra bereziki nabarmena izan baita. Herrigintzak, autoeraketak eta gizartearen auto-antolaketak komunitate-logika indartu dute, herriaren oinarrizko beharrei aurre egiteko mugimendu anitza sortuz: ikastolak, euskalgintza, kooperatibagintza eta ekonomia sozialaren dinamika berriak, esaterako. Proiektuon muineko ezaugarriak honakoak dira:

  • Autonomia: pertsonen parte hartzea da oinarria. Parte hartzea jabetzan, burujabetzan, erabakimenean eta emaitzen sorrera eta banaketan.
  • Bokazio edo funtzio soziala: etekin ekonomikoa ez da helburua, eraldaketa sozialerako tresna da.
  • Duintasunean eta berdintasunean oinarritutako organizazio ereduak, pertsona helduagoak, autonomoagoak, kontzienteagoak eta solidarioagoak sustatuko dituena.

Esperientzia ezberdinek erakusten dute Herrigintzaren logikatik eremu anitzetako erronkei erantzuterik badagoela: egitura produktiboa, hezkuntza, aisia, finantzak eta kultura, besteak beste

 4. HAUSNARKETARAKO GALDERAK ETA GAKOAK

 Autoeraketa Topaketaren markoan gogoeta eta galdera hauek partekatu nahi genituzke zuekin:

  • Egungo merkatuaren logika hegemonikoan eta Ongizate Estatuaren krisian kooperatibagintzak eta hari estuki lotutako herrigintzak badu zer edo zer eskaintzerik?
  • Herrigintza eta Komunitate logika indarberrituek, eskala handiagoan eta gizarte esparru anitzagora hedatutakoek, indarra lukete gizarte antolamendu demokratikoagoa, solidarioagoa, parte hartzaileagoa eta justuagoa eraikitzeko?
  • Baina, eragin-indarra izateko eta Estatuaren eta Sektore pribatuaren aldean espazioa eta nortasuna irabazteko ba ote dago nahikoa artikulatua eta saretua? Ez ote dago zein bere baitan bildurik, unean uneko beharrei erantzunez, isolatuegi, espazio publikoan nortasuna agertu eta alternatibarako erreferente bihurtzeko?
  • Baina ba al dagokigu guri rol edo funtzio hori? Erdigunea izan behar gara, ala osagarria den sektorea osatzen dugu? 
  • Eta, azkenik, herrigintzaren parte gara?

2 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga