Ekitaldi Akademikoa


Ekitaldi Akademikoa zer den? Motzen edo luzen? Batek baino gehiagok badaki luzerako joera dugula etxe honetan.

Motzen esanda, ekitaldi hau ikasturteari hasiera emateko modu formal bat da. Unibertsitateko Errektoreak gidatzen du, eta Eskolako Koordinatzaile Orokorra eta Euskal Herriko gainontzeko Ikastetxe Nagusietako Zuzendariak gonbidatzen ditugu.  Seriotasun eta formalitatearen lausoaz blai egiten du bere ibilbidea ekitaldiak. Orain pasa den urteko memoria azaltzen da, gero hizlari batek gaurkotasun handiko gai batean murgiltzen gaitu eta bere atzetik gaueko momenturik kitzikagarriena dator, Egoiliar Nagusien beka banaketa eta Ohorezko Egoiliar Nagusien beka banaketa.

Ekitaldi Akademikoa

 

Baina ulertuko den bezala, ekitaldi honek izugarrizko lan eskerga eskatzen du, ez baita bera bakarrik antolatzen.Hilabete lehenago hasten gara lanean eta lan talde txiki pilo bat aktibatzen dira berau aurrera atera ahal izateko: lehenengo gonbidatuekin banan banan kontaktatu beharra dago, gonbidapena egin beharra dago, luntxa antolatu, jantokiko arduradunekin menua adostu, mantenimenduko kideekin Areto Nagusiaren atontzea, ekitaldiaren gidoia egin, irakurleak aukeratu, euren testuak idatzi, gonbidatuak esertzeko sistema pentsatu eta aurrera eraman, Areto Nagusia eta jantokia garbitu eta hurrengo egunerako prest utzi, eta abar eta abar eta abar. Eta lan horrek denak egoiliar guztien kolaborazio eta laguntza eskatzen du.

Kexak eta mutur luzeak ikusten ditugu noiz edo noiz, betikoa, “nik lan pilo bat egin dut eta beste horrek ez du ezer egiten” eta horrelakoak entzuten dira. Tira, oso zaila da horrelako ekimen bat aurrera atera ahal izateko egin beharreko lan txiki guztien neurketa eta banaketa. Baina, mundu guztiak berea ematen badu seriotasunez, konpromisoz, arduraz eta jarrera eraikitzailez, Ekitaldi Akademikoak bizirik jarraituko du.

Bejondeizuela!!!

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu