Gero eta Wukrotik gertuago


 

para el blogWukroko geltokian gaude. Addisen baino bero gehiago egiten du eta maleta eta motxilak gainean eramateak ez du gehiegi laguntzen. Leireri kosta egiten zaio eguzkiak erretako sorbalda gainean motxila eramatea. Geltokia asfaltatu gabeko lur sail zabal bat da, non perimetro osoan bezeroen zain dauden autobus pila dagoen. Bi moetatako autobusak daude, berrogei bidaiarirentzako tokia duten autobus txikiak eta hamabi bidaiarirentzako tokia duten minibusak, furgoneta antzekoak.

Maleta eramaten laguntzen digun gazteak eta sarreran dagoen gizon batek minibus batera joateko esaten digute. Bertaratu eta prezio bat jartzen digute. Arrituta begiratzen diogu elkarri eta ezetz, hamabost birr direla eta ez dagoela traturik egin beharrik. Barreak, algarak, hizketaldi aztoratuak, garranga ugari. Irrifar urduri batek zipriztintzen digu aurpegia. Zer egin ez dakigula kieto gaude tximeleta asaldatu multzo baten erdian. Beste minibus bateko txoferra dirudien gizon bat hurbildu eta “where do you go?” galdetzen digula susmatzen dugu. Tximeleta gazteak baina dezente nagusigoa denez itsura fidagarriagoa hartzen diogu eta berarekin joaten gara.

Hamabost birr-eko prezioa jartzen digu baina motxilengatik berrogei birr gehiago kobratu nahi digu. Ez da posible! Orain arte inolako arazorik ez dugu izan kontu hauekin eta hiriburutik kanpo hasi behar dugu istorio desatseginekin?

Aba Melaku aipatu eta ez entzunarena egiten dute. Ez omen dute ezagutzen. Ez dugu sinisten eta berak esan dizkigula prezioak esaten diegu: bidaiari bakoitzeko hamabost birr eta motxilengatik ezer ez.

Hirugarren eta laugarren tratugile bat inguratzen zaigu eta horiekin ere emaitza berdina lortzen dugu. Azkenean minibusak baino haundiago diren ibilgailu horietako baten ondoan geundela, “To Wukro one five birr” iristen zaigu belarrira eta igo egiten gara. Inguruko tximeletek horra ez igotzeko oihukatzen digute, auskalo noiz abiatuko den. Dagoeneko ordea berdin zaigu, amorratuta gaude gu engainatzen saiatu direlako eta erabakita dugu hamabost birr baino gehiago ez ordaintzea.

Bi bidaiari besterik ez daude autobus barruan. Tigray lurraldeko emakumeen janzkera eta orrazkera dute, josturetan kolore apur bat duten soineko zuriak eta buruaren formari jarraiki eta belarri atzean askatu egiten diren hamaika txirikorda fin, hala ere atentzioa gehien deitzen duena kopetan gurutze ortodoxo bat tatuatuta dutela da.

Ordu erdi barru beste bi bidaiari igotzen dira eta ordu beteren buruan autobusa betetzear dago. Mutil gazte bat ari da autobusa betetzearen lan neketsuaz arduratzen. Aparkaleku osoan bueltaka ibiltzen da jendearen atzetik auskalo ze mila onura asmatzen bere autobusa aukeratzen duen bidaiariarentzat. Parre eta salto ugari egiten du, errege bufoien antzera.

Orduantxe ain justu hasten dira berriz tirabirak. Autobusa betetzeko lanetan dabilen mutila gerturatu eta gure motxilei begira “too much, too much” esaten hasten da, “five zero birr, five zero birr”. Gazteak aurpegi alaia du, irrifarra galtzen ez duen horietakoa eta elkarrizketa bat hastearekin batera inguruko guztiengan irripar zoro bat sortarazten duenetarikoa. Tipo jatorra.

Hortik Aurrera punttu surrealista batek jotako gertakariak datoz bata bestearen atzetik. Autobusen artean “lanean” ari den pertsona bat etorri eta gure maleta eta motxilak autobusetik jaisten hasten da, beste batekin eztabaidatu eta azken honek berriro ere beren tokian uzten ditu. Gure aurrean eserita dagoen eta beste bidaiari bat bezala aurkezten zaigun gizon edadetu bat, nahiz eta azkenean gurekin etorri ez, bitartekari lanak egiten saiatzen da. Eskatzen ari zaizkiguna ulertzen dugula erantzuten diogu, ez dagoela inolako gaizki ulertzerik, gertatzen dena ez zaigula bidezkoa iruditzen dela. Ez dugula ulertzen guk zergatik motxilengatik  ordaindu beharra izatea eta gainontzeko bidaiariek ez. Gizonak ez dela bidezkoa irizten dio eta itsura baten inguruko emakumeak ere gure alde egiten dute. Eztabaida sutsu bat sortzen da tigrineraz eta noski ez dugu tutik ulertzen, baina seguru gaude gure alde egiten ari direla. Zein garrantzitsua den ahozkoa ez den komunikazioa.

Azkenean motxilak jaisten saiatu den gizona txoferra suertatu da, autobusa martxan jarri eta Wukrorako bidea hartu du. Baina sentitzen dugun lasaitua gain behera dator Wukrora iristean. Saint Mary’s misiora heltzeko, geltokia baino lehenago gelditzen da autobusa, motxilak jaisten ditugu baina txoferrak berarekin gordetzen du azken maleta bat. Maleta lortzera igotzen naiz baina diru bat eskatzen dit ordainetan. Nik ezetz. Tipo bat kokatzen da nere atzean, ate aurrean, maleta hartu eta korrika atera ez nadin. Edo hori bururatzen zait. Ez dut pentsamendu horiekin jarraitu nahi. Ez dut borrokan hasiko geranik pentsatu nahi. Txoferrak autobusa martxan jartzeko keinua egiten du, enbido. Buelta eman eta nere tokian eseritzen naiz, ordago. Martxa sartu eta autobusa habiatu egiten da. Zirrara nazkagarri batek jotzen nau bizkarretik behera. Lasaitzen saiatzen naiz. Ez da erreza ordea. Autobus geltokira iritsi eta txoferrak maleta hartu eta geltokiko arduraduna dirudien petsona batengana jotzen du. Hor ere autobusean gertatutako antzeko liskarra ikusteko aukera daukat. Tigrinaz berealdiko eztabaida. Ondorioak nere alde egiten du. Txoferrak garraisika alde egiten du gelatik eta arduraduna dirudienak maleta eskuratzen dit. “Thank you, thank you eta thank you” eta Leiren bila jotzen dut, neska gaixoa bakarrik utzita ze ari oteko den egiten pentsatzen dudan bitartean.

 

De Haima Wukron

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu