Arrasatetik mundura, informatikari esker
Betidanik izan dut informatikarekiko zalezasun bizia. Hamaika urte nituela oparitu zidan Olentzerok lehen ordenagailua (Spectrum 48k bat) eta Oñatin ikasketak amaitu ondoren, Arrasatera, Mondragon Unibertsitateko Mondragon Goi Eskola Politeknikora, joan nintzen, informatika ikasteko asmoz.
Nire zaletasuna areagotu egin zen Mondragon Goi Eskola Politeknikoan, magiazko urteak izan ziren 90. hamarkada hasierako urte haiek. Interneten hasiera, emaila, web orriak… iraultza teknologikoaren sentimentuarekin bizi izan nituen urte haiek Arrasateko Eskola Politeknikoan. Nire jakin-min teknikoa Ikerlanen asetzeko aukera ere izan nuen, Robotika eta Adimen Artifizialeko gaietan.
Arrasateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoan azken urtean atzerriko irakasleak izan genituen, Ingalaterratik eta Suitzatik etorritakoak. Haietako batek konbentzitu ninduen Suitzara, Lausannera, (École Polytechnique Fédérale de Lausannera (EPFL) hain zuzen ere, joateko. Informatikan doktoradutza bat egin nuen Lausannen eta nire jakin-mina asetzen jarraitu nuen. Lehen mailako zientzilarien eskutik Estatu Batuetan, Berkely University-ean, eta Japonian, Fukuy University-ean, egonaldiak egiteko aukera izan nuen, Adimen Artifizialeako ikerketari jarraituz.
Urte zoragarriak izan ziren haiek, baina noizbait ikerketa alde batera utzi eta Informatikaren aplikazio praktikoak interesatu zitzaizkidan. Lausanneko IT-enpresa nagusian, ELCA-n hasi nintzen lanean orain dela hamairu urte, aplikazio disenatzaile eta proiektu-buru bezala. Harrezkeroz makina jarduera eta erantzukizun izan ditut enpresa barruan: proiektu-buru, garapen internazionalaren arduradun, Madrileko filialeko zuzendari nagusi, Züricheko departementu buru… Lausannen, Madrilen, eta gaur egun Zürichen bizitzeko aukera ere izan dut.
Informatika gaur eguneko ekonomiaren ezinbesteko euskarri bezala ikusten dut. Bankuek, industriak, ikerlariek, zerbitzu publikoek… ezin dute informatikarik gabe funtzionatu. Informatikaren erronka nagusia zera da, arlo hauen behar espezifikoak ulertzea eta konponbide egokiak eskeintzea. Zerotik programatutako aplikazioen bitartez edo merkatuan eskura diren soluzio estandarrak integratuz. Amaigabeko aukerak eskeintzen ditu Informatikak, eta hoixe da politena, aukeratu ahal izatea. Ezinezkoa da Informatikaren arlo guztiak dominatzea, bankuek behar duten Informatika eta trenak kontrolatzeko behar dena ezberdinak bait dira. Espezializatu beharra du gaur egungo Informatikoak, merkatu eremu konkretu batean edo teknologia konkretu batean adibidez. Hori bai, jakin-mina bizirik mantendu behar du Informatikoak, etengabe aldatzen ari den paisaia teknologikoari aurre egin ahal izateko.
Gaur egun nire bizia Suitzan dagoela esan nezake. Suitzar herritartasuna dut, nire emaztea Suitzarra da, eta Zürichen dugu gere etxea. Guztiz Suitzarra beraz, baina askotan gogoratzen ditut Arrasateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoko urte zirraragarri haiek nostalgiaz.
Informatikak nire bizimodua moldatu duela esango nuke. Maite dudan lanbide batean aritzeko zortea izan dut eta batez ere Informatikak eskaintzen dituen aukera ugariak dastatzeko aukera izan dut: erronka teknikoak, ikerketa, proiektu interesgarriak, bezeroen behar komplexuen analisia, gustu guztietarako erronkak eskeintzen ditu Informatikak.
+ No hay comentarios
Añade el tuyo