Egunean behin euskal joko arrakastatsuaren garatzailea den Iker Martinez de Agirre MU Informatikako ikasle ohia
Kaixo, Iker Martinez de Agirre naiz, Mondragon Unibertsitateko (MU) Goi Eskola Politeknikoan (GEP) Informatika Ingenieriaritza Gradua eta Sistema Txertatuen Masterra burutu ostean, gaur egun Eibarko CodeSyntax enpresan lanean diharduen atxabaltarra. Bi urte t’erdi pasatxo daramat lanean bertan, 2017ko abuztu bukaeran hasi nintzen eta, Master Bukaerako Lana aurkeztu eta udako oporrak igaro ondoren.
Esan daiteke lotura zuzena egon zela unibertsitatean jorratutako jardunaren eta gaur egun daukadan lanpostuaren artean; izan ere, ia hiru urtez egon nintzen ikerketako bekadun moduan Software eta ingenieritzako sistemen ikerketa lerroko proiektu europarretan (CITyFiED, Arrowhead, Rennovates, etab.) garapen lanak egiten, egun erabiltzen ditudan programazio tresnak ezagutuz: Python, Django, HTML… Masterra amaitu baina hilabete batzuk lehenago CodeSyntax-ek lanpostu eskaintza bat plazaratu zuen eta etorkizuneko aukera ona zela pentsatuz, curriculuma bidali nuen. Elkarrizketa egin ostean, abuztu bukaeran lanean hastea proposatu zidaten, eta nik baiezkoa eman.
Web garatzaile moduan dihardut bertan, aurrez esan bezala Python da gure programazio lengoaia eta nire kasuan, Django webguneak sortzeko darabilten tresna. Software librean oinarritzen den enpresa gara, arrazoi filosofikoengatik ezezik, ekonomiko eta teknologikoengatik ere bai. Backend zein frontend lanak burutu izan ditut honako guneetan: Cocinatis, Azpeitiko eta Euskararen Etxeko erreserba sistemak, Kanaldude, Mendiak.eus etab.
Egunean Behineko backend-a garatzea izan da nire ardura; datu basea diseinatu, sortu eta bertako datu irakurketa zein idazketa denak programatzea. Jokoa hedatzen joan den heinean, azpiegitura teknologikoa egokitu behar izan dugu, gaur egun dugun soluziora heldu arte. Mantentze zein garapen lanetan jarraitzen dut proiektu honekin, noizean behin gehitzen ditugun funtzionalitate berriak garatuz (zuzeneko partidak ) edota sortzen diren arazoak konponduz.
CodeSyntaxen atera genuen argazkia, Euskaraldiaren harira.
Gaur egun bizi dugun aparteko egoera honetan, CodeSyntax-eko langileok etxetik jarraitzen dugu lanean, gure jarduna ahal den eta normaltasun gehienaz burutzen, gure azpiegitura teknikoak horrela aritzeko aukera ematen digu eta.
Unibertsitateko ibilbidea bukatu zenetik urte gutxi igaro diren arren, argi ikusten dut bertan lanean pasatako denbora oso baliagarria izan zaidala nire ibilbide profesionalerako. Enpresa munduan erabiltzen diren tresnak ezagutu nituen bertan, proiektu ezberdinen eboluzioa bizitzeaz gain, hainbat partaideren elkarlanaren bitartez entitate handiko egitasmoak nola kudeatzen diren barrutik ikusita. Ia konfinamendu eta alarma egoera hau amaitzen denean bertatik pasatzen naizen bisitatxo bat egitera. Animo!
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu