Informatika eta kazetaritza elkarlana uztartzen


Arkaitz Zubiaga naiz, arrasatearra, eta Eskola Politeknikoan ikasi nauen ingeniaritza informatikoa, 2000. eta 2005. urteen bitartean. Aurretik batxilergoa ere Eskola Politeknikoan egin nuen, oraindik ere aukera hori eskaintzen zenean, eta horrek nolabait ere lagundu zidan ingeniaritza ikasten hasi aurretik eskaintza ezagutzen.

Zergatik aukeratu nuen informatika? Gogoratzen dut hainbat aukera izan nituela buruan hasieran, tartean eta batez ere informatika eta matematika. Ikastolan bi horiek nituen gustoko, eta beraz bide horretatik jarraituko nuela nahiko argi neukan. Aukerak aztertu ondoren, azkenean informatika hautatu nuen aukeren artean, batik bat lan munduan eskaintza zabalagoa zuen arloa zelako, eta nolabait ere erakargarriagoa iruditu zitzaidalako. Internet, gainera, gizarteratzen hasi berria zen orduan, eta web garapena ere gustatzen zitzaidala gogoratzen dut. Informatika ikasten ari nintzela, konturatu nintzen aukeraketa egokia egin nuela, eta ikasketak osatzen nindoala, nire interesak ere zehaztu ahal izan nituen informatikaren barruan. Bi ziren informatikaren barruan gehien interesatzen zitzaizkidan gaiak: web garapena batetik, eta datu meatzaritza eta hizkuntzaren prozesamendua bestetik, hau da, edukiak (adibidez, webguneetako testuak) automatikoki analizatu ahal izatea, tresna informatikoekin testuen esanahia ulertu ahal izateko eta datu horien erabilpena hobetu ahal izateko. Eta nire lanak ere bide hori jarraitu du azken urteotan.

Eta ezin naiz kexatu, informatika ikasi izanak lan aukera ugari ireki baitizkit, eta bidaiatzeko aukera ere eskaini dit. Eskolan ikasketak amaitu ondoren Bartzelonara joan nintzen bizitzera, eta han VilaWeb katalanezko komunikabide digitalean aritu nintzen lanean, VilaWeb.tv bideo bidezko albisteen gunea garatzen. Bitartean, baina, UNEDen hizkuntzaren prozesamenduaren gaineko masterra ikasten hasi nintzen, ingeniaritzaz gain testuaren analisiaren gai horretan sakondu nahi nuelako. Eta masterra ikasten hasi izanak doktoretza egitera eraman ninduen azkenean. Madrildik beka bat eskaini zidaten doktoretza egin ahal izateko, eta han eman nituen lau urte, 2008 eta 2011 bitartean.  Eta orduz geroztik doktorego ondoko ikertzaile moduan aritu naiz lanean unibertsitate ezberdinetan, lehenik New Yorken, City University of New York unibertsitatean, eta orain Dublinen, Dublin Institute of Technology-n. Doktoretza garaian hartutako ildoari jarraiki, datu meatzaritza eta hizkuntzaren prozesamenduaren gainean lanean darraikit.

Azkenaldian egin dudan ikerketa sare sozialetan elkarbanatzen den informazioa eta kazetaritzak informazio horretan izan dezakeen interesaren arteko lotura ikertzean zentratu da. Twitter bezalako sare sozialetan, izan ere, denetarik topa daiteke, inori inporta ez zaion informazio pertsonaletik hasita, nonbait gertatuko azken orduko albistearen berri beste inon baino lehenago jakiteraino (ikus, adibidez, New Yorkeko Hudson ibaian lur hartu zuen hegazkinaren kasua ). Honek herri kazetaritza bezala ezagutzen den fenomenoa indartu du, izan ere gaur egun edonor egon daiteke azken orduko gertakizun garrantzitsu baten lekuan, eta lekuko gisa bertako argazkia sare sozialetan elkarbanatu. Kazetarientzat informazio horrek balio handia izan dezake albisteak aberasteko, eta ondorioz informatikaren aldetik asko dago ikertzeko eta hobetzeko informazio hori eskuragarriago eta iristerrazago egiteko. Ikerketa lerro honen barruan, esate baterako, sare sozialetan bilaketak errazago egiteko tresna bat garatzen aritu nintzen duela gutxi, eta kazetariekin probatu nuen, beraiek nola erabiliko luketen ikusi ahal izateko. Asko ikasi nuen hortik, kazetariek nola erabiltzen duten Twitter sarea informazio bilaketarako, eta abar, eta tresna hori hobetu asmoz lanean nabil gaur egun. Informatikak beste lanbide ezberdinetako jendearekin lankidetzara ematen duen aukera zabala aparta da.

Sare sozialak eta kazetaritza lotzen dituen arlo horretan tresna informatikoek nola lagundu dezaketen aztertzeko beste ikerketa lan batzuk ere egin ditut. Adibidez, New York Times egunkariak egunero azalerako aukeratzen dituen albisteak, eta sare sozialetan oihartzun gehien duten albisteak alderatu nituen. Zera jakin nahi nuen: kazetariek azalean ipintzen dituzten albisteak jendeari gehien interesatzen zaizkionak al dira? Eta informatika eta programazioa baliatuz, aztertu daiteke hau, sare sozialetan albisteak zenbat aldiz zabaltzen diren aztertuz. Eta, ikerketaren arabera, badirudi kazetariek politika eta gizartearekin lotutako albisteak nabarmentzen dituztela batez ere azalean, baina jendeak nahiago ditu zientzia eta musika bezalako gaiak. Zer pentsa ematen du horrek kazetarientzat. Beste adibide bat, sare sozialetan elkarbanatzen den informazioa egiaztatzeko tresna informatiko baten garapena izan da. Sare sozialetan, zoritxarrez, informazio erabilgarriaz gain gezur ugari ere elkarbanatzen dira, eta beraz kontu handiz aztertu behar da erabiltzaile batek emandako informazioa egiazkoa den. Horretarako tresna baten garapenean parte hartu dut, kazetariei Twitter bidezko informazio bilketan laguntzeko. Nire kasuan kazetaritzarekin lotu dut dezente nire ikerketa eta programazioa, eta pozgarria da informatikak kazetaritza bezalako arlo guztiz desberdin bati zenbat eman diezaiokeen ikustea.

Beraz, argi dago informatikak eskaintzen dituen aukerak ugari direla, eta gaur egun arlo guztietan beharrezkoa den lana da. Hasiera batean espero ez nuen zerbait nabarmendu beharko banu, hori gaur egun duen disziplina-aniztasuna litzateke, edozein arlorekin nolabaiteko lotura izan eta erabilgarria izan baitaiteke informatika. Eta nire ustez behintzat, erakargarria da hori, oso. Ez naiz batere damutu 18 urte nituenean informatika ikasteko erabakia hartu izanaz.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu