Sergio Plaza Gradua Informatikako ikasle ohiaren lan ibilbidea Alemanian ezagutzen


Egun hauetan Sergio Plazaren bisita izan dugu Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Azpaldian bera ikusi gabe eta poztu gara bere berri izateaz. Hemen dugun txoko honetan bere bizipenak gurekin elkar partekatzera animatu da. Mila esker Sergio, zorte on etapa berri honetan ;-D

Sergio Plaza Pragan, MUko Garaiako eraikinean aurreneko aldiz, bisitako momentu batean
Kaixo, ni Sergio Plaza naiz, MGEP-en Informatikako Gradua bukatu nuen duela urte batzuk eta orain Alemanian nago lanean. Nire atzerriko ibilbidea Alemanian Erasmus batekin hasten da: kurtso oso bat egon nintzen Darmstadt-en, Frankfurtetik gertu. Han praktikak egin nituen enpresa batean (Fraunhofer ikerketa zentruan, Europako ikerketa zentru sare handiena).

Praktikak ez ziren bereziki zailak izan, enkriptazio sistema berri bat testeatzeko programatxo bat egitea tokatu zitzaidan. Programazio lengoaia C++ izan zen (ni Javan esperientzia gehiago dut, baina konpondu nintzen), eta askatasun asko eman zidaten lana egiteko.

Nahiz eta klaserik ez izan, unibertsitatean matrikulatu nintzen, horrela erresidentzia batean gela bat aurkitzea errazagoa zela eta. Eta gainera, ikaslea izanda, abantaila asko eskaintzen dizkizute: garraioa doan hirian eta eskualde osoan, deskontuak, unibertsitateko kurtso pila bat, gimnasioa barne,… Ni alemana eta salsa kurtsoetara apuntatu nintzen. Hortaz aparte, ikasle internazionalei laguntza eskaintzen zuten talde batean sartu nintzen, jendea ezagutzen hasteko.

Kurtsoa bukatzen ari zela, eta garbi edukita ez nuela ikasten jarraitu nahi, gurasoek lana Alemanian bilatzea proposatu zidaten, garai hartan  lan egoera Espainian hoberena ez zela eta. Eta hori egin nuen: pixkat kostatu zitzaidan, batez ere gradua bukatu gabe nuelako, baina azkenean IBM-k elkarrizketa bat eskaini zidan. Bulego berri bat irekitzen ari ziren Magdeburg-en (Sachsen-Anhalt eskualdea, ekialdean) eta jendea behar zuten. Eta bueno, IBM izanda, bai edo bai hara joan nintzen.

Magdeburgen azkeneko 5 urteak pasa ditut, eta denetatik bizi izan dut. Hiria ez da bereziki bizia, kalean inor ez aurkitzea gertatu zait arratsalde batean paseatzen (nahiz eta 230.000  lagun bizi), baina denetatik dauka, eta ez da oso handia; ordu erdian edozein lekutan egon zaitezke. Sobietar batasunak herrialdean izan zuen kontrola oraindik garbia da: sobietar estiloko eraikinak ugariak dira, eta jendea oso itxia da. Atzerritara izanda arazoren batzuk izan ditut. Hala ere, bost urte hauetan denetatik bizi izan dut: espainiar talde batekin elkartu nintzen eta denetatik egin dugu. Gogorapen onak daramatzat nirekin.

Sergio Plaza Pragan, egindako irteera batean

Informatikari lanari dagokionez, gradua bukatuta Java programatzaile bezala sartu nintzen IBMn, baina azkenean testeatzaile bezala bukatu nuen. Proiektuen artean, banku batentzat web aplikazio bat testatu nuen, kontu birtualak sortu eta haien artean mugimenduak egiteko; eta telebista kanal batentzat programazioa gestionatzeko aplikazio batekin jardunean ibili nintzen ere.

IBMn bi urte bota nituen, eta handik banku batera joan nintzen (Investitionsbank Sachsen-Anhalt). Bankua Europar Batasuneko funtsak eskualdean banatzen zituen, eta horretarako, Java garatzaile talde txiki bat zeukan. Hauek bakarrik Javarekin egiten zuten lan, beste teknologiarik gabe. Ni Javarekin esperientzia nuen, baina ez enpresan, eta taldea ni baino askoz esperientzia gehiago zuen. Beraz, asko ikasi nuen, batez ere proiektu eta bertsio gestioa, eta Java asko, baina batzutan maila nahikoa ez nuela sentitu nuen ere.

Bankuan azkeneko 3 urteak bizi ditut. Azken hilabete hauetan lagun asko Magdeburgetik joan egin dira, eta jende berria ezagutzea zaila egin da. Hori, hiria oso bizia ez dela kontuan hartuta, beste hiri batera aldatzera bultzatu dit. Aukeratu dudan hiria Düsseldorf izan da; oso gauza onak entzun ditut honi buruz, eta hemen egon naizen egunetan (aste bat daramat) desberdintasun handia ikusi dut. Düsseldorfek ia 600.000 lagun dauzka, eta gainera, nazio ugariko jendea dago; beraz, oso hiri bizia da eta jendea irekia da. Gainera, hiri handi asko daude gertu, Kolonia handiena izanda (ordu erdi trenean).

Hemen lana aurkitu dut programatzaile bezala ere, hornitzaile eta bezeroen artean agindu formatuak batzen dituen enpresa batean (nmedia deitzen da; nahiko txikia da, gehienbat EDI normekin lan egiten dute) baina egin dudanarekiko oso desberdina: orain backend programadorea naiz, eta Java (tresna grafikoekin, ia ia kodea idatzi gabe), Postgres, eta test automatikoekin egiten dut lan. Ahaztuta neuzkan gauzak dira, eta gauza berri asko daude ere, baina nire lehen astea oso positiboa izan da: ez da bereziki zaila izan, jendea laguntzeko prest dago, eta hiri paregabea iruditzen ari zait. Hemen erronka berriak gainditzeko prest nago!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu