Arizmendiarreta eta euskara


Pasa den uztailaren 16an, Mondragon Korporazioko Euskararen Mahai Teknikoak kooperatibetako euskara koordinatzaile eta batzordekideentzako Jose Maria Arizmendiarrieta eta euskara hizpide zituen hitzaldia  antolatu zuen. Hitzaldia Julen Arexolaleibak eman zuen.

Lantalan blogean  hitzaldian aipatutakoak, eta “Kooperatibak eta Euskara” liburuko hainbat pasarte josi dituzte. Honako hau da emaitza:

Mutiko euskalduna ingurune euskaldunean

Goian aipatu bezala, Jose Maria Arizmendiarrieta Markinako Barinaga auzoan jaio zen, 1915. urtean. Garai hartan Barinagako komunitatea guztiz euskalduna zen, eta gainera nahiko isolatua gune erdaldunekiko. Hori dela eta, eskolara joan arte euskara hutsean bizi izan zen Arizmendiarrieta.

Nolanahi ere, gaztelania ikasteko modua ez zen traumatikoa izan, euskara erreprimitzera ez baitziren iritsi; euskara bakarrik zekiten haurrei gaztelania irakastea zuen eskolak helburu.

Halaber, XX. mende hasierako giro hartan, eta bere familiaren bitartez, gaztetatik ezagutu eta barneratu zituen ideia kristau eta abertzaleak.

Arizmendiarrieta_argazkia

Gazte kristau euskaldun abertzalea

12 urterekin izan zuen euskal literaturarekin lehen kontaktua eta, 1931. urtean, Gasteizko apaiztegira joan zenean, euskararen aldeko jarrera inkontzientea zena kontziente bizi bihurtzen hasi zen.

Apaiztegian, “Kardaberaz Bazkuna” euskaltzale elkarteko partaide izan zen; “Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du” zen elkartearen lema. Elkartearen helburua, besteak beste, filosofian, fisikan eta beste hainbat arlotan egiten ziren lanak euskaraz ere eskaintzea zen; eta, oporrak iritsitakoan, baserriz baserri ibiltzen zen euskal etnografiarekin zerikusia zuena biltzen. Bide batez, baserritarrei ere ikusarazi nahi izaten zien harro egoteko altxor bat zutela.

Baina giro soziopolitikoa gero eta ezegonkorragoa zen, eta gerra zibila piztu zen 1936. urtean. Orduan, eta “Arretxinaga” izengoitiarekin, euskararen historiako lehen egunkari euskaldunean –“Eguna kazetan– hasi zen erredaktore lanetan. Baina frankistak 1937. urtean Bilbon sartu, eta han harrapatu zuten.

Euskararen aldeko eredurik eman eta hartu ez

Kartzelan egonaldia egin ondoren, abade ikasketak amaitu, 1940. urtean ordenatu, eta Arrasatera apaiz laguntzaile joateko deitu zuten.

Arrasate hankaz gora eta hustuta topatu zuen Arizmendiarrietak. Euskararen erabilerari dagokionez, lotsa eta beldurra nagusitu ziren. Arizmendiarrietak euskararen bukaera iritsi zela barneratu bide zuen eta, gai horrek bueltarik ez zuelakoan, beste bide bati heldu zion: eredu kapitalistari aurre eginez, herria indartu eta miseriatik ateratzen laguntzeari.

Honela zioen Jose Mari Mendizabal apaiz arrasatearrak: Alguien se podrá preguntar por qué no siguió esa trayectoria de trabajo y cultivo del vascuence. La respuesta creo que es bastante normal. En 1941 en Mondragón había hambre, miseria, ignorancia, tuberculosis, falta de viviendas, familias con hombres en las cárceles… Pienso que pensó que lo primero es lo primero.

Joxe Azurmendik honakoa esan zuen garai haietako barinagatarraz: Arizmendiarrieta, ha podido pensar, no sin razón, que en aquellas circunstancias la más mínima sospecha de simpatías nacionalistas habría significado un serio obstáculo para su labor social…

Berak bultzatutako ekintza guztietan euskarak ez zuen inolako lekurik izan. Bere idatzietan ere, Arrasatera etorri eta lehen 20 urteetan esaldi bakar bat baino ez da aurkitu euskaraz. Euskaraz etxekoekin, gerra aurreko lagunekin eta gaztelaniaz ozta-ozta moldatzen ziren zaharrekin bakarrik aritu zen.

Patxi Goikolea euskaltzale arrasatearrak ondorengo bizipenak oroitzen ditu: Eskolan berari entzuten egoten ginenean erdaraz hitz egiten zuen beti. Baginen hiru lagun edo euskal kutsua barru-barruan geneukanak (…) Gogoratzen dut guk Arizmendiarrieta tentatu egiten genuela. Behin esan genion: “Ze euskara gutxi egiten den…”. Bere erantzuna hauxe izan zen: “Zuek egin euskaraz, denok ezin dugu egin, baina zuek ahal duzuena egin!”.

Hizkuntzaren eta politika alorraren inguruan jarrera garbirik erakusten ez zuenez, hainbaten artean haserrea sortu eta kritikak jaso zituen, Gobernutik nahiz ezker iraultzailetik.

Azken urteetako berreskuratze hastapenak

Aurreko urteetan jasotako kritikek eragina izan zuten Arizmendiarrietarengan. Era berean, Francoren heriotza bazetorrela ikusten zuen, eta horrek hainbat aldaketa ekarriko zituela. Bere azken urteetan euskararen aldeko pauso txikiak ematen hasi zen: Lan Kide Aurrezkian diru-laguntzak bideratzen, kooperatiba batzuetako izenak eta estatutuak euskaratzen, “Tu Lankide“ aldizkarian euskarazko artikuluak idazten…

Gizartearen euskalduntze prozesua gero eta indartsuagoa bilakatzen ari zen heinean, Arizmendiarrieta ere euskararekiko ardura handiagoa hartzen hasi zen. Haurrek euskaraz ikasteko aukerak sortzen ari ziren eta ugaritu egin zen euskal irakasleen beharra eta, horri erantzuteko, Irakasle Eskolaren sorrera bultzatu zuen.

Hil aurretik eskuz idatzitako azken berbak ere euskaraz idatzi zituen.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu