Non matrikulatuko dut seme-alaba?


Non matrikulatuko dut nire seme-alaba? 0-2 urteko haurren guraso askori entzundako galdera da hori, bereziki aukera ugari eskaintzen duten herrietan. Galderak, baina, ez du erantzun errazik. Kasu askotan, erantzuna izan ohi da norbere ideologia-filosofiaren araberakoa. Azken batean, norbere balioen araberako hautua izan daiteke sare publikoko eskoletan, ikastoletan edo ikastetxe erlijiosoetan seme-alaba matrikulatzea. Dena den, zenbait kasutan, beste zenbait faktorek baldintzatzen dute ikastetxearen hautaketa. Etxetik hurbil egotea, hileko kuotaren zenbatekoa, inguruko gurasoen hautaketa edo zentroetako irakasleak ezagutzea izan daitezke erabakia baldintza dezaketen aldagaiak.

Guk ez dugu kontuan hartuko gurasoen ideologia-filosofia, ezta arestian aipatutako beste arrazoi horiek ere. Aldiz, haur txikienen ongizateari begira, aipatuko ditugu matrikulatzeko garaian gurasoek aintzat hartu beharreko faktore batzuk:

– Haur eta irakasle kopuruak. Aldagai garrantzitsua da gelan irakasleko dagoen haur kopurua. Ez da gauza bera gelan urte bateko 5 haur edo 9 izatea, adibidez. EAEn legeak dio 0-1 urteko haurren gelan 8 haur egon daitezkeela asko jota irakasleko, 1-2ko haurren gelan 13 eta 2-3koenean 18 haur irakasleko gehienez ere. Hala ere, salbuespenak eta kopuruetan gorabehera handiak izaten dira. Edonola ere, kontuan izan behar da, zenbat eta haur gutxiago egon Haur Hezkuntzako profesionalaren ardurapean, orduan eta aukera gehiago dituela haur bakoitzaren beharrei egoki erantzuteko. Beraz, aukeran, hobetsi behar dira masifikatu gabeko gelak.

– Espazioa. Kontuan hartu beharreko beste faktore garrantzitsu bat da Haur Hezkuntzako zentroetan eta geletan haurrentzat dagoen espazioa. Espazio handiak eta haurraren garapenerako egokiak hobetsi behar dira. Horrek esan nahi du espazioak aukera eman behar duela haur guztien beharrak egoki erantzuteko. Erantzun egokia eman behar zaie behar fisiologikoei zein behar afektibo edo sozialei, haurraren jakin-minari, esploratzeko eta jolasteko gogoari…

– Jarduerak/metodologia. Gurasook kontuan hartu behar dugu gure seme-alabek gelan zer egingo duten. Zenbait kasutan, mugatuak izaten dira haurrak jolasteko aukerak. Beste hainbatetan, haurren esplorazioa mugatzen dute zentzugabeko fitxak erreskadan egitera. Aukeran, hobetsi beharko genituzke haurraren esplorazio nahiei erantzun egokia ematen dieten zentroak; hau da, material anitza eskuragarri jartzen dietenak, haurrak mugitzera, pentsatzera, ukitzera… bultzatzen dituztenak, oso bestelako esperientziak zentzuz bizitzeko aukera ematen dietenak… Finean, haurra aktibo aritzeko jarduerak eta metodologia hobetsi behar ditugu, aktibotasun horretatik garatuko baititu haurrak bere gaitasun guztiak.

– Familia-ikastetxea harremanak. Seme-alaba non matrikulatu erabakitzeko, kontuan hartzeko faktore bat da ikastetxeak familiarekiko duen trataera. Zenbait zentrotan, oso urria da Haur Hezkuntzako profesionalen eta gurasoen arteko hartu-emana. Are gehiago, hainbat kasutan, gurasoek ozta-ozta daukate aukera ikastetxean sartzeko. Ildo horretatik, aukerak egonez gero, hobetsi beharko genituzke familia eta irakasleen arteko harremanak sustatzen dituzten Haur Hezkuntzako zentroak.

Aldagai horiek aztertu ostean, oraindik ere zalantzan egonez gero, erabakia hartzen laguntzeko gako den beste elementu bat dago. Guraso moduan zentroak bisitatzerakoan, zure kezkei, beldurrei, zalantzei, jakin-minei… erantzun egokia eman badiete, zure egoera ondo ulertuz, zure tokian jarriz eta hobeto erabakitzeko aukerak eskainiz, pentsa ezazu Haur Hezkuntzako profesional hori zure seme edo alabarekin antzera jokatuko duela eta, honenbestez, zure haurraren ongizaterako funtsezkoa den faktorea dagoela zentro horretan.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    bego

    Bat dator aipatutako aldagai guztiekin. Batez ere, kopurua eta metodologiarekin. Nire ustez funtsezkoak dira erabakia hartzerakoan. Nahiz eta espazioa egokia izan, metodologia egokirik gabe eta esku-hartze eraginkorrik ez badago…ez goaz inora!

    Eskerrik asko…

  2. 2
    ilarrea

    Ados, Bego! Metodologia funtsezkoa da baina espazioa azpimarratu nahi izan dugu espazioak berak esanguratsuki baldintza dezakeelako metodologia.

    Eskerrik asko, zuri, parte hartzeagatik!

+ Iruzkin bat laga