Irakaslearen sentikortasunaren garrantzia haurraren esploraziorako


Hazitegi taldeak artikulua argitaratu du Anales de Psicología aldizkari ospetsuan. Bertan, Haur Hezkuntzako 40 geletan egindako ikerketaren berri ematen da. Ikerketa horren helburua izan da HHko kalitatearen eta haurren ongizate emozionalaren eta esplorazioaren arteko erlazioa aztertzea. Haur Hezkuntzako kalitatearen baitan, aintzat hartu dira gelako giroa eta irakaslearen esku-hartzea. Aipatutako helburua lortzeko, 200 haur eta 40 irakaslek parte hartu zuten. Emaitzek aditzera eman zuten irakasle sentikorragoak dituzten haurrek gehiago esploratzen dutela.

Emaitzak, beste behin ere, Haur Hezkuntzan gako den sentikortasunera garamatza. Jakin badakigu sentikortasunak hiru fase dauzkala: haurren seinaleak jaso, egoki interpretatu eta seinaleei modu aproposean erantzutea. Beraz, garrantzi handikoa da haurraren behaketa, ia etengabe igortzen dituen seinale horiek jaso ahal izateko; funtsezkoa da haurraren ezagutza, ezagutzak baitakar haurrak zer behar duen jakitea seinalea egoki interpretatzeko; eta, azkenik, ezinbestekoa da esku-hartzerako eta gela bera antolatzeko irizpide egokiak izatea, horrek erraztuko baitu seinaleei erantzun egokia ematea.

Seinaleak aipatzerakoan, denoi datozkigu gogora deigarritzat har daitezkeenak, negarra, deia, oratzea…Seinale horiek garrantzitsuak badira ere, aintzat hartu behar ditugu horren deigarriak ez diren seinaleak. Hortaz, kontuan izan behar ditugu baita ere, helduaren beharra ez ezik, esploratzeko gogoa, berdinkideekin aritzeko nahia, zerbaiten aurrean lotsa edo zerbait erakusteko nahia ere adierazten dituzten seinaleak. Arreta jarri beharko genuke, beraz, haurrarengan, bere behaketari aparteko garrantzia emanez eta behatzen dugunaren arabera gure esku-hartzea eta gure gelako antolaketa (materialak, espazioak, denborak…) moldatuz. Aipatutakoa egiten badugu, haurraren esplorazioari bide emango diogu eta, bidenabar, haurrari aukera emango diogu bere ingurunea ezagutzeko.

Artikulua osorik irakurtzeko: deskarga.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu