Idazten berriz ikasi behar al dut?
Beste asko bezela, ni ere telefono adimendunen hatzaparretan erori naiz. Gaur egungo telefono ia guztiak pantailatxoan hatz puntekin egindako ikutuekin erabiltzen dira. Baita testuak idazteko ere, horretarako apropos agertzen den teklatuarekin.
Android sistemadun sakelekoek teklatu estandar bat dute, lehengo telefonoetako bederatzi botoidun (zenbaki eta letrekin) edo ordenagailutako QWERTY teklatu gisa ikusi daitekeena. Azken honek iragarpen sistema bat du, idazten gabiltzan heinean hitzak proposatuko dizkigu, pantailan horrenbeste aldiz ez ikutzeko.
Arazotxo bat dago ordea: iragarpenak egiteko hizkuntza. Euskaraz idazten ari garenean, ez dizkigu euskarazko hitzak proposatuko, ingelesez edo gaztelaniaz idazten ariko bagina bezela izango bait da. Hau izan da, nere kasuan, ezaugarri hori desgaitzearen arrazoia, lagundu baino gehiago traba egiten bait zidan. SwiftKey teklatuak, ordea, hizkuntza askoren artean, euskarazko hiztegia ere badu. Honek esan nahi du proposatzen dizkigun hitzak euskarazkoak izango direla, hala konfiguratuta badugu behintzat. Gainera, SwiftKey Gmail edo Facebook-en idazterakoan egin dugun hitzen erabilera ikasteko gai da, eta guk idatzitakoa hiztegira gehituko du.
Esan beharra dago QWERTY teklatuak “erosoak” egiten zaizkigula letren posizioa buruz dakigulako, edo behintzat oso ezaguna zaigulako, lehenengo idazteko makinen garaitik ez bait da posizio hori aldatu. Ez behintzat modu nabarmenean. Hala ere, badira ildo horrekin apurtu nahi duten zenbait garatzaile, eta hurrengo bi teklatuak horren adibide dira:
- 8pen: idazteko garaian, letrak ez daude “botoietan” antolatuta. Teklatua lau sektore eta erdiko puntu baten dago banatuta. Hatzarekin egindako zirkunferentzia zatiekin idazten da. Zirkunferentziaren hasiera eta bukaerako sektore eta norantzaren arabera, letra bat hautatuko dugu. Ez zait erraza egiten nola egiten den azaltzea. Agian bideo bat ikusita hobeto ulertuko da.
http://youtu.be/q3OuCR0EpGo - MessagEase: ez da 8pen bezain desberdina, baina idazteko modua aldatzen da. QWERTY teklatuetan, letra bakoitza ikutu behar da. MessagEase teklatuan, bederatzi laukitxo daude. Laukitxo horietan, konfiguratutako hizkuntzaren arabera, bederatzi letra erabilienak agertzen dira. Gainontzeko letrak dagokion laukitxoan behatza irristatuta lortzen dira. Ulertu duzue? Hau ere bideo azalpen batekin hobeto izango litzateke, ezta?
http://youtu.be/26ayS-Ita6g
Beste asko gehiago ere badaude, baina zuen esku uzten dut norberari gehien komeni zaiona bilatzea.
Ah! Friki bat naizela esango duzue. Testu honen zati on bat MessagEase erabilita idatzi dut nere sakelekotik. Teklatu berri bat erabiltzen ikasteko, idaztea baino hoberik ez dago. Dena den, askoz erosoagoa da ordenagailuan idaztea testu luzeak, eta telefonoa mezu laburrak bidaltzeko erabiltzea.
Gaur tablet-entzako teklatu ikustezin baten berri izan dut eta post honekin gogoratu naiz. Egia esan ez dut idazteko modua oso ondo ulertu baina tira:
http://www.microsiervos.com/archivo/gadgets/teclado-asetniop.html
Interesgarria, Iñigo. Ideia berritzailea dirudi, baina artikuluan esaten den moduan, pantaila handietarako pentsatuta dagoela dirudi (tabletak), sakelekoen pantaila txikiegia da teklatu horretarako.
Ikasteko ere zaila izango ote den beldurra dut.
Teklatu berri honetan proposatzen dena, hatz bakoitzeko tekla bat edukitzea da. Tekla bakoitzak letra bat idazten du (A S E T N I O P), eta gainontzeko letrak tekla konbinazio desberdinen bidez sortzen dira (lehenengo eta bigarrena batera sakatuta, W adibidez).
Ez dut nere burua honelako bat erabiltzen ikusten…