Google Analytics-i MUko webguneetan zukua ateratzen


Jakina denez, Google Analytics-ek eta bere moduko beste herramintek zure webguneetako bisitarien profilak ezagutzen oso lagungarriak izan daitezke. Horien artean, esate baterako, bisitari horien nabigatze ohiturei buruz  nahiko informazio atera eta tendentziak ikus ditzakegu.

Gaurko honetan gure webgunearen eta gure Moodle plataformaren datu guztien artean bitan jarriko dugu arreta: nabigatzailea eta gailu mugikorrak. Analytics-en 2010eko hasieratik ditugu Moodle-eko datuak, beraz ordutik orain arteko datuen konparaketa egingo dugu. www.mondragon.edu webgunean erabiltzaile profila nahiko generalista da, eta Moodle-en ordea bisita gehienak MUko irakasle, ikasle eta langileenak dira (askoz eremu itxiago beraz), eta ikusiko dugunez bien artean diferentzia batzuk daude.

Nabigatzaileak

Garai batean ez bezala, gaur egun nabigatzaileen mundua nahiko plurala eta bizia da, eta atera ditugun datuak ‘nabigatzaileen guda’ deitu izan den horren erakusle dira.

  • Internet Explorer gainbeheran dator eta erritmo bizian gainera, %50etik behera dago jada; Moodle-en IE-ren erabileraren jeitsiera konkretuki oso nabarmena da, eta kuota %36koa bakarrik da jada.
  • Google Chrome bere aldetik oso azkar hazten ari da eta Internet Explorer-ek galdutakoaren gehiena berak eskuratu du, gaur egun %12-14 inguruko kuota du jada.
  • Mozilla Firefox-ek bere aldetik kuota mantendu du; Moodle-en Firefox-en erabilera www.mondragon.edu-n baino 10 puntu gorago dago eta bertan duen %42ko kuotak lehen postua eman dio jada.
  • Hiru nabigatzaile nagusiez gain nabarmendu daiteke Safarik ere hazkundea izan duela, kuotaren %5 duin bat lortu arte; bestelako nabigatzaileen kuotak batuta %0.5a besterik ez daukate.

Gailu mugikorren erabilera

Azken bolada honetan nabarmendu daitekeen fenomeno bat mugikortasuna da. Azken urtean smartphone eta tablet deiturikoen hedapena nabarmena izan da, eta horren ondorioz gailu horietatik nabigatzen dutenen kopurua ere gorantza joan da, baina zenbat?

  • Hazkundea oso nabarmena da: www.mondragon.edu-n gailu mugikorretatik datozenen kopurua %437 bat hazi egin da 14 hilabetean; mudle.mondragon.edu ere hazkundea garrantzitsua izan da, %330koa hain zuzen ere.
  • Momentuz gailu mugikorretatik datozen bisitak %1a baino gutxiago dira, baina urtebetean hazkundea hain nabarmena izanda etorkizunean pisua irabazten jarraituko dutela dirudi.

  • Apple-n gailu desberdinek daukate kuotaren gehiengoa, eta horien artean iPhone-a da nabarmenena (%38eko kuotarekin) baina iPad-a ere oso hazkunde azkarra izan du.
  • Bestelakoen artean Android da hazkunderik nabarmenena izan duena (SymbianOS ere oso zenbaki politak ditu), eta besteek agerpen testimoniala besterik ez dute.

Ondorioak eta galderak

Nabigatzaileei dagokienez, IE-ren ‘diktadura’ batetik IE-Firefox eredu ‘bipartidista’ batera gindoazela irudi luke orain dela urtebete, baina Google Chrome-ren hazkunde azkarrak (eta neurri txikiago batean Safarirena) panorama aukera-anitz batera garamatza, erabiltzaileentzat onura ekarriko duena duda gabe.

Gailu mugikorrei dagokienez, erabilera oso esporadikoa izatetik askoz ohikoa izatera pasa da (eta hazten jarraituko duenaren itxura dauka). Webguneak gailu hauetarako optimizatzeak garrantzi handiagoa izango du aurrerantzen.

Zuek beste ondoriorik atera duzue?

Bestelako daturik jakiteko gogoekin geratu zarete? Hala bada esan eta argitaratuko ditugu.

Eguneraketa (2011-03-15): www.mondragon.edu webguneak 2008ko urtarriletik jasota dauzka bisiten datuak, eta nabigatzaileen inguruan hiru urte hauetan izandako bilakaera oso adierazgarria iruditu zait, eta horregatik hona hemen grafikoa:

3 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Ibai Jurado

    Smartphone-en Boom! honekin mugikorren sarrerak gero ta gehixau izango dira. Baina “bisitak” ez dia hainbesterako web edukia mugikorrendako moldatuta ez dagoelako.

    Feed zerrenda eguneratu beharko dot jaja. Besarkada bat ta apirilean ikusiko gara!!

  2. 2
    izendegi

    Hala da bai, Ibai; smartphone-ek Internet-en nabigatzeko era eraldatzen ari dira eta edukiak eredu horretara moldatu beharko dira.

    Ondo ibili Bartzelonatik eta (diozunagatik) laster arte!

    P.D.: Post-ari gehigarri bat atxikitu diot nabigatzaileen bilakaeran beste grafiko batekin.

  3. 3
    Ibai Jurado

    Ta oraindik internet explorrera nagusi??… gero ta gutxio gelditzen jako! jajaja. Irailean baietz harrapau firefox-ek!! Ez dut uste lehenau harrapauko duenik…

+ Iruzkin bat laga