Lan aukerak Bizkaian. Non aurkitu dezakegu lana?


Gazteria eta enplegua lelopean azaroak 25ean jardunaldia antolatu zen Bilbon. Bertan Bizkaian zein lan aukera dauden aztertu zen. Hizlarien artetik  Sara de la Ricak (EHUko katedraduna eta lan merkatuan aditua) eta Iratxe Aristegik (Soziologian doktorea Deustuko Unibertsitatean) esandakoak aipatu nahi nituzke.

Jardunaldian hainbat gai jorratu ziren, alde batetik gazteek dituzten ikasketak eta lan merkatuak eskatzen dituen profesionalen arteko egokitasuna, orokorrean ona dela aipatu zen, hala ere badaude desfase batzuk, adibidez, biozientzietan.

Bestalde, gazteen artean konpetentzia profesionalak garatzeko premia ikusten da, oraindik teoria praktikaren gainetik dago. Lan merkatuak oinarrizko prestakuntza sendoaz gain espezialistak eskatzen ditu, beste zeharkako konpetentzia batzuk ahaztu gabe, jarrera positiboa eta ekintzailea, esfortzua, talde lanean ekiteko  gaitasuna, konpromisoa, sormena, hizkuntzak, mugikortasuna.

Bizkaian enplegu gune sortzaileen artean automobilgintza, energia berriztagarriak eta aeronautika aipatu ziren, bestalde hirugarren adinekoei zuzenduriko zerbitzuetan eta turismo arloan ere ikusten da lanpostu berriak sortzeko aukera. Azkenik informatika, komunikazioa, ingeniaritzan ere lanpostuak sortuko direla aipatu zen.

Sara de la Ricak aipatu zuen Bizkaian lanpostuen galera gelditu egin dela, honela 19.000 lanpostu galdu diren bitartean beste 28.000 pertsonek lanpostua aurkitu dute azkenengo hiruhilekoan. Lanpostu berri hauetatik %80 zerbitzuetan sortu dira, %15 industrian eta % 5 eraikuntzan. Lanpostu berrietatik 3tik 1 teknikari profesional  kategoriakoak izan dira, 10etik 9 behin behinekoak.

Guzti hau kontutan harturik zer eraman beharko luke gazte batek motxilan?

Sara de la Ricaren hitzetan ikasketak amaituta izan arren gazteek  prestatzen jarraitu beharko dute hizkuntzen hobekuntzan. Motxilan prestakuntzak ez du tokirik okupatzen. Jarrera positiboa, eraginkorra eta lana ondo egiteko ilusioa beharko dute eta noski mugikortasuna. Argi dago, zenbat eta prestakuntza handiagoa langabezia tasa baxuagoa. Egia da lan  eskaintzak asko jaitsi direla baina lan bilaketari denbora eskaini behar diogu. Langabezia unibertsitateko titulatuen artean %8koa da.

Azpimarratzeko beste gai bat Iratxe Aristegi soziologoak aipatutako izan zen, aurrera egiteko oinarrizko balio batzuen galera egon dela eta hauen artean esfortzuarena, konpromisoarena eta solidaritatearena eta horren aurrean indibidualismoa eta lehiakortasuna gailentzen direla esan zuen.

Bukatzeko, aipatu zuten lana aurkitzeko lana egin beharra dagoela, gu bezalako ikasketa eta esperientziarekin jende asko dago beraz gu ezberdina den zerbait eskaintzen saiatu behar gara.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu